Azkena Rock jaialdia

Queens of the Stone Age eta Sheryl Crow arituko dira 2024ko Azkena Rock jaialdian

Mendizabalan egiten hasi zenetik hogei urte beteko dira datorren urtean. Jaialdian izango dira, besteak beste, All Them Witches, Arde Bogota, Glen Hansard, The Pleasure Fuckers eta Ty Segall.

Josh Homme, Queens of the Stone Age taldeko abeslaria. JOSE SENA GOULAO/EFE
Maixa Utrera Puelles.
2023ko azaroaren 6a
14:01
Entzun

Mundu osoko jendea biltzen du Azkena Rock jaialdiak urtero; eta, hiru egunez, rock musikaren eta haren aldaeren erakusleiho bilakatzen da. Iaz 50.000 lagun inguru izan ziren Mendizabalan, Iggy Pop abeslari estatubatuarra kartelburu zela. Datorren urtean, Queens of the Stone Age taldeak hartuko dio lekukoa, In Times New Roman disko berriarekin. Aurretik ere izana da talde estatubatuarra jaialdian: 2011n, hain zuzen, Azkena Rockeko historiaren «zuzeneko onena» gisa hautatua izan zen. Jaialdiarekin lotura estua dute estatubatuarrek; besteak beste, 2005ean kartelburu moduan aurkeztu zituen lehenengo jaialdia izan baitzen Azkena Rock.

Azkena Rock jaialdia Mendizabalan egiten hasi zenetik hogei urte beteko dira datorren urtean, eta, QOTSA taldearekin batera, bestelako izarrak igoko dira taula gainera. Mendizabalan izango da Sheryl Crow estatubatuarra ere. Michael Jacksonen korista izandakoak bere bakarkako ibilbidea hasi zuen 1990eko hamarkadaren hasieran, eta hainbat generotan aritu da ordutik hona. Kolaborazio andana egin du, gainera, industriaren handikiekin; hala nola Rolling Stones, Jason Isbell, Loretta Lynn, Johnny Cash, Stevie Nicks edo Willie Nelsonekin.

Ekainaren 20tik 22ra Mendizabalako hiru eszenatokietan 45 kontzertu inguru izango dira, baina gaur horietako hamazazpiren aurrerapena soilik egin dute antolatzaileek. Besteak beste, artista hauek arituko dira aurtengo jaialdian: All Them Witches, Arde Bogota, Glen Hansard, The Pleasure Fuckers eta Ty Segall, St. Paul & The Broken Bones, Pi L.T., Brigade Loko, Dea Matrona, The Detroit Cobras, Ezpalak, Lendakaris Muertos, MoonShine Wagon, The Rain Parade eta Txopet. Urtero bezala, jaialdiak «rockaren aldaera guztiak» bilduko dituela adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kirol eta Kultura zinegotziak.

Lendakaris Muertos eta Ezpalak taldeen presentzia azpimarratu du Alfonso Santiago Azkena Rockeko zuzendariak. Izan ere, iaz jotzekoak ziren Euskal Herriko bi talde horiek, baina kontzertuak bertan behera geratu ziren, haizeak eragindako kalteengatik eta atzerapenengatik.

Aurreko urteetan jaialdian izan diren «leialek» bihartik aurrera eskuratu ahal izango dituzte sarrerak eta abonuak, 110 euroan. 72 orduren ostean, hots, hilaren 10ean, salmenta orokorra hasiko da, 130 euroko bonuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.