Literatura

Ramon Olasagastik 'Memoriaren giltza' gazteentzako eleberria plazaratu du

Ezkabako mendian topatutako hezurdurak eta Zubixarreko siman aurkitutako giltzatzar herdoildu bat dira istorioaren abiapuntu. Olasagastiren laugarren haur eta gazte literaturako lana da, eta Erein argitaletxeak kaleratu du.

Ramon Olasagasti idazlea 'Memoriaren giltza' liburuaren aurkezpenaren ondoren, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ramon Olasagasti idazlea 'Memoriaren giltza' liburuaren aurkezpenaren ondoren, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko uztailaren 11
05:10
Entzun

Memoriaren giltza memoria historikoa «bizirik eusteko ariketa txiki bat» izan dela aitortu du Ramon Olasagasti kazetariak: «1938ko maiatzean San Kristobal gotorlekutik ihes egindako 795 presoen gertaerak irakurtzeak barruak mugiarazten dizkit, eta ipuin hau gure historia hori gazteengana gerturatzeko ariketa xume bat da». Istorioaren abiapuntua Ezkaba mendian (Iruñerria, Nafarroa) agertutako hezurdurak dira. Hari gidariak Tania eta Indio protagonisten aztarrikak dira, eta hari horretatik adarkatuko dira iraganari erreferentzia egiten dioten beste kontakizun paralelo batzuk. Erein argitaletxearekin plazaratu du egileak haur eta gazte literaturako bere laugarren lana.

Bi gazte protagonisten ibilaldien atzean gai «gordinak» eta «sakonak» ezkutatzen direla aipatu du idazleak. 1937. eta 1945. urteen bitartean San Kristobal gotorlekua espetxe izan zen, eta, bizirik atera ziren lekukoen nahiz historialarien arabera, hango baldintzak «oso gordinak» ziren. Esaterako, preso asko birikeriak jota, jipoituta edota gosez hil zituzten. 1936ko gerra piztuta zegoenean, 1938ko maiatzaren 22an, mundu osoan inoiz izandako preso ihesaldi handienetariko bat jazo zen. Hurrengo egunetan, giza ehizaldi «krudela» gertatu zela azaldu du Olasagastik, Ezkabaren iparraldean dauden herrietan, eta testuinguru horretan kokatu du eleberria.

Zeharka, beste gai batzuk ere jorratu ditu kazetariak liburuan. Batetik, migrazioaren gaia mahaigaineratzen du, Taniaren bitartez. Bestetik, dolua, Indiok bere aita mendi istripu batean galdu baitzuen. Horrez gain, Olasagastik mendian hildako lagunei omenaldi txiki bat egin nahi izan die. Areago, pertsonaia nagusia bere lagun baten azaletik idatzita dagoela aitortu du. Indio eta Taniaren ibiliak nostalgiaz kontatu dituela adierazi du idazleak, nerabeak zirenean horrela ibiltzen baitziren bere sorterrian, Berrobiko landaguneetan.

Lekukotzak oinarrian

Bizirik atera zirenen eta historialariek bildutako lekukotza dokumentuetan oinarritu da Olasagasti liburua idazteko, eta historialarien lana eskertu du, tartean, Felix Sierra, Iñaki Alforja eta Txinparta Elkartearena. Horrez gain, auzi bera hizpide duen Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia (Pamiela, 2016) liburua goraipatu du.

Erein argitaletxeak gazte literaturaren bilduman argitaratu du eleberria, baina irakurle ororentzako modukoa izan daitekeela iritzi dio egileak: «Haur zein gazte literaturako liburuekin gozatu ederrak hartutakoa naiz, eta, nire ustez, ez da kontua literaturari langak edo barrutiak jartzea».

Donostiako Liburu Azokaren programazioaren barne aurkeztu dute liburua idazleak eta Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak. Uztailaren 5etik 14ra liburu denda, argitaletxe eta banatzaileen nobedadeak salgai egongo dira Gipuzkoa plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.