Putinen botere hartzeaz egin dokumentala saritu du Fipadocek

Manski film egilea Putinen kanpainako kide izan zen 2000. urtean. Atzo banatu zituzten sariak

Atzo iluntzean banatu zituzten Fipadoc jaialdiaren sariak, Miarritzen. BON EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Vladimir Putinen kanpainako kide izan zen Vitali Manski film egilea, 2000. urteko hauteskundeetan. Ezin hurbilagotik filmatu ahal izan zuen orduan Boris Jeltsinen eta Putinen arteko trantsizioa. Putin's Witnesses (Putinen lekukoak) dokumentala du emaitza. Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc jaialdiak nazioarteko dokumental sari nagusia eman zion barda, sari banaketa ekitaldian. Shola Lynch, Leena Pasanen eta Charles Hembert izan zituen epaimahaian.

Vitali Manskiren kamera bakarra zen leku anitzetan. Metro bakarrera. Adibide bat emateko. Jeltsin ageri da halako batean, iloba txikia altzoan. Ilobari galdezka, nori bozkatu behar den. Hark kasik ez daki mintzatzen, baina Putin erran behar duela ulertua du, eta «Putin!» oihukatzen du.

Intimitate berezia, kasik hogei urte berantago beste begi batzuekin begiratzera ematen ahalegintzen dena Manski. Putin eta Jeltsinen lekukotasunez gain, Gorbatxov ere agertzen da mintzo. Lerroen artean, gaur egungo Putinen mundua ulertzeko zenbait gako ekarri nahi ditu dokumentalak.

Bere lehen sari banaketa izan zuen Fipadoc nazioarteko dokumentalen jaialdiak atzo. Orotara 159 dokumental ditu aurkeztu aste osoan. Telebistarako, sarerako edo zinemarako ekoitziak, eta gai aldetik, gai bereziturik gabe. Orotariko jaialdia izateko asmoz.

Jaialdiak gaur du azken eguna. Film sarituak 10:00etan proiektatuko ditu Gare du Midi aretoan. Lehen saria eskuratzearekin batera, Akitania Berria eskualdetik 5.000 euro jaso ditu film egileak. Orotara hamahiru sari banatu zituzten. Horien artean oraindik bururatzekoak diren hiru proiektu saritu zituzten. Bat, Jaime Murciego eta Pablo Irabururen Cholitas dokumentala izan zen.

Nazioarteko dokumental hoberenaren ondoan, Frantziako dokumental hoberenaren saria ere banatu zuten barda, Scam izenekoa eta 5.000 eurokoa. Hori Diego Governatoriren Quelle folie (Zein eroa) dokumentalari eman zion Jean-Marie Durand, Dominique Gros eta Mehran Tamadonek osatu epaimahaiak. Egilearen lehen edo bigarren filma den dokumental batsaritzen duen Mitrani saria ere eman zioten film horri, 3.000 eurokoa.

Asperger sindromea duen Aurelien du filmak protagonista. Film egilearen adiskide mina da txikitatik. Aurelienen pentsamenduaren korapiloen indarrak parez pare ezagutzeko aukera ematen du filmak. Sanferminetan filmatu dira. Hiri barna, labirinto bat bezala filmatua da, jende masa itogarria eta zezen plaza, gizartea suntsitzailearen pare. Film egileak honela esplikatu izan du une eta gune berezi horren hautua Mediparten: «Aurelienek usu aipatu du sozialak egunero hilko balu bezala sentitzen dela. Kasik ezinezkoa zaiola leku bat atxikitzea besteen erdian. Zezen plaza bat gupidagabearen parea, animalia inguratua da, ezin da gehiago atera».

Musika, trauma gainditzeko

Musika dokumentalaren saria du jaialdiak bere hirugarren sari nagusi. Ben Nilesen The 5 Browns: digging through the darkness (5 Browns senideak: iluntasuna zeharkatzeko ahaleginetan) du saritu Pascale Cuenot eta Valli Budestschu eta Reinhardt Wagnerek osatu epaimahaiak. Bost protagonistak anai-arrebak dira, eta bostak, pianistak. Musika nola izan daitekeen traumak gainditzeko bide erakusten du filmak. Izan ere, aitak hiru neskei urteetan jasanarazi zizkien sexu erasoak. Eta musikak salbatu ditu.

Azken sari bat aipatzearrearen, Denis Parroten Coming Out izan daiteke. Ez du dirurik, baina bai Frantziako zinema sorkuntzarako sustatzaile den CNC egituraren katalogoan sartzeko eskubidea. Interneten aurkitu bideoetan oinarritzen da filma. Protagonistek beren coming out-a filmatu dute. Eta horren erreakzioak gaur egungo gizartearen ispilu bilakatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.