'Queer' utopiak bistaratuko ditu Zinegoak jaialdiak astelehenetik uztailaren 1era

50 jarduera inguru prestatu dituzte, baina asteburu honetarako ere ekitaldi programa bat antolatu dute. Clarisa Navas argentinarrak jasoko du aurtengo ohorezko saria.

Zinegoak jaialdian proiektatuko dute 'Lesvia' filmaren fotograma bat.
Zinegoak jaialdian proiektatuko dute 'Lesvia' filmaren fotograma bat.
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 21a
10:45
Entzun

Zinemak ere hartu ditzake bihurguneak. Eta hori ikusteko talaia ona izan daiteke Zinegoak LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdia. XXI. aldia izango du aurten, eta 50 jarduera baino gehiago antolatu dituzte ekainaren 24tik uztailaren 1era bitarterako, eta, tartean, hamabost film luze eta 30 film labur proiektatuko dituzte. Hain zuzen, Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariak azaldu du LGTBIQ+ komunitateari buruzko filmek zer aldaketa izan dituzten bi hamarkadako ibilbidean. Haren hitzetan, «onarpen indibiduala lortzeko zailtasunaz» ari ziren filmak jasotzen zituztelako lehen urteetan, eta, orain, «gizartearen hainbat ezaugarriren aurka borrokatu beharraz» ari zaizkielako filmak, nagusiki.

Eta horregatik aurtengo jaialdiaren titulua: Queertopiak. Queer eta utopia hitzen uztarketatik. Arenzanaren hitzetan, «zaila» izan arren, bizikidetza «posible» dela erakusten dutelako jaialdirako hautatutako lanik gehientsuenek. «Erresistentzia guneak ere badaudela erakusten digute orain filmek, zeintzuetan aukera dugun elkarbizitza plurala izateko. Ez dira gune idealak, baina badira. Erreferentziak eskaintzen dizkiogu publikoari, eta garrantzitsua da hori, guk ere behar izan ditugulako, eta interesgarria eta polita da elkarrekin bizi gaitezkeela erakustea, nahiz eta errealitatea konplexua izan eta oraindik ere borroka egin behar».

«Erresistentzia guneak ere badaudela erakusten digute orain filmek. Ez dira gune idealak, baina badira. Erreferentziak eskaintzen dizkiogu publikoari».

ALAITZ ARENZANAZinegoak jaialdiko zuzendaria

SAIL OFIZIALA

Guztira, hamabost film luze izango dira sail ofizialean lehian. Hiru atal izango dira: fikzioari eskainitako Fik, dokumentalei eskainitako Dok eta narratiba berriei eskainitako Krak. Nigeriako, Mexikoko, Txinako, AEBetako, Greziako eta Alemaniako pelikulak izango dira, tartean, eta haietako batzuen sinopsiak ere nabarmendu dituzte antolatzaileek. Esate baterako, Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi talde queer baten bizipenak kontatuko ditu Levante lanak. Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sortutako lesbiana komunitatea aurkezten du Lesvia lanak. Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak lantzen ditu The Hearing-ek. Eta Turkian bizi duten LGTBfobia giroaren salaketa egiten du Mavi Kmlik filmak.

Bestetik, 30 film labur ere programatu dituzte jaialdirako. Hiru ziklotan antolatu izan dituzte orain arte —Haurtzaroa eta nerabezaroa, Emakume zuzendariak eta TBIG+—, baina bi gehiago izango dituzte aurten: Queertopiak izenekoa izango da bata, eta Sexilioak izenekoa izango da bestea. Eta, horiez gain, eta lehiaz kanpo, Erroak saila ere antolatuko dute, Euskal Herrian sortutako hainbat lan erakusteko.

Zinegoak jaialdiaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Zinegoak jaialdiaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE / FOKU

OHOREZKO SARIA

Clarisa Navas zinemagile argentinarrak jasoko du aurten jaialdiaren ohorezko saria. Julen Nafarrate jaialdiko komunikazio arduradunak egin du haren erretratua: «Maila kolektiboan lantzen ditu filmak, eta ihes egiten dio zinemagintza konbentzionalari». Eta Argentinan izan duten gobernu aldaketarengatik, zinemagileak une estuak bizi dituela ere aipatu du Nafarratek. «Oso eskertuta dagoela esan digu, Argentinan gaur egun egoera oso-oso-oso zaila delako, eta ez dakielako aurrera egiteko gai izango ote den, ez zinemagile moduan, ez emakume moduan, ez eta queer moduan ere».

ZINEMAZ HARAGO

Zinema da jaialdiaren bihotza, baina arte eszenikoek ere izaten dute beren txokoa programan. Ekainaren 27an, esaterako, Erreka Mari antzezlana egingo dute Getxon (Bizkaia), Muxikebarri aretoan. Eta, horrez gainera, jaialdiko azken larunbatean, esaterako, Plazeratu Klub kolektiboak aurkezpen ekitaldia izango du Bilboko Bira gunean. Jaia espazio kritiko moduan aztertzen du taldeak, eta LGTBIQ+ kolektiboaren plazera aldarrikatzen du bertan. Hitzaldiak, tailerrak eta bestelakoak ere badaude programan.

HEDAPENA

Jaialdi analogikoarekin batera, leiho digital bat ere badu Zinegoak-ek. Bukaera ekitaldiaren ostean, festibalean proiektatutako hainbat lan jarriko ditu ikusgai, hala Filmin nola Primeran plataformetan. Eta, horrez gainera, hasia du jaialdiko filmak Euskal Herriko hamaika herritara zabaltzeko programa ere. Guztira, 54 herrik hartzen dute parte ZG Hedapena izeneko programan, eta, beraz, festibala amaitu ostean ere, berez, herriz herri jarraituko du Zinegoak-en programak, bai eta pantailaz pantaila ere.

AURRE JAIALDIA

Ofizialki, astelehenean hasiko da jaialdia. Arriaga antzokian egingo dute hasiera ekitaldia. Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute, eta Eddi Circa kantariak ere hartuko du parte. Eta bertan jasoko du jaialdiaren oroigarria Clarisa Navasek ere. Edonola ere, gaurtik igandera ere prestatu dute jaialdia berotuz joateko programa bat. Laura Poitras zinemagilearen All the Beauty and the Bloodshed dokumentala emango dute gaur, Bilboko Guggenheim museoan. Eta bihar, Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak Popperra, afterra, utopia lana taularatuko dute Sarean kulturgunean. Matxalen de Pedroren Lopek zioenez, Sin mí, sin vos y sin Dios emanaldia ere egingo dute Bilborocken arratsaldean, eta Bira kulturgunean bertso saioa, Albina Stardust eta DJ Eromena izango dira.

Igandean, azkenik, Irantzu Varelaren eta Clarisa Navasen arteko solasaldiarekin amaituko da jaialdiaren beroketa, eta hurrengo egunean hasiko da jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.