Rafael Berrio ulertzeko

Musikari donostiarraren sormen lana erakusteko, erakusketa bat jarri dute ikusgai Donostian. Argazkiak, libretak, musika tresnak eta beste bildu dituzte

Rafael Berrioren entsegu lokala berregin dute Ernest Lluch kultur etxean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Martxoak 31. 2020. urtea. Pandemiaren hedatze garaian eta itxialdi erabatekoan iritsi zen albistea: Rafael Berrio musikari donostiarra gaurko egunez hil zen orain dela urtebete, 57 urterekin. Berrioren hiru lagun, Cheli Lanzagorta musikari eta diseinatzailea, Joserra Senperena pianista eta moldatzailea eta Sergio G. Cruzado musika promotorea zendutako lagunaren omenezko kontzertu bat antolatzeko ideiari bueltaka hasi ziren egun hartan bertan. Urtebete igaro da ordudanik, eta jaialdi bat prestatzeko ideia hark beste norabide batzuk ere hartu ditu denbora honetan guztian. Horiek horrela, gaur bertan irekiko dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean Yo ya me entiendo. Rafael Berrioren paradoxak izenburuko erakusketa, maiatzaren 22ra arte ikusgai egongo dena, eta, denbora tarte horretan, kantugilearen lana aztertuko duten hainbat hitzaldi, solasaldi eta emanaldirekin batera, hainbat kontzertu ere egingo dituzte. Erakusketa Lanzagorta estudioak, Gorostidi-Sistiaga arkitekto taldeak, Harkaitz Cano idazleak eta Angel Aldarondo zinemagileak ondu dute.

«Barre algararen ertzean bertan dauden zeremonia solemnea dira nire abestiak»: Berrioren esan horrek laburbil lezake musikari donostiarraren lan artistikoaren funtsa, eta erakusketaren izenburuaren parte bat ere, bere kantu bati lapurtua, horri lotzen zaio: Yo ya me entiendo (Nik neuk ulertzen dut neure burua). Sarritan kontraesanezkoa eta paradoxikoa izan zen Berrioren ibilbidea, eta erakusketak hori bera eskaintzen du: artistaren erretratu poliedriko bat, No puedo bajar más al centro-ren egilearen izaera konplexua eta ertz askokoa azaleratzen duena.

Rafael Berrio (Donostia, 1963), 1980ko hamarkadaren hasieran Gipuzkoako hiriburuan loratu zen pop mugimenduko parte izan zen (UHF); Amor a Traicion eta Deriva taldeak sortu zituen gero, eta 2010az geroztik lau disko kaleratu zituen bere izenean: egile kantuaren, rockaren eta poparen artean mugitzen diren lau lan, beste ezeren gainetik oso pertsonalak.

Ibilbide horren berri ematen du erakusketak, baina, kronologiari segitu beharrean, sormen lanaren prozesua bera du ardatz. Lanzagorta: «Ez genuen nahi hau gorespen erakustaldi hutsa izatea». Hala, erakusketak Berrio guztiak erakusten ditu, 240 argazki, 50 kartel edo esku orri eta Berriok berak idatzitako liburuxka, koaderno sorta eta liburu-oharren bitartez. Baina egilearen intimitatean ere arakatzen du, eta, errezel baten atzean, ikusteko moduan baina ez erabat agerian, haren liburutegi pertsonaleko eta disko bildumako aleak jarri dituzte. Irakurri eta entzuten zuenaren seme zen Berrio, eta bere sormen lanean ere azaleratzen ziren gustuko zituen egileak: Jaime Gil de Biedma eta Pio Baroja, Lou Reed eta Barbara, kasurako.

Libretak eta kaseteak

Berriok hainbat libretatan idatzitako kantu zirriborroak eta apunteak ere bildu dituzte. Kasu gehienetan, obraren sorburua dira, geroago kantu bilakatutako piezen lehen pausoak, eta egilearen ekiteko gaitasunaren berri ere ematen dute, urteak igaro baitzitezkeen kantuaren behin betiko bertsioa osatu arte. Adibide bat: Mis amigos kantuak 23 bertsio izan zituen behin betikoaren aurretik. Hain zuzen ere, pieza horretatik abiatuta, Aldarondok ikus-entzunezko bat prestatu du Berrioren lan metodoa azaltzeko. Proiekzioak, zenbait ahalegin bata bestearen gainean jarriz, obraren bilakaera erakusten du.Haiekin batera musikariaren kasete bilduma ere jarri dute ikusgai, 2013ra arte euskarri horretan grabatu zituen-eta maketak.

Berriok berak La tertulia errante deituriko solas taldea jarri zuen abian hainbat lagunekin (Senperena, Karmelo C. Iribarren, Diego Vasallo, Ramon Eder...), eta talde haren gainean Detritus artistak eginiko olio handia ere jarri dute erakusketan. Eta, azpian, taberna bateko barra luzea, ardo botila eta guzti. Handik gertu, berriz, eta Berriok urte luzez lanbide izan zuenari keinu eginez, margolarien eskailera bat ipini dute, eta haren gainean, musika igortzen duen irrati-kasete bat: Bob Dylan, Jacques Brel, Raphael, Mari Trini...

Kantu egilea izan zen Berrio, baina baita abeslaria eta gitarrista ere, eta entsegu lokala izan zuen beti bere kantuei azken forma emateko lekua. Horregatik, erakusketara lokala bera eraman dute: Berrioren hiru gitarra kutun eta anplifikadore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.