Laugarren urtez, Durangoko Azokak DA! Pro sortzaileen eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatuko du. Aurten, egitasmo hori abenduaren 5erako antolatuko da, hau da, azoka hasi baino bi egun lehenagorako, bi espaziotan: Durangoko Bizenta Mogel liburutegian eta San Agustin kulturgunean.
Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak adierazi duenez, DA! Pro mantentzearen alde egin du DurangokoAzokak, estrategikoa baita Azokarako: «Orain dela lau urte hasitako bideari eutsi nahi izan diogu. Kulturaren plaza profesionalentzako topagunea izatea da gure helburua, etorkizunean proiektu berriak sortzea bultzatzeko». Durangoko Azokarekin batera, proiektu honetan parte hartuko dute BBK-k, Musika Bulegoak, Bizenta Mogel bibliotekak eta Berbaro elkarteak.
Iaz bezala, bi arlo landuko ditu aurten DA! Pro egitasmoak: musika, batetik, eta familia ikuskizunak, bestetik. Abenduaren 5ean izango dira topaketa biak, 09:00etan: musikariak San Agustin kulturgunean batuko dira, eta familia ikuskizunak, Bizenta Mogel bibliotekan. Bi saioetan, sortzaileek aukera izango dute programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen aurrean euren proiektua aurkezteko, 10-15 minutuz. Horrela, programatzaileek aukera izango dute sortzaileak eta euren kultur proposamenak bertatik bertara ezagutzeko. Aurkezpenak euskaraz izango dira.
Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Artistek azaroaren 10era arte izango dute epea, eta programatzaileek, azaroaren 30era arte, denek ere www.durangokoazoka.eus webgunean.
Aurkezpenez gain, aurten katalogo bat sortuko du Durangoko Azokak jasotako kultur proposamenekin (bai musikan, bai familia ikuskizunetan). Katalogohori programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen eskura jarriko dute, urte osoan kontratazioak egiteko aukera emateko.
Programatzaileak eta sortzaileak batuko ditu 'DA! Pro' egitasmoak
Musikariek eta ikuskizunetako sortzaileek euren lanak aurkeztu ahal izango dizkie sektoreko programatzaileei abenduaren 5ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu