Psikoanalisiari buruzko filmarekin txaloak jaso ditu Cronenbergek Venezian

Antzerki kutsuko 'A Dangerous Method' lanak Jung eta Freuden arteko eztabaida gogorarazten du

2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Agian, noizbait galdetuko zion David Cronenbergek bere buruari: eta psikoanalistei nork egiten ote die psikoanalisia? Bada, bera ausartu egin da: A Dangerous Method filmean, psikologia analitikoaren sortzaile Carl Gustav Jungen barne gatazka kontatzen du zuzendari kanadarrak: senaren eta arrazoiaren arteko borroka betierekoa. Urrezko Lehoia irabazteko faboritoen artean zegoela estreinatu zen atzo filma Veneziako Jaialdian, eta oso txalotua izan zen. Cronenbergek adierazi duenez, lan horrek bere filmatzeko modua aldatu egin dela erakusten du: «Orain, muntatzea askoz ere azkarrago egiten dut». Zuzendariaren azken filmak, Eastern Promises (2007) eta A History of Violence (2005), thriller kutsukoak izan ziren.

Joan den mende hasierako Viena eta Zurichera garamatza Cronenbergen film historikoak, psikoanalisiaren hastapeneko urteetara. I. Mundu Gerra ate-joka ari dela, hiru pertsonaia gurutzatzen dira terapia baten bueltan: Sigmund Freud eta Carl Jung doktoreak eta Jungen bezero Sabina Spielrein. Viggo Mortensen, Michael Fassbender eta Keira Knightleyk antzezten dituzte pertsonaiok, hurrenez hurren. Istorioa Chistoper Hamptonen The Talking Cure antzerki lanean oinarriturik dago, eta hura gertakizun errealetatik abiatuta sortu zuen autoreak. Antzerkiaren eragina nabaria da filmean, batez ere Knigthlyren antzezpenen teatralean, baina baita istorioaren kutsu komikoan ere. Freud eta Jungen ikuspuntu kontrajarriak azaleratzen ditu Cronenbergek. Mortensenen ustez, «sarritan ez zen desadostasun intelektualen afera, harrotasun kontua baizik. Eurak ere, azken finean, haurren gisan jokatzen zuten batzuetan».

Beste pertsonaia batek, Otto Grossek, barruko deabrua ordezkatzen du, Vincent Cassel aktorearen eskutik. Filmeko pertsonaiarik komikoena da, eta Jung konbentzitzen saiatuko da Spielreinengatik sentitzen duen desio sexualari men egin diezaion. «Aktore taldeak psikoanalisiaren behar handia du, horregatik sartu dut gaia», esan du Cronenbergek, barre artean. Knightlyk ez zion aurka egin: «Aktorea naiz, beraz,begi bistakoa da burutik jota nagoela».

Txistuak Phillipe Garrelentzat

Phillipe Garrelen Un été brûlantfilmak ez du batere harrera ona izan: jaialdia hasi eta hiru egunera lehen txistuak aditu dira Venezian. Monica Belluci aktore ezaguna da filmeko protagonista, eta, harekin batera, zuzendariaren semea, Louis Garrel. Kutsu poetikoko maitasun istorioa da Un été brulant, «inkonformismotik jaio dena, zinemara hurbiltzeko nire modutik», zuzendariaren arabera. Artea eta egile zinema defendatu zituen Les amants régulierls eta La frontiére de láube filmen zuzendariak, atzoko porrotaren ondoren eginiko agerraldian.

Filmaren alde egin zuen Monica Belluci aktoreak ere. «Gutxitan egon naiz filmaketa honetan bezain gustura», esan zuen, «Phillipek unibertso erradikal bat sortu du, gustatu edo ez, bakarra da». Belluci biluzten den momentua izan da istoriotik zeresan gehien eman duena, haren ustez, «film eta zuzendari batekiko eskuzabaltasuna» erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.