Quentin Dupieux zuzendari eta gidoilari frantziarraren Le Deuxieme Acte filmak irekiko du gaur Cannesko 77. Zinemaldia. Sail ofizialean, 22 film izango dira sari nagusia eskuratzeko hautagaiak; tartean, izen handiko eta ibilbide oparoko zuzendariak lehiatuko dira: Francis Ford Coppola, David Cronenberg, Jacques Audiard, Yorgos Lanthimos, Paul Schrader, Paolo Sorrentino... Maiatzaren 14tik 25era bitartean izango da zinema jaialdia. Greta Gerwing zinema zuzendaria izango da epaimahaiko burua eta George Lucasek, Ghibli estudioak eta Meryl Streep aktoreak Ohorezko Palma jasoko dute.
Urrezko Palma irabazteko hautagaien artean badira aurretik ere saria irabazitako zuzendariak. Horietako bat da Yorgos Lanthimos: iaz Urrezko Lehoia irabazi zuen Venezian Poor Things pelikularekin, eta aurten Kinds of Kindness filma aurkeztuko du jaialdian, Emma Stone, Margaret Qualley, Willem Dafoe eta Jesse Plemons aktoreekin.
David Cronenbergek, berriz, The Shrouds thriller fantastikoa aurkeztuko du, eta Paolo Sorrentino, berriz, Parthenope zientzia-fikziozko filmarekin itzuliko da jaialdira– Gary Oldman aktorearekin–.
Zinemaldiaren beste erakargarri handienetakoa Francis Ford Coppolaren Megalopolis filma izango da. Coppolak Urrezko Palma irabazi zuen 1970eko hamarkadan Apocalypse Noweta The Conversation pelikulekin,eta berriro eskuratu nahi du sari preziatua zientzia fikziozko pelikula berriarekin. Coppolak berak finantzatuta dago pelikula, eta Adam Driver aktorea du protagonista; filmak ez du oraindik banatzailerik aurkitu.
Coppolak ez ezik, Jacques Audiard zinema zuzendariak ere badaki zer den Urrezko Palma bat irabaztea –2015ean Dheepan filmarekin irabazi zuen–; oraingo honetan, Emilia Perez filmarekin lehiatuko da, Zoe Saldaña eta Selena Gomez aktoreak protagonista dituela. Bestalde, Paolo Sorrentino zuzendari italiarra Cannesera itzuliko da Parthepone lanarekin –Celeste Dalla Porta, Luisa Ranieri, Stefania Sandrelli eta Gary Oldman aktoreekin–.
Jaialdian zinemagile hasiberriek ere izango dute beren tokia; hala, Agathe Riedinger zuzendari frantsesak Wild diamond filmlaburra aurkeztuko du: reality show-en ospearekin amesten duen 19 urteko neska gazte baten istorioa kontatzen du filmak.
Bestalde, Montxo ArmendarizenTasio filma estreinakoz emango dute festibalean. Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin du pelikula, eta Frantziako zinemaldiak film klasikoei eskaintzen diren sailean proiektatuko dute.