Programazioaren bidea

Kultur politikak eta kultur hezkuntza indartu beharra agertu dute hainbat programatzailek Bilbon eginiko solasaldianDaniel Castillejo, Laura Etxebarria eta Igor Otxoa aritu dira mahai inguruan

Igor Otxoa, Laura Etxebarria eta Daniel Castillejo atzo Bilboko Bizkaia Aretoan mahai-ingurua eta gero. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kalitatezko programazio artistikoaren beharra aldarrikatuzuten atzo Daniel Castillejo Artium museoko zuzendariak, Laura Etxebarria Bilboko La Fundacion aretoko zuzendariak eta Igor Otxoa musikari eta Donostia 2016ko programazioaren arduradunak, Euskadi ¿Programación creativa? mahai inguruan (Euskadi, Sormenezko programazioa?), Bilbon. Haien iritziz, Hego Euskal Herrian kulturaren inguruko hezkuntza gabezia nabarmenak daude, eta kultur politikak zein hezkuntza sistemak horiek betetzera bideratu beharra dago. Azken hamarkadetan horretan aurrera egin bada ere oraindik bide luzea egiteko dagoela nabarmendu zuten.BizBakek antolatutako Gestión y dirección artística: programación creativa en las artes en vivo y contemporáneas (Gestio eta zuzendaritza artistikoa: sormenezko programazioa zuzeneko arteetan eta arte garaikidean) udako ikastaroaren barneko mahai ingurua izan zen.

Azken hamarkadetan Euskal Herriko programazioak eboluzio nabarmena bizi izan badu ere, gauza asko aldatzeko beharra dago hiruren iritziz. Eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoan sorkuntzara bideratuagoa dagoen programazioaren beharra dagoela aldarrikatu zuten: «Orain arte, herri honetan, programazioa erakustera eta ekoizpenera bideratu izan da, sorkuntzara, berriz, ez horrenbeste eta, oso gutxi landu da publikoen sormena. Ez da publikorik lortzen saiatu», azaldu zuen Otxoak.

Bide horretan, hezkuntza kulturalean dauden gabeziak nabarmendu zituzten hirurek. Hala, behar-beharrezkotzat jotzen dute kulturak hezkuntzan leku nabarmenagoa izatea. Hego Euskal Herrian, arlo horretan, oraindik bide luzea egiteko dagoela iritzi dio Otxoak. Eskoletan artearen eta kulturaren presentzia handitzearekin batera, txikitatik umeen sormena bultzatu beharra dagoela azaldu zuen.

Horrekin batera, EAEko antzokien ekoizpen propio gehiago egotea eta artistentzako erresidentzia gehiago izatea faltan sumatzen dute hirurek: «EAEn ez da lortu antzoki batek dantza konpainia propio bat izatea, adibidez», azaldu zuen Etxebarriak, «Lekuak bizilagun bat izan dezan, artistak leku bat izan dezan eta harreman horrek aztarna utz dezan beharrezkoak dira». Antzokietako ekoizpen eta konpainia propioen beharra ez ezik, sormena bultzatzen duten bestelako lekuen kontra ere egin dela salatu zuen Otxoak: «Sormena laguntzeko laguntzarik ez egotearekin batera, batzuetan horren kontra egin dute erakundeek; hemen Bilbon, Kukutzaren adibidea dago. Herri honetan egon diren sormen fabrika gutxien artean, gaztetxeak horren parte garrantzitsua izan dira», kritikatu zuen.

Gizartea eraldatzeko tresna

Halaber, kultura eta gizarte ereduen eraldaketa ekarriko duten programazioak egiteko beharra dagoela iritzi diote hirurek. Bide horretan,Donostia 2016ko programak horretako bokazioa duela argitu zuen Otxoak: «Donostia 2016k ez du su festa bat izan nahi; legatua utzi nahi du. Bestelako dinamika batzuk sortu nahi ditu».

Etxebarriaren ustez,oso garrantzitsua da erakunde eta aretoen arteko kolaborazioa. Izan ere, aretoen arteko sare bat egoteak programazioen aukerak zabaltzen ditu: «Azpiegitura txiki eta independenteok besteekin elkarlanean aritzea behar dugu», azaldu zuen, «Espazioen aniztasunak programazioaren aukerak zabaltzen ditu, konpainiek dituzten beharretara moldatzeko aukera zabalagoa ematen baitu».

Sareak osatze aldera eta sorkuntza bultzatze aldera, Etxebarriak oso garrantzitsutzat jotzen du programetan kanpoko artisten lanak eta bertoko artistenak uztartzea: «Datozenek aztarna utz dezaten bultzatu beharra dago, profesionalen arteko elkarrizketa eta elkar eragina gauzatzeko aukera eman behar da. Eta horrekin batera, bertoko konpainien lana kanpoan ikusarazi behar da».

Krisiak programazioan izan duen eta izango duen eragina ere izan zuten mintzagai. Castillejoren ustez, «diru gutxiago izateak ezin dezake ekarri duintasuna galtzea». Kalitateari eusteko, aretoek eta museoek gutxiago programatu beharko dutela iritzi dio. «Baina horrek ez du esan nahi pentsatzeari utziko diogunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.