Karlista zonbi haragi ustel-goseak jeltzale banpiro odol-goseen aurka erakusten dituen «Z saileko satira politikoa» da, egileen hitzetan, Beñat Iturrioz (Hernani, Gipuzkoa, 1981) eta Xabier Padin (Berriatua, Bizkaia, 1981) arkeologo zinemazaleen Joxean's hil eben filma, egile berberen Ataun of the Dead (2011) filmarekin hasitako trilogiako bigarren zatia. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Sail Ofizialaren barruan ikusi ahal izango da gaur, lehiaz kanpo, 19:45ean, Viktoria Eugenia antzokian. Sail horretan euskarazko film bat ematen den lehen aldia izango da. Ehunka lagunen doako parte-hartzeari esker, 700 euroko aurrekontuarekin egindako filma da. Jaialdian erakutsia izan baino lehen, egileei hala eskatuta, hainbat gunetan ikusi ahal izan da, baina Donostiako jaialdiak leiho zabalagoa ireki dio.
Lagunarteko proiektu gisa jaio zena Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Sail Ofizialean ematen den euskarazko lehen filma izatera iritsi da. Zer sentiarazten dizue horrek?
XABIER PADIN: Egin dugun lan xumea dela-eta honelako leku batera etortzeko deia jasotzea... Everestera igotzea da guretzat.
BEÑAT ITURRIOZ: Genero honetako filmen epizentroa da jaialdi hau, hemen inguruan behintzat, eta ohore bat da hemen egotea. Gure ohiko lekua butaka baita.
Euskal zinemaren egungo loraldiaren parte sentitzen zarete?
X.P.: Noski. Hamar edo hamabost pelikuletatik bat izaten da bikaina. Film bikain bat egin dadin, hamar edo hamabost pelikula txar egin behar badira, gu prest gaude txar horiek egiteko. Horrekin esan nahi dugu film bikainen parte hartzaile garela.
B. I.: Esaten dute Kimuak egitasmoarekin eta ETBk eta Jaurlaritzak emandako laguntzekin loraldi bat dagoela. Gu ez gaude hor. Ez gara kimuak eta ez dugu dirurik. Ez gara hor sartzen, ez garelako ezta zinemagileak ere. Gu arkeologoak gara. Agian, gure filmak lotuagoak daude zinemaren baliabidearen demokratizazioarekin. Kamera bat lortzea ez da hain zaila, eta guk kamera bakarrarekin egin dugu lan. 80, 90eko hamarkadetako eta XXI. menderen hasierako euskal musika taldeekin lotuagoa ikusten dut gurea; ezagutza musikalik eta bitarteko handirik gabe musika egiten hasitako taldeekin. Zineman ez da gertatu musikan gertatutakoa. Kalitatezko lana egiteko ez bada, jendea ez da animatzen. Gu, aldiz, animatu gara. Punk taldeen antzekoak gara, baina zineman.
Arrakastak ez dizue pentsarazi arkeologia utzi eta zinemagile bihur zaitezketela?
B.I: Batzuetan pentsatu izan dugu ospetsuak izatera iritsi eta mila euro irabaziko ditugula noizbait [barre egiten du Xabier Padinek]. Bitartean, arkeologo gisa lan egiten jarraituko dugu, eta aisialdian filmak egiten.
Noiz ekingo diozue trilogiako hirugarren filmari?
B.I: Abenduan itxiko dugu bigarrenaren emanaldien zikloa, eta gero beste asmo batzuk ditugu:komikiak, musika, film labur batzuk… Hemendik urtebetera edo hasiko gara gidoia lantzen.
Zer kontatuko duzue?
B.I: Zumalakarregi eta bere zonbiak Antso Nagusiarekin eta ezker abertzalearekin borrokan jarriko ditugu.
Joxean's hil eben jaialdiko Sail Ofizialerako hautatua izateak lagunduko al dizue trilogiako hirugarren filma aurrekontu handiagoarekin egiten?
X. P.: Diru gehiago emango baligute, seguru asko sagardotegietan gastatuko genuke, eta filmak aurrekontu bera izaten jarraituko luke.
B.I.: Akaso beste zerbait egiteko beharko genuke diru gehiago. Baina pelikula hauetan Z serieko kutsu hori, ukitu kutre hori, gorde nahi dugu, eta ez da komeni aurrekontua asko handitzea ere. Aurrekontu handiagoak gauza batzuk teknikoki hobeto egiten lagunduko liguke, hori egia da. Baina beso bat plastikozko zati batekin agertzen baldin bada, hori horrela gustatzen zaigu, ez dugu aldatuko efektu bereziak erabiliz. Generoko estilo horri eutsiko diogu.
Basqueploitation hitza sortu duzue trilogiako filmak definitzeko. Zergatik?
X.P.: Blaxploitation hitzetik dator. AEBetan beltzek 60 eta 70eko hamarkadetan egindako filmei deitzen zieten blaxploitation. Beltzek beltzentzako egindako filmak ziren, eta pertsonaia guztiak beltzak ziren, denak estetika berekoak… Guk antzeko zerbait egin nahi dugu euskal kulturarekin, gure herriaren historiako elementuak eta pertsonaiak erabiliz, uste dugulako oso pertsonaia bitxiak daudela Euskal Herriaren historian, honelako filmak egiteko oso egokiak.
Izango al du konponbiderik, inoiz, euskaldunen arteko betiko banatu beharrak, batzeko ezintasunak?
B.I: Norbaiti entzuna diot: «Bandoen arteko gerretatik atez atekora». Beti gabiltza batzuk besteen aurka. Orain esaten ari dira garai berriak datozela politikan, eta izango dira aldaketak. Aldaketak izaten ari gara orain Euskal Herrian, eta uste dut konponbidea badagoela, orain ari dela sortzen ohitura demokratikoagoak dituen gizarte bat.
X.P.: Ba nik neuk epe motzean ez dut horrelako aldaketarik ikusten. Ikusten duzun bezala, gure artean ere liskarra dago.
Beñat Iturrioz eta Xabier Padin. Zinema zuzendariak
«Punk taldeen antzekoak gara, baina zineman»
Gaur emago dute, lehiaketatik kanpo, Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen 'Joxean's hil eben' Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Sail Ofizialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu