Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren proiektu «estrategikoa» da 948 Merkatua, eta gaur eta bihar egingo dute, Iruñean. Artearen sorkuntzan, sustapenean zein ekoizpenean lan egiten duten profesionalen arteko hartu-emanak sortu eta sendotzea da proiektuaren helburu nagusia, Dori Lopez Jurio (Iruñea, 1961) Nafarroako Kultur Ekintzarako Zerbitzuko zuzendariak jakinarazi duenez. Nafarroan ekoizten dena erakusteko «aukera paregabea» izango dela dio. 948 Merkatua diseinatu aurretik, sektorearen errealitatea aztertu dute. Besteak beste, ebatzi dute azken urteak kultur eremuan «bereziki gogorrak» izan direla krisi ekonomikoaren eraginez. Hala, Lopez Jurio ziur dago sektorea «hauspotzen» lagunduko duela 948 Merkatuak.
Gaur hasiko da lehenengo 948 Merkatua. Zeintzuk dira azokaren ezaugarri nagusiak?
Neguko azoka bat da. Nolabait esatearren, azoken azoka bat da, eta izaera orokorra dauka. Hainbat arte diziplinak dute tokia: zinemak, telebistak, arte eszenikoek, musikak, arte plastikoek, sormenaren eta kulturaren beste industriek, eta liburu eta beste euskarrien argitalpenek. Diziplina horiek sei esparru handitan banatu ditugu. Gehienbat, proiektu hau martxan jarri dugu Nafarroaren eta bereziki Iruñearen kokapena estrategikoa delako. Inguruan baditugu beste azoka batzuk, baina gai edo kultur adierazpen bakarrean jarri ohi dute fokua. Burura datorkit dFeria, Donostiako arte eszenikoen azoka, esaterako. Horregatik, erabaki genuen azokari orokortasuna aitortzea, arte esparru ezberdinak ukitzea eta bi egunean zentratzea.
Nafarroako kultur sektorearen azterketa egin duzue. Nolakoa da egoera?
Merkatua abian jarri aurretik egoera nolakoa den jakiteko datu bilketa handia egin dugu, eta zehazki identifikatu ahal izan ditugu hutsuneak. Horri esker, ohartu gara profesionalen artean erakusleiho bat izateko beharra dagoela. Sortzaileak produktua saldu nahi du. Proiektu honen bitartez, Nafarroako ekoizpena erakutsi nahi dugu. Azokaren bidez, artistak eta eragileak kontaktuan jarri eta koordinatu ahal izango dira. Azkenean, 948 Merkatua da kultur munduan aritzen direnek behar duten erakusleihoa.
Datozen bi egunetan martxan izango den proiektuak zer-nolako harrera izan du?
Egia esan, izugarri pozik gaude; harrituta gaude, eta hasierako aurreikuspenak gainditu ditugu. Izan ere, ehun profesional inguruk parte hartzea espero genuen. Baina, esku artean ditudan datuen arabera, 500 profesionalek baino gehiagok eman dute izena. Horiez gain, 300 artista ere izango dira azokan. Beraz, pozik gaude erantzunarekin.
948 Merkatuak egoitza ezberdinak izango ditu. Zer egongo da gune bakoitzean?
Goizeko saioei 948 Pro deitu diegu, eta Baluarten izango dira. Bereziki profesionalentzako saioak dira. Hainbat adituk hitzaldiak eskainiko dituzte gaur eta bihar, horretarako prestatutako hiru aretotan. Horrez gain, laborategiak ere izango dira. Gaur, esaterako, bi izango dira. Teknologia paradigmaren aldaketak kultur kazetaritzan izan duen eraginaren inguruko laborategia zuzenduko du Lucia Lijtmaer kazetari eta kultur adituak, adibidez. Bestalde, proiektu artistikoak aurkezteko txoko bat ere izango da Baluarteko lehenengo solairuan. Azokaren beste gune garrantzitsua Geltokia da. Bertan, liburu eta disko azoka egingo da. Arratsalderako, musika, dantza, antzerki eta zinema emanaldiak antolatu ditugu Joaquin Maia musika eskolan, Nafarroako Filmotekan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Gaiarre antzokian eta Zentralen, besteak beste.
Eskaintza, hala ere, ez da soilik profesionalentzat.
Ez, herritar orok joan ahal izango du arratsalderako programatu ditugun ekitaldi eta emanaldietara. Prezio aldetik merkeak izateko ahalegin handia egin dugu,eta nik uste dut oso eskaintzaerakargarria osatu dugula. Gaiarreko eta Nafarroako Antzerki Eskolako emanaldiak hiru euroan izango dira, eta Filmotekakoak, berriz, euro batean. Baina gainontzeko emanaldiez doangozatu ahalko da. Beraz, ez dago aitzakiarik emanaldietara ez joateko.
Hainbatek nabarmendu dute azoka zabalegia dela, eta, horregatik, ez dela horren eraginkorra izango. Zer iritzi duzu?
Ez nago ados. Ez dugu kezka hori. Gainera, pentsatzen dugu profesional bat etortzen bada ziurrenik etorriko dela musikan edo zineman interesa duelako, adibidez. Arraroa izaten da profesional batek behar orokorra izatea, diziplina denetan egon nahi izatea. Beraz, interesatzen zaizkion hitzaldiak, laborategiak edo proposamenak hautatuko ditu, baina bere arlokoak. Akaso interesa izan dezake aldi berean egiten diren ekintzetan, baina, gure iritziz, batak ez du bestea zapaltzen. Iruditzen zait profesionalak oso zentratuta daudela beraienak diren eremuetan.
Zer-nolako presentzia du euskarak proiektu honetan?
948 Merkatuaren webgunea hasieratik gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez dago. Materiala ere lau hizkuntzetan banatuko dugu. Aldi bereko itzulpena ere izango dugu. Batzuek hitzaldia frantsesez, euskaraz edo gaztelaniaz emango dute, eta, horregatik, itzulpen zerbitzua izango da.
Baina azokaren bitartez ezagutaraziko den eskaintzan euskarak zer-nolako pisua du?
Liburu eta disko azokan badira euskaldunak diren argitaletxeak, Igela, Pamiela, Txalaparta, Katakrak eta Susa, esaterako. Nik uste dut Geltokian egingo den diskoen eta liburuen edizioari dagokion azokan izango duela euskarak pisu gehien.
Dori Lopez Jurio. Nafarroako Kultur Ekintzarako Zerbitzuko zuzendaria
«Profesionalek erakusleiho bat izateko beharra dute»
Martxan da 948 Merkatua, Nafarroako arteen azoka. Gaur eta bihar, kulturaren sektorean aritzen diren profesionalen arteko harremanak garatzeko hamaika ekitaldi izango da Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu