«Gaur egun, oraindik ere, 36ko gerraren ondoren egindako euskararen berreskurapenaz hitz egitean, bost hamarkada aipatzen dira: 60koa eta ondorengoak. Aurrekoa zulo beltz baten moduan agertzen da beti. Nik nahi izan dut zulo beltz horretara argi bat bideratu, eta erakutsi hor ere badaudela gauzak. Orain, nahiko nuke beste batzuk etortzea atzetik argi indartsuagoekin, gauza gehiago erakustera». Hitz horiekin amaitu zuen atzo Pako Sudupek (Azkoitia, 1959) 50eko hamarkadako euskal literatura osatzen duten hiru liburukien aurkezpena (Utriusque Vasconiae).
Doktoretza tesirako egindako ikerketa du oinarri liburuak. «Baina ez da metodologia zehatz bat proban jartzeko egindako lana», argitu du egileak. Euskaraz irakurtzeko gutxieneko ohitura duen eta kulturaren inguruan zaletasuna duen edonorentzat interesgarri izateko moduko irakurgaia delakoan dago. «Uste dut material ona dela, euskalakariak modan jarri direnean, kulturakariak egiten laguntzeko».
Lehen liburukiak Hizkuntza eta ideologia eztabaidak azpi-izenburua du. Hizkuntzari dagokionez, 50eko hamarkadan «arazo handiak» zeuden idazteko hautatu beharreko ereduaren inguruan. Resurreccion Maria Azkuek proposatutako gipuzkera osotuaren eta Federico Krutwigek proposatutako lapurtera klasikoaren artekoa izan zen eztabaida nagusia. 1956tik aurrera, ordea, Hego Euskal Herriko idazleen arteko beste haustura bat sortu zuen Jokin Zaitegik egindako proposamen garbizaleak. Koldo Mitxelena izan zuen areriorik gogorrena Zaitegik hasitako bideak, eta Txillardegi, Gabriel Arestik eta bestek Mitxelenaren bidearen alde egin zuten.
Ideologiari dagokionez, existentzialismoak «markatu» zuen hamarkada. Hasieran existentzialismoaren aurkako jarrera nagusitu zen, baina Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelaren argitalpenaren ondotik, 1957an, batzuek «nolabaiteko onarpena» eman zioten, «beren ñabardurekin» izan bazen ere.
Bigarren liburukiak Kazetaritza eta saiakera du azpi-izenburu. Ipar Euskal Herrian, zentsurarik ez zenez, askotariko kazetaritza lanak argitaratu zituzten Piarres Lafittek, Etienne Salaberrik, Manex Erdozaintzi-Etxart, Jean Louis Davant, Jean Etxepareketa bestek, 50eko hamarkadan. Bien bitartean, frankismopeko Hego Euskal Herrian zentsurak ez zuen horretarako zirrikiturik uzten, eta kultura arloko saiakeragintza jorratu zuten Salbatore Mitxelena, Andima Ibiñagabeitia, Koldo Mitxelena eta bestek.
Obrak berreskuratzeko aukera
Antzerkia eta hamarkadaren ikuspegi orokorra da hirugarren liburukiaren azpi-izenburua. Lehen zatian, garaiko antzerkigintzari erreparatu dio ikerlariak, garrantzi berezia emanez, ezinbestean, Piarres Larzabalek Ipar Euskal Herriko antzerkigintzaren eraberritzaile gisa egindako lanari; Telesforo Monzonek Larzabalekin batera egindako lana ere ekarri du gogora. Hego Euskal Herrian egindako antzerkiaren zati handi bat, zentsura politikoaren ondorioz, 36ko gerraren aurretik idatzitako lanetan oinarritu zen neurri handi batean. Mereziko luke, Suduperen ustez, zentsurak garai hartan ezkutuan utzitako lanetako batzuk berreskuratzea, Antonio Maria Labaien, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz eta Jon Etxaiderenak, besteak beste.
Hirugarren liburukiaren bigarren zatian, «sintesia» egiten saiatuta, 50eko hamarkadako euskal literaturan egia agertzeko gogoa agertu zela dio Sudupek: egia politikoa, egia historikoa, egia pertsonala… «Gerra aurrean ez zegoen horrelakorik, eta gerra ondoan agertu zen lehenbiziko aldiz euskal literaturan».
Orain argitaratutako hiru liburukien osagarri gisa, Sudupek 50eko hamarkadako kontagintzaz eta poesiaz idatzitako lan bana argitaratuko du Egan aldizkariak, liburu gisa, aurten eta datorren urtean hurrenez hurren.
Putzu ilunera bideratutako argia
Pako Sudupek '50eko hamarkadako euskal literatura' argitaratu du, hiru liburukik osatutako ikerlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu