Musika

Quincy Jones musikari estatubatuarra hil da, 91 urterekin

Soinu banda ugari idatzi zituen, eta baita musika beltzaren hainbat disko ezinbesteko ekoitzi ere: besteak beste, Michael Jacksonen 'Thriller' arrakastatsua.

Quincy Jones, 2008an Montreauxen, Suitzan. LAURENT GILLIERON / EFE
Quincy Jones, 2008an, Montreauxen, Suitzan. LAURENT GILLIERON / EFE
mikel lizarralde
2024ko azaroaren 4a
15:15
Entzun

AEBetako musikaren ikono bat izan da Quincy Jones, lan oso ezagunen atzean egon den interprete, moldatzaile eta ekoizlea. 75 urteko ibilbidean 28 alditan irabazi zuen Grammy saria, eta haren itzala oso handia izan da jazzean, rhythm and bluesean eta popean. Hain zuzen ere, besteak beste Michael Jacksonen hainbat lan ekoitzi zituen, hala nola Thriller (1982), gaur egun ere inoiz ale gehien saldu duen diskoa dena —70 milioi ale saldu dira—.

Baina Jones ekoizlea baino askoz gehiago ere izan zen. Musikari erabatekoa. Pianoa eta tronpeta jotzen zituen, eta jazz eta rhythm and blues diskoak argitaratu zituen bere izenpean, 1960ko hamarkadan hasi eta 2011ra arte. Soinu banda ugari idatzi zituen, haietako asko denborarekin enblematikoak bilakatuko zirenak —Truman Capoteren liburuan oinarritutako In Cold Blood (Richard Brooks, 1967), The Getaway (Sam Peckinpah, 1972), The Color Purple (Steven Spielberg, 1985)— eta baita telesailetarako musikak ere (Ironside).

Seattlen (AEB) eman zituen bere ibilbideko lehen pausoak, Lionel Hamptonen big band-ean tronpeta jotzen hasi zenean. Ondoren, New Yorkera (AEB) joan zen 1950. urtean, eta han hasi zen hiriko jazz taldeak grabatzen. Erreferente ziren hainbat musikari ezagutu zituen horrela, eta oso lagun izan zituen haietako asko. Musika ikasketetan sakontzeko asmoz, Parisera joan zen 1950eko hamarkadaren erdialdean, musika konposizioa ikastera. Bertan Nadia Boulanger eta Olivier Messiaen izan zituen irakasle, eta garai hartako hainbat artistarekin elkartu zen, hala nola Pablo Picassorekin eta Aaron Coplandekin.

Gainera, orkestra zuzendaria izan zen, eta Frank Sinatra laguntzen zuen banda zuzendu zuen. Hain zuzen ere, Sinatraren azken estudioko lana ekoitzi zuen (L.A. Is My Lady, 1984). Sinatrarekin ez ezik, Ray Charlesekin, Aretha Franklinekin eta Ella Fitzgeraldekin ere lan egin zuen. 1961. urtean Mercury Records diskoetxearen zuzendariorde izendatu zuten. Musika ekoizpenaren munduan kargu garrantzitsu bat izan zuten lehen beltzetako bat izan zen.

We Are The World

1985ean, Etiopian jasaten ari ziren gosetearen kontra borrokatzeko asmoarekin, lagun musikari ugari elkartu zituen We Are The World kantua grabatu eta harekin dirua biltzeko. Hainbat musikari zuzendu zituen abesti hartan Jonesek, bideoklipean ikus daitekeen moduan. Proiektuan parte hartu zuten artista guztiek Jonesen gonbidapen bat jaso zuten, eta «haien egoa alde batera uzteko» eskatu zien ekoizleak bertan. 2010. urtean abestiaren beste edizio bat egin zuten, Haitin izandako lurrikarak eragindako hondamendiaren harira. Lionel Richierekin batera zuzendu eta ekoiztu zuen Jonesek abesti hori ere.

Grammy saria 28 aldiz irabazi zuen, baina 80 aldiz izan zen izendatua. Sarien historian izendapen gehien jaso dituzten pertsonetan hirugarrena izan zen Jones, Beyonce (32) eta George Soltiren (31) atzetik. Horrez gain, Oscar sarietan zortzi aldiz izendatu zuten, eta garaikur bat ere irabazi zuen: Jean Hersholt Gizatasunaren Saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.