Pretty Woman ikusi duzue, ezta? Agian ez duzue oroituko noiz, baina ziur baietz, igual zazpi bider ere bai. Halere, ziur naiz eszena jakin bat ez duzuela akorduan, ez baita ezer garrantzitsurik gertatzen berez: Julia Roberts ageri da, txabusina soinean, croissant bat gosaltzen. Kamerak Richard Gere enfokatzen du une batez eta, berriz Robertsengana itzultzean, croissant zena pancake bihurtu da. Voilá, magia! La noche de... inoiz ikusi bazenuten —tira, hori ere badakit egina duzuela—, ezagutuko duzue hitza: Raccord. Film batean jarraitutasunean eten bat dagoenean, aurretik eta gero gertatutakoak bat ez datozenean, raccord akats bat dagoela esan ohi da.
Musikaren munduan ez da hitz hori erabiltzen, ezta beharrik ere, baina erabiliko balitz zer? Egin dezagun ariketa mentala: metal astuna jorratzetik folk intimistara salto egiten duen musikariaren kasuan, badago halako inkongruentziarik? Eta ska doinuak lantzetik elektronikara pasatzen den artistarengan? Noiz okertuko genuke muturra, aldaketa oso bortitza denean, agian? Post-hardcorea utzi eta pianoari eta ahotsari heltzean, orduan bai? Egun batetik bestera abestietan gaztelera txertatzean? Orro egiteari utzi eta erritmo dantzagarriak lehenestean?
Denok aldatzen ditugu gustuak, ez dugu beti berdina egiten aritu nahi, gauza berriak probatu nahi ditugu, batez ere arteaz ari garenean. Normala da, arrazoiak askotarikoak izan daitezke eta hemen ez gaude inori kontuak eskatzeko. Gogoan dut festa bat, Mexiko Hirian: La Polla Records zetorren bozgorailuetatik, jendea jauzika eta pogoak egiten ari zen; abestia amaitu bezain pronto cumbia bat hasi, bikoteak osatu, eskutik heldu eta dantzan hasi ziren, jo eta su, estilo handiz gainera. Ez zegoen raccord akatsik hor, txundigarria iruditu zitzaidan jarraitutasuna, espero gabeko koherentzia hura. Mundu guztiak ez du, ordea, horrelakoetarako gerririk, keinu artifizial samarrak sumatzen dira batzuetan. Aldea, dena den, begi bistakoa izaten da gidoi propioari jarraikiz ari denaren eta sirena kantuen mende dantzatzen denaren artean. Pancake-a edo croissanta, mamia baita kontua.