Durangoko 52. Azoka. Gorka Arrese eta Xabier Olarra. Susako editorea eta Igelako editorea

«Profesionalentzat, azoka; baina den-denontzat, festa bat»

Biek ala biek ia 30 urte egin dituzte argitaletxe banatan editore gisa lanean; eta beste horrenbeste urtean izan dira Durangoko azokan ere, lanean zein solasean.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Durango
2017ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Urte berezia du aurtengoa Durangon Gorka Arresek (Zarautz, Gipuzkoa, 1965). 1988an argitaratu zuen lehen liburua Susako editore moduan: Xabier Montoiaren Narraztien mintzoa izan zen liburu hura. Aurten ere Montoiaren liburu bat izango dute Susaren erakusmahaian, Hitzontziak nobela, hain zuzen ere. Ia 30 urte igaro dira lehen liburu hartatik, eta Durangoko Azoka igaro berritan utziko dio Susako editore izateari Arresek. Xabier Olarra (Tolosa, Gipuzkoa, 1953) 1989az geroztik da Igelako editore, eta 1990etik izan da Durangon.

Nola oroitzen duzu azokara etorri zinen lehen aldia?

GORKA ARRESE: Lanera etorri nintzen, Argia astekariaren eta Susa argitaletxearen standera. Bazkalorduan itxi egiten zen azoka; orduan hasi ginen Abadiñoko Abarketeruenera joaten.

XABIER OLARRA: Ilusio handiz gogoratzen dut lehen aldi hura; liburu gosez, lehenbiziko soldatetatik diru mordoxka bat gastatzeko asmoz etorri nintzen. 1978a izango zen. Bilbon bizi nintzen. Euskara irakasle hasi berria nintzen. Denetik behar nuen.

Esperientziaren talaiatik: azoka bat ala elkargune bat da?

G.A.: Profesionalentzat, azoka; baina den-denontzat, festa bat: mintza, kanta, dantza, hurrupa.

X.O.: Elkargune izan da, eta da. Baina orain, niretzat, azoka, beste ezer baino gehiago.

Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?

G.A.: Hogeitaka urteetan... ez dakit bakarra esaten. Iaz, Patxi Gaztelumendirekin; ez zen literaturaz izan, argitaletxeez baizik, eta kultur ahaleginez eta asmoez.

X.O.: Miel Anjel Elustondorekin izan ditut solasaldi interesgarrienak.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

G.A.: Musikariekin. Bestelako perspektiba bat dute, batzuetan arrotza egiten zaidana, bizkorgarria sarritan. Zerbait diferentea ikasten da haien kontuak adituta.

X.O.: Askorekin, Koldo Izagirrerekin,PatriUrkizurekin, Ramon Saizarbitoriarekin edo Josu Landarekin, adibidez.

Zein da azokan bizi izan duzun unerik desatseginena?

G.A.: Karpa baten pean ere izaten zen garai batean. Euri jasa baten itoginekin liburu asko hondatu zitzaizkigun. Ez nion buelta eman zaputzari.

X.O.: Ez dira asko izan, baina holakoak hobe ahaztea.

Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?

G.A.: Abadiñon, Abarketeruena. Durangon, Palentino. Lagunak Murueta baserrira joaten dira lotara; ni, Zarautzera.

X.O.: Garai bateko Juantxo taberna-jatetxea. Hotza ateratzeko leku ederra zen. Bikaina izaten zen hango bakailaoa pil-pilean. Orain, Larrinagatxun ere ederki bazkaltzen da.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

G.A.: Liburu bat esan behar dizut nik? Bai, zera! Diskoa: Mursegoren bigarrenaren bost ale erosi nituen atera zenean.

X.O.: Kantua Maite ditut maite, Artze/Laboarena. Eta, liburua, Hamaika pauso, Saizarbitoriarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.