Queens of the Stone Age, erauntsi bat Mendizabalan

Josh Hommek gidatutako taldearen erakustaldia izan da Azkena Rock jaialdiko bigarren eguneko puntu gorena; L7, Redd Kross eta Ezpalak ere oso txukun aritu dira.

Queens of the Stone Age taldearen kontzertua, atzo, Mendizabalan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Queens of the Stone Age taldearen kontzertua, atzo, Mendizabalan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
Gasteiz
2024ko ekainaren 22a
15:00
Entzun

Sismografoek izan dute lanik: lurrikara bat Gasteizen larunbatean, 00:20tik 01:50era zehazki. Epizentroa, Mendizabalako aparkalekua, God agerlekua, Queens of the Stone Age taldearen kontzertua. Atzokoa burutik kendu ezinik izango dira oraindik Azkena Rock jaialdiko ikus-entzuleak, zapalgailu bat norbere gainetik pasatzearen parekoa izan baitzen Josh Hommek gidatutako taldearen emanaldia.

Jaialdiaren hamargarren aldia ospatzeko, Azkena Rockeko kontzertu onenen bozketa egin zuten 2011n, eta 13.000 musikazalek Queens of the Stone Agerena izendatu zuten irabazle. Ordutik hona, kontzertu gogoangarri asko egin dira Mendizabalan, eta, akaso, atzokoa —taldeak hirugarrengoz jo zuen jaialdian— ez dute onena izendatuko, izan baitira zuzeneko hobeak urteotan; alabaina, ohorezko lekua izango du. Conan the Barbarian filmaren soinu bandako The Orgy —Basil Poledourisena da— entzun bezain pronto, zirrara olatu bat zabaldu zen, eta Little Sister izan zen lehen abestia.

Stoner etiketara lotuta dago Queens of the Stone Age, baina, haien musika hori baino askoz gehiago da, asmatu baitute nola ireki estilo zurrun horren atea eta nola eraberritu. Oso garbi dago osagaiak zein diren: riff pisutsuak eta hard rock suntsitzaile eta primitiboa batetik; eta melodia itsaskorrak kontraste moduan, bestetik. Formula horren adibide dira Emotion Sickness, Go with the Flow eta The Lost Art of Keeping a Secret kantuak. Zirikatzaile aritu zen musikazaleekin: «Abes ezazue Euskal Herrikoak bazinate bezala» oihukatu zuen kontzertu erdialdera, eta aurretik, Straight Jacket Fitting abestian, oholtzatik jaitsi, eta ardo kopa bat eskaini zion lehen lerroan zegoen jarraitzaile bati. Make it with Chu jotzen ari zirela, borrokan hasi ziren bi zale, eta «ez zaitezte ukabilkadaka hasi!» eta «utziozue emakumeak bultzatzeari» esan zuen birritan, «hona gozatzera etorri gara» esan aurretik.

Amaiera epikoa izan zen: You Think I Ain't Worth a Dollar, but I Feel Like a Millionaire; No One Knows, eta A Song for the Dead kateatuta. Hirurak Songs for the Deaf diskoko klasikoak. In Times New Roman... publikatu berri duten laneko abesti gutxi jo zituzten, eta, harrera ona izan arren, bereziki aurreko doinuekin lortu zuten entzuleak bete-betean piztea. Haien ondoren jo zuten taldeek (Demolition 23 eta The Real Mckenzies) ezin izan zioten eutsi Queens of the Stone Agek sortutako zirrarari.

Beteranoen maila ona

Kartelburuaren aurretik bai, kontzertu interesgarri asko izan ziren. Ibilbide luzea duten bi talde aritu ziren arratsaldean, bata bestearen ondoren: Red Kross eta L7. Emanaldi zirraragarriak osatu zituzten. Redd Krossi erreparatuta, Eskandinaviako rockaren trazak hartu zitzaizkion aurrena emanaldiari, Switchblade Sister jo zutenean, baina power popera egin zuten jauzi gero, The Quick taldearen Pretty Please Me-ren moldaketarekin. Errepika itsaskorrei psikodelia apur bat gehitu zieten ondoren; berriro norabidea aldatu, eta distortsioan oinarrituta amaitu zuten, 1990eko hamarkadara begira.

Begirada horri eutsi zion L7 taldeak, Bricks Are Heavy mitikoa goitik behera aletuta, diskoaren 30. urteurreneko biran. Emakumezko talde aitzindari horrek bigarren aldia zuen Azkena Rocken, eta lehenengoan bezainbesteko ikusmira sortu zuten. Gauza jakina da taldea sortu zen garaian nahiko itzalpean geratu zirela, eta gizonezkoen taldeek, aldiz, arrakasta handia zutela. Denboraren poderioz, atzean utzi dute erdeinu hori. Abestiak ez dira aldatu 1992tik hona; begirada bai, ordea.

(ID_14004983) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-06-21, Gasteiz. Azkena Rock
Redd Kross taldeko kide bat, atzoko kontzertuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Zeinek daki zer gertatuko den Arde Bogotarekin etorkizunean. Espainiako indie eszenan zeresan handia eman du talde horrek, onerako zein txarrerako. Hala, Moisesek itsasoarekin egin bezala, bitan banatu zen Mendizabala: bigarren oholtza erabat bete zutenak batetik, eta kontzertua ikusi beharrean denbora tarte hori Queens of the Stone Age ikusteko lekua hartzeko, afaltzeko edo Thrasville gunean osteratxoa egiteko baliatu zutenak bestetik. Lehenengoek kontatuko liekete bigarrengoei zeinen emanaldi bizia eta konplexurik gabekoa izan zen... baina entzungor egingo liekete, tematuta.

Ezpalak-ekoek estreinatu zuten hirugarren agertokia, eta gozamena hartu zuten. Emanaldi amaieran zer-nolako aurpegia zuten ikustea besterik ez zegoen. Erresuma Batuko punk eta rock doinu garaikideetatik edaten dute usu: oso gogor, erabat motibatuta eta melodia askorekin. Zuzenekoa Banpiroak, ItzalaZatoz eta halako abestitzarrekin amaitzea ez dago guztien esku.

Oholtza horretan egin zen atzoko kontzertu interesgarrienetako bat: La Perra Blanco laukote rockabillya. Ez du berebiziko sonarik izan orain arte, baina Azkena Rocken aurretik askotan aipatu zen haren izena, aurtengo ezusteko atseginenetako bat izan zitekeelakoan. Rock-and-roll frenetikoa eskaini zuten, eta eguneko gertakari berezienetakoa eman zieten zaleei: oso gutxitan ikus daiteke abeslaria ez ezik kontrabaxu jotzailea ere ikus-entzuleen artean jotzen! Ederra bezain kuriosoa.

Gaur amaituko da Azkena Rock jaialdia. Sheryl Crow eta Band of Horses izango dira arretagune nagusiak, baina ez dira atzean geratuko Glen Hansard, Warren Haynes Band, All Them Witches, Mavis Staples eta PILT, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.