Wainuri Kahiuk zuzendutako Rafiki ekoizpen kenyarrak eta Floriane Devigneren Ni d'Eve ni d'Adam, Une historie intersexe frantziarrak irabazi dituzte DOK saileko sari nagusiak 16. Zinegoak jaialdian, Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoan. Azken horrek intersexualitatearen gaia lantzen du, eta Aniztasun eta Giza Eskubideen Sari Nagusia ere lortu du..
Rafiki-k, berriz, Zuzendaritza Onenaren Sariaz gain, Lesbianismo eta Generoaren Saria ere eskuratu du. Wanuhi Kahiu zuzendari eta gidoilaria ez zen izan, atzo gauean, Bilboko Elkarte Filarmonikoan eginiko sariak emateko ekitaldian, baina gutun baten bitartez eskertu zituen sariak, eta jakinarazi zuen horiei dagokien dirua «denontzako giza eskubide hobeak lortzeko borrokara» bideratuko dituela.
Fikziozko lanik onenaren saria, ex aequo, Alvaro Delgado-Apariciok zuzendutako Retablo-k eta Natasha Merkulova eta Eleksey Chupoven The Man Who Surprised Everyone-k jaso zituzten. Epaimahaiak azpimarratu duenez, «biek oso eszena zainduak dauzkate, eta oso modu zehatzean islatzen dituzte teorian atseginak diren munduak. Baina mundu horrek bortizkeria gordina eta latza ezkutatzen du, eta protagonistek LGTB kolektibotik harago doazen gatazkari eta muga guztiei aurre egin behar diete».
Fikziozko atal horretan bertan, Yen Taneren 1985 lanak irabazi du gidoirik onenaren saria.
KRAK sailari dagokionez, pelikula onenaren saria Bertrand Manricoren Les garçons sauvages-ek eta Avengelia Kraniotiren Obscuro barroco-k jaso dute, ex aequo.
Euskal Aktoreen Batasunak, berriz, Felix Maritaudi eman dio aktorerik onenaren saria, Sauvage lanagatik, eta taldeko antzezpenik onenarena Natalia Kudryashovarentzat izan da (The Man Who Surprised Everyone).
'Rafiki' eta 'Ni d'Eve ni d'Adam' saritu dituzte Zinegoak jaialdian
'Retablo'-k eta 'The Man Who Surprised Everyone' film luzeek fikziozko lanik onenaren saria jaso dute, 'ex aequo'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu