«Musika bizitzan, musika zainetan». Hala dio Altxatu taldearen kantuetako batek, eta kantatutakoa serio hartu dutela dirudi. Ibai Osinaga, Julen Abaurrea eta Iker Arizek Altxatu estreinako diskoa kaleratu dute, Gor diskoetxearekin. Irunberrin (Nafarroa) sortutako talde gazte horrek punk eta rock doinuak bildu ditu lehen lanean. 15 eta 14 urte baizik ez dituzten arren, gogotsu hasi dute musika ibilbidea.
Hamar kantuk osatzen dute diskoa, gehienak beraiek sortutakoak. Punk-rock musikan ohi den bezala, gai politiko eta sozialak landu dituzte gitarra, baxu eta bateriaren doinuekin. Ez da harritzekoa, besteak beste, The Ramones, The Clash eta Hertzainak taldeen eragina antzematea. Ibai Osinaga taldeko gitarrista eta abeslariak azaldu duenez, inguruko taldeak ongi ezagutzen dituztela igar daiteke haien musikan: «Euskal rock erradikala deitzen den horretako talde guztiak gogoko ditugu, eta hori nabaritzen da».
Hiru urte dira Altxatu taldea sortu zutela. Hasieran «jolas baten gisa» hasi zen hirukotea, baina, oholtza gainera igotzearekin batera, serioago hartu zuten musikaren afera. Javier Etxeberria Vendetta taldeko musikaria ezagutu ondoren, lehenbiziko diskoa harekin grabatzea erabaki zuten Altxatuko musikariek. Halaxe egin zuten, eta Etxeberriaren etxean grabatu zuten lehenbiziko aldiz. Emaitza txukuna iruditu zitzaion Gor diskoetxeari, beraz, Irunberriko hirukotearen diskoa bere zigilupean kaleratzea erabaki du.
Emaitzarekin «oso kontent» daudela aitortu du Abaurreak, diskoa «ongi grabaturik» dagoelako. Aurkezpena atzo egin zuten, baina joan den asteburuan diskoko hamar kantuak jo zituzten Otsagabian. Hurrengo egunetan diskoa Zangozan eta Agoitzen aurkeztuko dute. Ostiralean Zangozan eta hilaren 27an Agoitzen.
Taldeak euskaraz kantatzen du, baina diskoan erdara erabili dute bi kantutan:gaztelania No dejes de luchar kantuan, eta ingelesa The Future is Unwritten kantuan. Azken horretan, Joe Strummerrentestuari doinua jarri diote gazte irunberriarrek. Ez da hori beraiek idatzi ez dituzten hitz bakarrak. Alde batetik, Josetxo Goia-Aribe bizilagunak Irunberri goratzeko sortu zuen kantua bere egin du Altxatuk. Bestetik, The Specials talde ingelesaren You're Wondering Now kantua euskaratu egin dute. Emaitza: Galdezka ari zara kantua.
Gainontzeko abestiak euskaraz dira, eta Euskal Herriaren independentziaz, krisiaz, arrazakeriaz eta borrokatzeko grinaz mintzo dira, besteak beste. Kantu horiek guztiak grabatzeaz gainera, ikus-entzunezkoekin ere animatu da Altxatu. Izan ere, Musika zainetan kantuarekin bideoklip bat kaleratu dute. Aurkezpena eginda, diskoa taula gainean defendatzeko gogoz dira irunberriarrak.
Punk-rock doinu gazteak Arangoitiko gainetik
Ibai Osinaga, Julen Abaurrea eta Iker Ariz irunberriarrek osatzen duten taldeak lehen diskoa kaleratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu