Hamabi musika, dantza eta operaemanaldi izango dira Donostiako Kursaaleko auditoriumean datozen udazken-neguetan. Atzo eman zuten zentroko arduradunek Kursaal Eszena programan antolatutako ekitaldien berri. Urriaren 9an abiatuko da denboraldia, otsailaren 12ra arte.
Aurkeztutako emanaldi guztien artean, Ohiberritze ikuskizunak piztu du arreta bereziki. Abenduaren 18an emango dute, Donostia 2016ko itxiera ekitaldien egitarauaren barruan. Antolatzaileek azaldu dutenez, «euskal sustrai kulturalak gaur egunera» ekarriko dituen ikuskizuna izango da, Parisko Udazkeneko Jaialdiarekin batera ekoitzia. Maurice Ravel eta Ramon Lazkano euskal konpositoreen obrak jasoko ditu ekitaldiak, eta, hain justu, Lazkanoren lan bat estreinatuko dute. Ensemble L'Instant Donne taldea eta Prometeo hirukotea —Marta Zabaleta pianistak, Asier Polo biolontxelo jotzaileak eta Massimo Spadano biolin jotzaileak osatua —ariko dira, eta Zuberoako dantza eta kantu tradizionalak ere izango dira. Tito Ceccherinik zuzenduko du «tradizioa eta berrikuntza» uztartuko dituen ekitaldi berezia.
Denboraldia, halere, Jordi Savall viola jotzaileak zabalduko du, urriaren 9an. Kursaal Eszenako arduradunen arabera, «antzinako musikaren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat izateaz gain, viola da gamba interpreterik hoberenetakoa» da Savall. Hark berak sortutako Capell Reial de Catalunya eta Hesperion XXI taldeekin batera ariko da, Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrenari eskainitako Bidaia, amets eta utopietan emanaldian.
Musika klasikoaren alorrean, gainera, Cadaquesko Orkestraren kontzertua izango da urriaren 23an, Sir Neville Marriner britaniar zuzendari ospetsuak gidatua. Sttugarteko Irratiko Orkestra ere Donostian izango da, azaroaren 14an, eta XX. mendearen lehen erdiko «funtsezko bi obra» emango ditu, Chistoph Eschenbachen zuzendaritzapean. Era berean, Suisse Romandeko Orkestraren Beethoveni eskainitako kontzertua izango da 2017ko urtarrilaren 29an. Jonathan Nottek zuzenduko du orkestra.
Georges Bizeten Carmen operak itxiko du musika klasikoari eskainitako esparrua, eta bide batez, Kursaal Eszenako denboraldia bera. Otsailaren 10ean eta 12an bitartean emango dute Donostiako Opus Lirica konpainiaren ekoizpena. Maria Jose Montielek, «gaur egungo mezzosopranorik aipagarrienetako batek», jokatuko du obrako rol nagusia.
Musika garaikidea
Bestelako musika eskaintzak ere izango dira Kursaalean. Bill Frisell jazz gitarrista, esaterako, urriaren 26an izango da Donostian, eta «Klazisimo beltzaren pizkundean izen handienetako bat dena», Lee Fields, berriz, urriaren 9an. AEBetako rhythm and bluesaren izen handienetako bat da Fields, eta The Expressions taldeak lagunduta joko du.
Dantza emanaldi bakarra izango da, baina ez nolanahikoa: azaroaren 8an eta 9an, Momix konpainia ezaguna izango da Kursaalen, eta 35 urteko ibilbidearen pieza ikusgarrienen bilduma aurkeztuko du. Cirque du Soleilen aurrekotzat du askok Momix.
Euskal kantek ere tokia izango dute, Donostiako Kantu Zaharren Afaria izeneko ekitaldiaren bitartez. Anjel Mariezkurrenak zuzenduta, afaldu eta euskal kantak abesteko aukera izango dute bertaratutakoek, abenduaren 3an. Azkenik, haurrentzako bi musika emanaldi izango dira: El nuevo traje del emperador (urriak 15) eta Zirku Hegalaria (abenduak 3). Kontzertu klasikoetarako abonamendua urriaren 9ra arte eskuratu daiteke, eta edozein saiorako sarrerak, irailaren 2tik aurrera.
Donostiako 77. Musika Hamabostaldia
Ramon Lazkanoren obra baten estreinaldia izango da Kursaaleko sasoi berrian
Hamabi ikuskizun programatu ditu auditoriumak, otsail arte. Besteak beste, Lee Fields musikaria eta Momix dantza konpainia izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu