Uurte dezente daramatza James Taylorrek (1948) estudioko disko berri bat iragartzen. «Konposatzea eragozten didan edozer gainetik kentzen hasiko naiz datorren irailean. Eraikin txiki bat alokatu dut nire bizitokitik bost bat miliatara—Massachusetts estatuko herri txiki batean bizi da—. Lasaia da, ez dauka telefonorik, eta han lan egin ahal izango dut. Sei bat hilabeteren buruan albuma prest edukitzea espero dut». 2008an adierazi zuen hori. Urte erdia ez, zazpi behar izan ditu folkaren inoizko ikur handi eta ospetsuenetako batek. Maiatzean kaleratuko du bere ibilbide luzeko hamazazpigarren lana; hamahiru urtean material berriarekin grabatu duen aurrenekoa. Donostiako Kursaal jauregian joko du gaur, 2009ko Jazzaldian egin bezala (19:00). Bere errepertorio oparoko pieza klasikoenak interpretatuko ditu; Fire and Rain, You've Got a Friend, Sweet Baby James, Rainy Day eta Don't Let Me Be Lonely Tonight, esaterako. Oholtzan All Star Band deiturikoak babestuko du; hau da, Jimmy Johnson (baxua), Steve Gadd (bateria) eta Larry Goldingsek (pianoa), besteak beste.
Urteak daramatzate elkarrekin. «Nire abestien akordeetatik abiatuta, haiek dira konponketak-eta egiten dituztenak», adierazi izan du kantu liriko eta intimistaren erreferenteetako batek. Izan ere, jarraitu du kantuak osatzen; ez da nagikeriagatik izan hamahiru urte behar izan dituela lan berria kaleratzeko —October Road izan zen aurrekoa—. Ez. «Gauzak nire modura egin behar ditut; oso poliki, alegia».
Gainera, lanpetuta ibili da. Adibidez, azken urteotan Barack Obama AEBetako presidentearen kantari, nolabait, ofiziala bihurtu da. Hura kargura iritsi zeneko kanpainan hainbat aldiz parte hartu zuen —2008-2009an—, eta gerora ere kantatu izan du Etxe Zurian; adibidez, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Washingtonera egindako azken bisitan. «Obamak deitzen baldin banau, ni joan egiten naiz». Bere herrialdeko ereserkia ere interpretatu du zenbait aldiz Major League Baseballeko finaletan, Bostonen (Massachusetts). Konpromisoak betetzen dituen kantugilea da Taylor, oso profesionala.
Baina oso sentibera eta hauskorra, aldi berean. Haurra, nerabe zenetik oso identifikagarria da zeinu hori bere nortasunean. «Gainontzeko ikaskideak baino sentiberagoa zen», nabarmendu zuen behin, haren institutu garaiko irakasle batek. Beraz, depresioak-eta zirela medio, igaro izan ditu bolada batzuk ospitale psikiatrikoetan. Heroinazale eta alkoholiko bilakatu aurretik ere ezagutu zituen — «New Yorken asko ikasi nuen musikaz, bai, baino gehiago drogez»—.
Etxe orratzen hirian beharrean,Londresen bihurtu zen musikari. The Beatlesekoen lagun bilakatu zen, eta John Lennon, Paul McCartney eta enparauen diskoak kaleratzen zituen etxearekin, Apple Recordsekin, osatu zuen bere estreinako lana: James Taylor (1968). Zailena eginda zeukan, beraz. Hurrengo urtean jada folk musikaren jaialdirik garrantzitsuenean, Newportekoan (AEB), parte hartu zuen.
Behin izar bilakatuta, bizimodu gorabeheratsua eduki zuen ondorengo urteetan, garai hartako sektoreko tradizioari jarraiki, lanak argitaratzen jarraitu zuen arren. Erretiratzekotan ere egon zen. 1985a zen. Kantatu zuen, ordea, Rio de Janeiroko jaialdi entzutetsu batean. Hala kontatu izan du: «300.000 pertsona neuzkan niri adi. Nire kantuez gain, nire bizitza ere ezagutzen zuten. Gisa horretako onespena behar nuen aurrera egiteko».
Hori oroitzen du sei Grammyz gain beste hamaika sari irabazi dituenak, Rock-and-Rollaren Ospearen Aretoan dagoenak, Rolling Stone aldizkariarentzat inoizko 100 artistarik onenetakoa denak, AEBetako herri kulturako ikono denak... Bere egiletzako 200 piezatik gora osatu ditu, baina umorez dio hamabost besterik ez dituela egin azken mende erdian: «Hamabost, bere alderaketekin». Denbora behar du lanak argitaratzeko. «Arazoa da proiektu gehiegitan sartzen naizela». Gainera, bere webgunean gitarra eskolak ematen ditu doan, eta bideo batean azaltzen du nola piztu berogailu zahar bat, adibidez. Bitartean, bere alorrean oso profesionala izaten segitzen du.
Profesional sentibera
Folkaren ikurretako bat da James Taylor, ikono bat AEBetako herri kulturan. Kursaalean ariko da gaur, eta estudioko bere hamazazpigarren diskoa kaleratuko du maiatzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu