Datorren astean euskal literaturari «leiho bat» zabalduko diote Quebecen. Alde batetik, Quebec En Toutes Lettres literatura jaialdiak gau bat eskainiko die euskal letrei, eta, bestetik, Laval Unibertsitateak literatura eta eleaniztasuna ardatz izango dituen kongresu bat hartuko du. Saison Quebec-Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren barruan egingo dituzten ekitaldien berri eman zuten atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko lehendakariak eta Itxaro Borda idazleak, Donostian egindako agerraldian.
Hain zuzen, Borda da Quebec En Toutes Lettres jaialdian parte hartuko duen euskal idazleetako bat, Kirmen Uriberekin eta Aurelia Arkotxarekin batera. Hilaren 14tik 24ra izango da festibala, eta 16ko iluntzean egingo diote lekua euskal literaturari. 19:00etatik aurrera egingo dituzte ekitaldiak, Soirée Découverte Accent Basque izenburupean, Quebec hiriko Zibilizazioaren Museoan.
Alde batetik, Bordak, Uribek, eta Irene Larrazak euskal literaturari buruzko mahai ingurua egingo dute, Melissa Verrault idazle eta itzultzailearen gidaritzapean. Halaber, jaialdi berean, Poesiaren Gaua ekitaldian hartuko du parte Bordak, «literaturako hainbat ahots kontsakratu eta emergenterekin batera», antolatzaileek jakinarazi dutenez. Bestetik, Txekhov vs Shakespeare egitasmoaren beste aldi bat aurkeztuko dute, bi idazleren arteko gutun trukea oinarri duena. Oraingoan, Arkotxa eta Jean Desy idazle quebectarra izan dira parte hartzaileak. Urtebetez egin duten eskutitz trukean, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna izan dituzte mintzagai, baita pandemia ere. Korrespondentzia horren emaitza liburu bihurtu dute, eta jaialdian aurkeztuko dute, bi idazleak bertan direla. Gutunen pasarte batzuk irakurriko dituzte, Trio Zukanen musikaz lagunduta —Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osatutako hirukoteak kontzertu bat ere emango du hilaren 20an, Montrealen, hango Quasar Saxophone Quartet taldearekin—. Halaber, liburua azaroan aurkeztuko dute Euskal Herrian, Donostiako Literaktum jaialdian. Aldi honen azala egiteko artista hautatua Higinia Garai izan da.
Eleaniztasuna eta literatura
Laval Unibertsitateak hilaren 13 eta 14an hartuko duen La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec kongresua izango da euskal letrek izango duten beste «leihoa». Unibertsitateak berak, Etxepare institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak antolatu dute, eta, pandemia dela-eta, online egingo dute. Aurkezpenak izango dira bi egunetan, eta mahai inguruak ere bai saio bakoitzaren bukaeran. Hainbat adituk mintzagai izango dituzten auzien artean egongo dira, besteak beste, bi herrialdeetako sorkuntza literarioen ezaugarri komunak, hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatur ekoizpena.
Quebec En Toutes Lettres jaialdiak gau bat eskainiko dio euskal literaturari
Itxaro Borda, Kirmen Uribe eta Aurelia Arkotxa idazleak bertan izango dira, hilaren 16an. Laval Unibertsitateak kongresu bat ere hartuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu