Literatura

Ramon Andres, soiltasunean sakon

Castillo Suarezek Ramon Andresen poemen antologia bat apailatu eta euskarara ekarri du: 'Oihangintzako eskuliburua'. Poema guztiak batzen dituen haria zuhaitza da.

Ramon Andres eta Castillo Suarez, Donostian. JON URBE / FOKU
Ramon Andres eta Castillo Suarez, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Antología del Norte kontuan hartuz gero, bigarren liburua argitaratu dio Pamielak Ramon Andresi (Iruñea, 1955). Hauxe du, ordea, euskarara ekarritako lehena, eta beste poeta baten eskutik egin du bidea. Poeta ez ezik, filologoa eta euskaltzain osoa ere bada Castillo Suarez (Altsasu, Nafarroa, 1976), eta Andresen antologia apailatu duenez gero, baita behin-behineko itzultzailea ere.

«Baztango alkate Joseba Otondoren erruz gaude hemen», esan du Suarezek. Izan ere, Andres, saiakera ezagun ugariren egilea ere badena, Elizondon bizi da azkenaldian, eta haren presentziak argitalpen baterako arrazoia eman zion udalari. Otondok gauza xume bat omen zuen gogoan Suarezengana jo zuenean: «Poema batzuk hautatu, horiek itzuli eta liburuxka moduko bat egiteko enkargua egin zidan». Plana, baina, Pamiela argitaletxearen asmoarekin gurutzatu zen, eta liburuxka xume bat behar zuena liburu bilakatu zen.

40 testu ditu Oihangintzako eskuliburua-k; horietarik bakar bat hautatu du egileak, eta gainontzeko guztiak, 39, apailatzaileak. Antología del Norte-koa ez beste abiapuntu baten bila,Andresen poesia osoa berrirakurri du Suarezek. Bere bildumarako aintzat hartu dituen liburuen artean, Poesía reunida (Lumen, 2016) eta Los árboles que nos quedan (Hiperion, 2020) nabarmendu ditu. Antología del Norte (Pamiela, 2022) liburutik, berriz, idazleak berridatzi eta aldatu dituen poemak besterik ez ditu kontuan hartu. Leitmotiv batek eta berak ematen die batasuna poema guztiei. Hain zuzen ere, zuhaitzak.

Itzultzailearen esperientzia

Suarezek langintza zaila izan duela aitortu du. Batetik, Oihangintzako eskuliburua bere lehen itzulpen lana izan duelako, eta ez delako itzultzaile profesionala. Eta, bestetik, liburuaren batasunari erreparatu diolako: «Andresen poesia oso aberatsa da, poema mordo bat du naturaz, eta ez da erraza izan haien arteko lotura egitea». Alderatzen hasita, zailagoa egin zaio aukeraketa bera, euskaratzea baino. Beharbada Fernando Rey editore eta zuzentzailearen laguntza izan duelako bigarren zeregin horretan, bereziki, jatorrizko testutik urrundu eta askeago jokatu behar izan duenean: «Lasaitasun handia eman dit».

Esperientzia handiko itzultzailearen babesaz harago, bestelako aholkularirik ere izan du Suarezek: «Naturaren irudiak euskaraz emateko hitzak aukeratzen Juan Cruz Iriarte mendizain arizkundarrak lagundu dit».

«Andresen poesia oso aberatsa da, poema mordo bat du naturaz, eta ez da erraza izan haien arteko lotura egitea».

CASTILLO SUAREZAntologiaren apailatzailea

Musikaltasuna eta tonua

Suarezen aburuz, Andres poetaren dohainetako bat musikaltasuna da: «Presa batean bizi den jendeari oharkabean pasatzen zaizkigun hotsei asko erreparatzen die». Definitzekotan, gogoeta egiteko poemak direla ere esan du, «ez baitira liriko hutsak, eta denek ematen dutelako zer pentsa». Hain zuzen horregatik, aforismoei ere aparteko tokia egin die antologian. Genero zaila da, inondik ere; apailatzailearen ustez, «oso jende gutxik egiten ditu aforismo onak eta sakonak». Alde horretatik, eredugarria iruditzen zaio Andres.

Apailatzailearen erronketako bat tonua asmatzea izan da: «Baztan-Bidasoa eskualdeari erakusten dion miresmenak beldurra ematen zidan, ez ote zen hanpatuegi geldituko euskaratzean». Bi hizkuntzen arteko jauzian emaitza sinesgarria lortu nahi zuen, miresmen hori «zintzoa» izan zedin, idazlearen lanarekin bat etortzeko.

«Baztan-Bidasoa eskualdeari erakusten dion miresmenak beldurra ematen zidan, ez ote zen hanpatuegi geldituko euskaratzean».CASTILLO SUAREZAntologiaren apailatzailea

Lander Majuelo Pamielako editoreak «tonu pesimistarik eza» azpimarratu du: «Akaberaz ari denean ere, izpiz betea da Andresen begirada». Suarezi kontrasteek eman diote arreta, eta oso gustagarriak egin zaizkio. «Heriotzaz hitz egiten du, baina bizitzari erreparatzen dio aldi berean; edota aziendaz ari da, baina animalia basak aipatzen ditu». Alde horretatik, Andresen «jauziak» goraipatu ditu Suarezek, eta Baztan bera ere jauzi horien adibide dela azaldu du: «Izan ere, naturagune zoragarri bat da, baina ez dago isolatuta; errepide batek zeharkatzen du, eta pasako jendea eta turistak agertzen dira».

Andresen «soiltasunaren sakontasuna» ere erronka izan da Suarezentzat: «sinplea eman dezake, baina sakontasun handikoa da, eta hori jasotzea zaila izan da».

Baztan-Bidasoaren lilura

Andresek gurasoekin paseoan joaten zenetik ezagutzen du Baztan, eta geroztik beti izan du hango zenbait elementuren mina, hala nola klimarena edo paisaiarena: «Beti behar izan dut Iparraldea, baina ez ikuspegi erromantikotik, ikuspegi fisiko eta oinarrizko batetik baizik». Behar fisiko hori, haren hitzetan, gertuago dago atomista grekoen pentsamoldetik, idealizaziotik baino. Haren arabera, ezin dira bereizi oihana edo euria eta sentitzeko edo pentsatzeko modua.

Poetak «Baztango tenpoa» miresten du: «Tenpo hori anakronikoa da, baina ez zaharraren zentzuan, kanpo dagoenarenean baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.