Punkak trikitia ezagutu zuenean

Hiru hitzekin laburtu dute Xaiko taldeko kideek 'Therapy' lehen diskoko abestien estiloa: triki-punk-jaia

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru erpineko etiketa asmatu dute Xaiko taldeko kideek beren buruentzako: triki-punk-jaia. Hiruko horretan kokatu dute beren musika, baina izan, bikote bat da taldearen oinarrian dagoena. Trikizio, Ze Esatek eta Obrint Pas taldeetan aritutakoa da Xabi Arakama trikiti jotzailea, eta Kaos Etiliko eta Kaotiko taldeko gitarra jotzailea da David Aguayo Aguayiko. Bakoitzak bere taldearekin baina hamaika aldiz egin dute topo elkarrekin oholtza berean, eta azkenean, elkartzea erabaki dute. Punk doinuak jarri ditu batak, eta trikitiaren melodia besteak, eta hala sortu dute Xaiko. «Elkartu ginen egun batez, eta ikaragarri gustatu zitzaigun uztarketa». Therapy diskoa kaleratu berri dute orain.

Zortzikote itxura eman diote gero bikote gisa abiatutakoari. Arakamaren trikitia eta Aguayikoren ahotsaz gain, Joel Marquez eta Alfonso Aguayoren gitarrak ere batu dituzte taldera, Xabier Zelaiaren baxua, Haitz Bujandaren bateria, Asier Sanchezen tronpeta, eta Mikel Sanzen tronboia. Zortzi. Eta guztien artean osatzen dute hirukia. Gitarrek eta ahotsak jartzen diote punk eta hardcore ukitua. Arakamaren eskusoinuak ematen dio trikitiaren ukitua. Eta haize sekzioak jartzen du jaia. Ska doinu batzuk ere badituzte, gainera, zenbait kantak. Ramones taldearen Psycho therapy abestiari omenaldia egin nahi izan diote, gainera, diskoaren izenburuarekin. Izan ere, antzekoa da bien hotsa. Psycho Therapy, eta Xaiko Therapy.

Diskoan badira gazteleraz idatzitako abestiak, baina euskarazkoak dira gehienak; nahasian doaz bi hizkuntzak beste batzuetan, eta katalana ere sartu dute kanta batean. Aguayiko ez dago euskaraz aritzera ohituta, eta aitortu du esfortzu berezia egin behar izan duela horregatik. «Saiatu naiz errespetu handiz jokatzen».

Hitzen zorroztasuna azpimarratu du Baga Biga etxeko Ritxi Aizpuruk. «Egurra, eta sua dagoenean, su gehiago, eta gasolina bota behar bada, bada gasolina gehiago». Hiru adibide: Palestinaren egoera du mintzagai Palestina-k, autodeterminazio eskubideaz ari da Nazioenmundua, eta torturez dihardu Magullada-k.

Higain estudioan egin dute grabaketa, Haritz Harregi aritu da teknikari, eta kolaboratzaile sorta bildu dute. Esaterako, Evaristo abeslariak jarri du ahotsa Nazioen mundua kantan, Obrint Pas taldeko Xavi Sarria kantariak abestu du Guanyarem demà, eta KOP taldeko Juanrak Herri harresia abestian sartu du ahotsa. Horiek dira batzuk, baina ez guztiak. Aguayikok azaldu duenez, erreferente dira haietariko batzuk Xaiko taldekoentzat: «Guretzat oso jende garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.