1.
Gure kantu zaharrak, gure lur birjina,
mendi berdeak eta itsaso urdina,
oso estimatua da gure lurrina,
titi moltsetan saltzen dute ikurrina,
tente ipintzeraino Eiffelen burdina.
2.
Gora ta gora doa gure akzioa,
ahalgetuentzat zer liberazioa;
kolpetik bilakatu da atrakzioa,
negozio bide bat, prostituzioa,
putek barka bezate konparazioa.
3.
Zapi gorri ttiki bat lepoko bonsai
piper hauts garbienez irindu bisaia,
zirkora aitzin azken mirailen pasaia,
horixe da gorteak nahi duen masaia,
bost axola etxeko besape usaia.
4.
Burdeletan legea beti da nork nori,
ongi erakutsia da euskaldunori,
orain gozatzen hasi dira bat edo bi,
kantatuz Marsellesa ta Txoriak Txori,
ezin liteke askoz beherago erori.
5.
Prostituzio kultural horregatik brabo,
total, irabazteko hiruzpalau trago,
ta ez da bat bakarrik, badabiltza frango,
kulturan, politikan, ta hortik harago,
orain ez ditut denen izenak emango.
6.
Ikusiz zer orgasmo, ikusiz zer plazer,
ergel hutsa naiz edo nik ez dakit ezer,
Eiffelen burdin horri «I love you for ever»,
bizirik higuingarri gertatzen ginen ber,
hilurren gaudelako gatzaizkio eder.
Doinua:Asteburu aldera (Anje Duhalde Xabier Amurizaren kantari).