Ramon Labaien elkarrizketatu du 'Jakin'-ek 'Historia bizia' sailean

Agustin Arrieta Urtizberearen lan bat eta 'Egunen gurpilean' saila ere eskaintzen du 196. zenbakian

Ramon Labaienek Imanol Murua Uriaren galderei erantzun die. A. C. / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Imanol Murua Uria kazetariak Ramon Labaieni egin elkarrizketa luze eta sakona (ia 70 orrialdekoa) eskaintzen dio Jakin aldizkariak irakurleari 196. zenbakian. Ramon Labaien 1928an jaio zen Tolosan. Antonio Maria Labaien idazle eta Tolosako alkate zenaren semea da Ramon Labaien. 36ko gerra piztu zenean familia osoak Lapurdin hartu zuen babesa. 1944an itzuli zen Gipuzkoara, Donostian batxilergoa bukatzera. KImika ikasketak egin zituen gero Madrilen. Francisco Francoren hil ondorengo urteetan buru-belarri murgildu zen politikagintzan. 1978an Donostiako behin-behineko udal taldean presidenteorde izan zen, Ramon Jauregi sozialista presidente zela. Ondoren, Jesus Mari Alkainekin alkateordea izan zen. Frankismoaren ondorengo lehen Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen, Carlos Garaikoetxearen gobernuan. Euskarazko telebista eta irrati publikoak Labaienen agintaldian sortu zituzten; baita HABE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzerti eta Euskararen Legea ere.

Donostiako alkatea izan zen 1983tik 1987ra bitarte; EAJren zatiketak alkatetzako legealdiaren erdi-erdian harrapatu zuen: 1987an ere Donostiako EAJren alkategaia izan zen, baina bi zinegotzi baizik ez zituen atera haren zerrendak. Enpresa pribatura itzuli zen urte berean, arma fabrika batera. Gai militarretan aholkulari izan da geroztik, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.

Elkarrizketak Labaienen bizitzan eta obran sakontzen du, biografia osoa errepasatuz eta egindako lan askotarikoei erreparatuz. Metal zurizko soldadutxoak egiteko zaletasunak ere badu tarterik, alor horretan munduko artisau entzutetsuenetakoa ere bai baita elkarrizketatua.

Historia bizia sailaren hamaseigarren emanaldia da Ramon Labaienena. Aurreko urteetan Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zabala, Jean Louis Davant, Xabier Gereño, Iñaki Beobide, Gotzon Garate, Imanol Urbieta, Jose Antonio Arana Martija, Balendin Lasuen, Ander Manterola, Joseba Intxausti eta Jean Haritxelharren bizitza eta lanari buruzko testigantzak bildu ditu Jakin-ek sail horretan.

Horrez gain, Agustin Arrieta Urtizberearen Kultura eta natura, zein baino zein artikulua eta Egunen gurpilean ohiko saila ere eskaintzen ditu Jakin-ek. Giza nortasunaren ezaugarririk behinenak ezagutzeko orduan kulturaren edo naturaren lehentasunaren inguruan sortzen den eztabaida filosofikoari buruz idatzi du bere lana Arrieta Urtizbereak. Giza izaeraren zehaztapenean lehentasuna kulturari dagokiola defenditzen duen Jesse Prinz filosofoaren Beyond Human Nature (2012) idazkia abiapuntutzat hartuz, eztabaida horretako bi auzi nagusiri heltzen die: giza hizkuntza eta balio moralak, sortzetikoak edo kulturalak dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.