«Proiektu errealista eta sinesgarria izan behar du Balentziaga museoak»

Getariako museoaren egoera egonkortzea da Miren Vives Almandoz zuzendari berriaren erronka nagusia

Miren Vives Almandoz Balentziaga museoko zuzendari berria, atzoko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Getaria
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Duela hiru urte ireki zutenean, harrera beroa izan zuen Getariako Balentziaga museoak, baina hasierako ikusmina pixkanaka itzaliz joan da. Krisi ekonomikoak eta diru laguntzen murrizketak bultzatuta, ez ixteko hainbat neurri hartu zituzten, hala nola ordutegia murriztea. Hartutako neurriekin egoera nolabait egonkortzea lortu duten arren, iaz bisitari kopurua jaitsi egin zen, eta eraikinaren zazpi aretoen funtzioak oraindik ez daude erabat finkatuta. Dena den, museoa aurrera aterako dela sinetsita dago Miren Vives Almandoz museoko zuzendari berria (Donostia, 1973).

Erronkak asko dira, eta oinarriak sendotzea izango da haren helburu nagusia. Hiru oinarri aipatu ditu zuzendari berriak; museoan aurretik planteatu eta bideratzen hasi diren prozesuak garatzea, nazioarteari begira jartzea eta herritarrekin eta Euskal Herriko erakundeekin harremanak sendotzea. Dena den, oraindik ez du neurri zehatzik iragarri nahi izan, eta denbora eskatu du bere lan lerroa osatu eta martxan jartzeko: «Premiazkoa da non gauden eta nora joan behar dugun zehaztea. Horretarako, denbora beharko dugu, baina hasiak gara datozen urteetara begirako planak egiten. Orain arte egindako lana berrikusi eta garrantziaren arabera martxan jartzea izango da lehen erronka; museoak proiektu errealista eta sinesgarria izan behar du, ondoren, baliabide ekonomikoen arabera, bide berriei ekiteko».

Museoaren aurtengo aurrekontu ekonomikoa 1,4 milioi euro inguruan dago, eta zuzendari berriak espero du datorren urtean aurrekontu hori egonkortzea. «Bisitari kopurua jaitsi izanak ez nau larritzen; benetan garrantzitsua dena da egunean-egunean museo honen proiektua sendotuz joatea». Hala, museoa ezagunago egitea izango da epe luzerako erronka handiena, zuzendariaren esanetan; besteak beste, asmoa dute 2016. urtean Frantziako erakundeekin elkarlanean aritzeko. «Urratsez urrats, orain arte egin den bidetik lanean jarraituko dugu, eta konexioak egitea izango da gure helburua, bai inguruarekin, bai nazioartearekin ere».

Oinarri sendoak eraikiz

Iazkoa «urte zaila» izan zen museoarentzat, Balentziaga fundazioko presidente Ikerne Badiolaren esanetan. Arazo ekonomikoei aurre egiteko, apirilean aho batez aukeratu zuten Vives Almandoz. Horrekin batera, orain arte kontserbazio lanen arduraduna, Igor Uria Zubizarreta, bildumen zuzendari izendatu dute.

Zuzendari berriak museoaren beharrak betetzeko ezaugarri guztiak ditu, Badiolaren arabera. Ez da moda eta artean aditua, baina erakunde kulturalen kudeaketan esperientzia handia dauka. Deustuko Unibertsitatean Ekonomian lizentziaduna da, eta Xabide kultura kudeaketarako enpresan lan egin du, besteak beste. Hamar urteotan Gipuzkoako eta Arabako museoen antolaketa eta gida planetan parte hartu du, eta Gipuzkoako Historia Museo Birtuala sortzeko egitasmoaren koordinatzailea izan da. Hain zuzen ere, Badiolak adierazi du museoa kudeatzen jakingo duen zuzendariaren bila ibili direla: «Museoak duen egoera ikusita, proiektua aurrera eramaten dakien pertsona bat behar genuen. Museoa ireki zenean, egoera oso bestelakoa zen; orain, errealistak izatea eta lurra ukitzea tokatzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.