Prozesuak zentzua izan dezan

Hitzartutako Zirkuituak 11 antzerki proiekturi ziurtatu die bira bat egingo dutela udazkenean

Norka Chiapusso, Gorka Ganso, Joxean Muñoz eta Nekane Basterretxea, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Antzerkiak ez du zentzurik ez badago publikorik». Gorka Ganso aktorearen iritziz, antzezlan bat prestatzen hilabete askotan egindako lanak jendaurrean erakustean hartzen du zentzua. Hitzartutako Zirkuituan lehen aldiz aurkeztu da haren Ganso & Cia konpainia Kaput antzerki proiektuarekin, eta aukeratuak izan dira, beste hamar obrarekin batera. Euskadiko Antzoki Sareak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmoa da, eta, horri esker, ekoizpen fasean dauden Euskal Herriko antzezlanei ziurtatzen zaie udazkenetik aurrera emanaldiak egingo dituztela, Euskadiko Antzoki Sarea osatzen duten 45 antzoki publikoetan. Antzoki horietatik lau Araban daude, 25 Bizkaian eta beste 25 Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritza antzerkien produkzioaz arduratzen da batez ere, eta antzoki publikoek kudeatzen dituzte obra horien emanaldiak. Bi adar horien arteko harremana sustatzeko sortutako proiektua da Hitzartutako Zirkuitua; antzezlanei zuzeneko saioak ziurtatzeko, alegia. Horretarako, Euskal Herriko talde profesionalen antzerki proiektuek programatzaileen artean interesik ba ote duten aztertzen dute lehenik, eta horren ostean erabakitzen dutehaietako zein finantzatuko dituen Eusko Jaurlaritzak. Urte hasieran aurkeztu zituzten konpainiek irailetik aurrera estreinatu asmo zituzten antzezlanen proiektuak, eta horien artean aukeraketa bat egin dute.

Aurkeztutako lan horien artean lehen hautaketa bat gainditu zutenak bigarren fasera igaro ziren: Kontratazio Foroan egiten den behin betiko hautaketara. Apirilaren 6an egin zuten bilera hori Ermuko antzokian (Bizkaia), eta, han, konpainiek beren proiektuak aurkeztu zizkieten antzokietako programatzaileei. Haiek, obren inguruko zalantza guztiak argitu ostean, zein obra kontratatzeko asmoa zuten iragarri zuten. Gutxienez hamabi emanaldi lortu zituzten proiektuak pasatu ziren azken fasera: haietako bakoitzari bira bat antolatu zitzaion, eta horren egutegia ere bilera horretan bertan zehaztu zuten.

Aurten, lehen aldiz, Kontratazio Foroan aurkeztutako proiektu guztiak aukeratu dituzte; hau da, obra guztiek lortu dituzte gutxienez hamabi saio. Hamar konpainiaren hamaika obra dira, eta, orotara, 232 emanaldi egingo dituzte. Obra estreinatu eta hurrengo lau hilabeteetan egingo dituzte bira horiek. Iaz sei bira antolatu zituzten, eta, guztira, 155 emanaldi izan ziren, aurten baino 77 gutxiago.

Hitzartutako Zirkuituan aukeratutako obra horiek emanaldi kopuru bat ziurtatua dute; batez beste, 21 saio egingo dituzte. Eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat eskura dezakete, garapen bidean den proiektu hori ekoizteko —betiere konpainiek ez baldin badute eskuratu bi urteko jarduera sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza—. Kultura Sailburuordetzak 187.500 euro bideratu ditu aurten lan horien ekoizpenera, eta obra bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, laguntza handiagoa edo txikiagoa eskuratuko du. Proiektu bakoitzak gehienez 60.000 euro eskura ditzake.

Balorazio ona

Egitasmoak erakunde publikoen eta antzerki taldeen arteko harremana bultzatu nahi du, eta, horrekin batera, ziurtatu nahi du baliabide ekonomikoek etekin sozial bat izango dutela. Euskal Herriko antzerki taldeei egonkortasun bat ematea da beste helburuetako bat. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak balorazio ona egin du Hitzartutako Zirkuituak 1993tik gaur arte ardatz horien bueltan izan duen garapenaz.

Egitasmoak euskara sustatzeko duen asmoa nabarmendu dute antolatzaileek. Hamaika obra horietako guztiek euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa izango dituzte, bik izan ezik: Artedrama konpainiaren Francoren bilobari gutuna euskara hutsean da, eta Ganso & Cia taldearen Kaput, berriz, mutua da.

Eusko Jaurlaritzak beste bi diru laguntza mota eskuratzeko aukera ere eskaintzen die antzerki konpainiei. Proiektuz proiektukoa da bat: komisio batek kalitatearen arabera erabakitzen du zein obra finantzatuko dituen. Horrez gain, bi urteko laguntza ematen zaie urte askotako ibilbidea duten antzerki enpresei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.