Probintzianoa unibertsal egitea

'Altzoko Haundia, txikien opera' diskoa egin dute; David Azurza da musikaren egilea, eta Koldo Izagirre testuena

Izagirre eta Azurza (beheko lerroan, eskuinean), proiektua babestu duten erakundeetako kideekin. GORKA RUBIO / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bai antzinako literaturan eta bai modernoan ere erraldoiekin «pertsonaia pilo bat» sortu izan dela iruditzen zaio Koldo Izagirreri. Eta Migel Joakin Eleizegi Ateaga Altzoko Handiak (1818-1861) badauka «garatu gabeko alderdi bat». Iritzi berekoa da David Azurza musikaria. Beraz, haiek biek bide bat irekitzea erabaki dute, eta Altzoko Haundia, txikien opera diskoa ontzea. Azurzak idatzi du operaren musika —«haurrentzat da»—, eta hitzak, berriz, Izagirrerenak dira. Haren ustez, «Altzoko Handia bezalako pertsonaia probintziano bat pertsonaia unibertsal bihurtzeko» balio dezake diskoak, operak.

Diskoa, baina, «proiektu zabalago baten lehen pausoa» dela jakinarazi zuen Azurzak atzo, aurkezpenean. «Izan ere, opera hau txotxongiloekin taularatzea da gure ideia». Diskoa baliatu dute, bide batez, Tolosako Hodei Truk haur abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko. Hain zuzen, abesbatzahorrek kantatuko du opera. Pertsonaiei ahotsa jarriko dieten aktoreen artean, berriz, hauek daude: Kike Amonarriz, Angel Alkain, Ainhoa Pineda... eta Azurza eta Izagirre ere bai.

Musikariei dagokienez, berriz, Miren Zeberiok jo du biolina, Jone Rezolak txirula eta piccoloa, Luis San Sebastianek klarinetea, Aitor Furundarenak akordeoia eta Iraide Ansorenak perkusioa. Andoni Aleman izan da narratzailea, Azurzak zuzendu ditu, eta Beasaingo Pottoka estudioan grabatu dute, Fredi Pelaez teknikariaren gidaritzapean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Altzoko eta Tolosako udalek, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak, Donostia 2016k eta Tolosa Ekinbide Etxeak babestu dute egitasmoa.

Azurza izan zen proiektuaren bultzatzailea. «Urte dezente generamatzan Koldok eta biok ideiari bueltak ematen, eta, azkenean, lehen pausoa eman dugu». Izagirrek aitortu zuen, ordea, hasieran opera bat beharrean asmoa antzerki obra bat sortzea zela. Eta hark bazuen materiala: «Aspalditik nituen Altzoko Handiari buruzko oharrak karpeta batean. Ez dakit marrazki bizidunetako film bat egiteko edo...».

Baina prozesuan bere testuak «transformatu» egin direla uste du: «Musika erantsita, nik oso urruti bezala sentitu dut idatzitakoa. Hala, transformazio horrek lan artistiko bihurtu ditu nire hitzak». Gainera, pentsatzen du Altzoko Handiari buruz orain arte egindako lanak «dibulgatiboak eta etnografikoak» izan direla. «Harrigarria da nola ez den kantura edo literaturara eraman».

Egin dutena, Izagirreren irudiko, ez da «antzeztutako biografia bat». Elementu literarioak baliatu ditu: «Umorea, txikitasuna, handitasuna, giro lirikoa...». Betiere, erraldoiaren indar sinbolikoa nabarmenduz. «Horrelako pertsonaia batek, gainera, galdera bat probokatzen du: zer da handitasuna?». Ordubeteko iraupena dauka, eta, Azurzaren ustez, badu ukitu «triste bat», baina «alaia, atsegina eta bizia» da aldi berean. Hurrengo urtean taularatu nahi dute opera, probintzianoa unibertsal bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.