Ipuingintza, antologiak, saiakerak, zinemagintza... Nahiz eta garai desberdinetakoak izan, denetarik egiteko gai ziren Jaques Prevert (Frantzia, 1900-1970) eta Manuel Vazquez Montalban (Herrialde Katalanak, 1939 - Thailandia, 2003). Hala ere, bada inoiz alde batera utzi ez zuten arlo bat: poesia. Hori dela eta, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaieren bilduman haien antologia bana euskaratu dute lehen aldiz. Koldo Izagirrek euskaratu du Prevert, eta Jon Alonsok, berriz, Vazquez Montalban. Bildumako 52. eta 53. zenbakiak dira.
Anaia zinemagilea zuen Prevertek, eta sarritan gidoiak idazten zizkion. Izagirreren ustetan, horrek eragin «nabarmena» izan zuen idazlearen poesien egituran. Izan ere, poema narratiboetara jotzen zuen sarritan frantziarrak. Maialen Berasategi itzultzaile eta bildumaren zuzendarietako batek honela azaldu du poetaren estiloa, liburukiaren hitzaurrean: «Poemak, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk, parabolatik ere hurbilak agian».
Gerra izan zuen hainbat testutan hizpide idazleak; haren aurka agertzen baitzen irmo. Hitz horietako asko kantu bihurtu ziren Frantzian, herri kantu bihurtzeraino ere bai batzuk. «Asko eman dio Frantziako kantagintzari», gehitu du Izagirrek. Horietako bat da Barbara olerkia; gerraz gain, amodioa ere uztartzen da bertan: «O Barbara/ atertu gabe ari du Bresten/ orduan bezala/ baina ez din antzik dena suntsitu diten/ dolu euria dun penatua izugarria».
Haurrak eta natura ere izaten zituen hizketagai Prevertek. Esaterako, lehen pertsonan haurren ikuspuntutik idatzia da Eskolatik jalgi eta poema.
Zorra kitatu
Jon Alonsok «maileguan» hartu zuen Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho pertsonaia Carvalho Euskadin nobelarako (Susa, 2023). «Zorra kitatzeko asmoz, haren poemak euskaratu ditut orain», azaldu du. Itzultzaileak kontatu duenez, idazten hasi zenetik bere burua poetatzat zeukan Vazquez Montalbanek; hala adierazi zuen 1995ean egin zioten elkarrizketa batean: «Ni poeta naiz, nintzen eta izango naiz. Poeta ona edo txarra naizen, hori ikusteko dago oraindik».
Zazpi liburutan kaleratu zituen poeta kataluniarrak bere olerkiak, eta, gerora, Memoria y deseo izeneko liburuan bildu zituen guztiak (Memoria eta desira). Itzultzailearen ustez, bi elementu horiek ziren Vazquez Montalbanen testuen bi ardatz nagusiak: 36ko gerra galdu zutenen memoria —bera ere haien parte sentitzen zelako—, eta desira, Alonsoren esanetan «bai afektiboa edo sexuala ere».
«[Vazquez Montalbanek] Intelektual eta serio itxura izan dezake lehen kolpean, baina, irakurtzen hasita, amazulo hutsa zela konturatu naiz»
JON ALONSOItzultzailea
Besteak beste, Blas de Oterok bultzatzen zuen poesia soziala alde batera utzi zuen Vazquez Montalbanek, eta poesia kultuari ere uko egin zion. Horrenbestez, «herriaren aldeko elementuak» gehitzen zizkien testuei, hala nola koplak eta pop musikari —The Beatlesi adibidez—, zinemari eta publizitateari egindako erreferentziak.
Itzultzailearen ustez, poetaren olerkietako asko gaur-gaurkoak dira oraindik ere. Jakin baledi da horietako bat —duela 25 urte idatzia dago—, eta hala dio: «Jakin baledi/ susmatu arren esaten ez dena/ Hiroshimak hitzik gabe/ utzi gintuenetik/ munduko hirugarren gerra/ hiltzen dela/ lau puntu kardinaletan/ lurra gurutziltzatzen dutela svastika batean/ parking amortizagarritik urrun».
Alonsori deigarria egin zaio behin irakurtzen hasita ezagutu duen Vazquez Montalban hori: «Intelektual eta serio itxura izan dezake lehen kolpean, baina, irakurtzen hasita, amazulo hutsa zela konturatu naiz». Amari eskainitako hainbat testu ditu kataluniarrak; Ama ama jantzita ama, adibidez.
10 urte, 50 zenbaki
Hamar urte bete dira Munduko Poesia Kaieren bilduma sortu zenetik. Gainera, 50 zenbaki plazaratu dira bertan. Berasategiren esanetan, langa «borobila» gainditzea lortu du bildumak. Hori dela eta, ale berezi bat prestatu dute: Biziei ere omen. Orain arte Munduko Poesia Kaieretan parte hartutako itzultzaileetako 39ri, gustuko duten poeta banaren poema bana itzultzeko eskatu diete. Gainerako liburukien aldean desberdintasun bat dago, ordea: ale horretan bildutako egile guztiak bizirik daude —gainerakoetan ez bezala—; hortik izenburua.
Hamabi hizkuntzatatik jasotako testuak daude Biziei ere omen-en; Irango, Asturiasko, Eskoziako, AEBetako, Greziako eta Angolako idazleenak, besteak beste. Berasategi: «Kaier kolektibo bizi-bizi bat da».
Bestalde, urteurrenaz baliatuz, Formol Laborategiak ikuskizun berezi bat prestatuko du ale horretako olerkiekin. 2025ean emango dituzte ikuskizun horren xehetasunak.