Puntu arteko lerroan dantzan

'Bi punturen artean' obra estreinatuko du Alurr dantza taldeak, Artze eta Dovaleren lanak oinarri

Alurr dantza taldeko zenbait partaide dantzan, obra estreinatu aurreko entseguetako batean. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Bi punturen artean zein da biderik laburrena?». Joxan Artze poetak egin zuen galdera. Erantzuna: «Biderik ederrena». Puntuak, etenak eta bideak. Horiek idazleak erabilitako hitzak, eta horiek dira, era berean, Carmiña Dovale marrazkilariak baliatzen dituen elementuak: bi puntu marrazten ditu, bi zirkulu, eta marra baten bitartez lotzen ditu, ibilbideak margotuz. Borobilen arteko hutsunea aukera posiblez betez. Bi sortzaileen artean antzekotasunak zeudela ohartu ziren Alurr dantza taldeko kideak. «Eta zergatik ez handik abiatu ikuskizun berri bat egiteko?» galdera egin zioten beren buruari, Jagoba Astiazaran ekoizleak azaldu duenez —Eli Nosellas izan da beste ekoizlea—. Hala, dantza txertatu diote nahasketari, eta handik sortu dute Bi punturen artean ikuskizuna, hiru diziplinen arteko emankizuna, betiere, dantzarien jarduna zutabe. Gaur bertan estreinatuko dute, Tolosako Leidor aretoan (Gipuzkoa), 20:30ean. Artzeren eta Dovaleren sorkuntzen arteko solasaldia izango da, baina, halaber, «zerbait guztiz berria». Horrelaxe definitu du Astiazaranek.

Musika tradizionala izango du oinarri Aiert Beobidek zuzendu eta koreografiatutako emankizunak. Dena den, «ukitu ezberdin batzuk» ere gaineratu dizkiote. «Musika tradiozionaletik urrundu gabe, jazz mundura gerturatu nahi izan dugu, baita musika klasikora ere: hari laukote batzuk, piano soil bat...».

Ez da musika izango, aitzitik, aurretik taularatutako dantzaldiekin alderatuta ezberdina den bakarra: istorio beraren egitura ere aldatu egin da. «Alurrek egindako obretan beti dago istorio bat kontatzeko, istorio bakarra». Orain, ezberdina izan da, baina. Marrazkiak oinarri izan dituztenez, imajinetan ikusitakoaren interpretazioa egin dute dantzariek, eta hori gorpuztuko dute oholtza gainean. Gai mordoa landuko dituzte era horretan, hala nola amatasuna, eskutitz bat, bakardadea... «Esketx» txikitan banatu dute.

Bakardadearen pasartea izango da indar berezia izango dutenetako bat: Itziar Oiartzabal dantzariak hogei urte eman ditu taldean, eta orain bakar lanean hasiko da dantza munduan, Haatik konpainiaren eskutik. Bakarrik hartuko du oholtza, prozesu hori irudikatzeko asmoz. Omenaldi moduko bat izango da. Horrez gain, «denetarik» dago Alurr taldea osatzen dutenen artean: batzuk jendaurrean zaildutakoak dira, aurretik egin dituzte-eta emanaldi gehiago. Beste batzuek, aldiz, aurreneko plaza izango dute. «Enfasi berezia egin nahi izan dugu belaunaldiz belaunaldiko lekuko horretan». 24 dantzari izango dira orotara —25 Oiartzabalen pieza kontuan izanez gero—.

Tonuari dagokionez, estiloak uztartu dituztela argi utzi du ekoizleak. «Ikuskizun hau zer da tristea ala alaia? Batzuetan, Allurrek jorratu ditu oso gai sakonak; beste obretan, oso alaiak. Honetan, denak uztartu ditugu».

Bestalde, jantziak ere txeraz zaindu dituzte. Ramon Garcia diseinatzailearen eskutik gauzatu dituzte diseinuak. Obra bakoitzeko kolore bat ibiltzen dute Alurreko taldekideek, eta oraingoan ere ezin zitekeen bestela. «Gerezi kolorea» hautatu dute, lanaren nolakotasuna hobekien barnebiltzen duena delakoan. Diotenez, jantzi tradizionalen esentzia mantenduko dute. Tolosan estreinatu arren, beste herri batzuetara eramateko xedez prestatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.