Hiuzz hirukoteak garbi du zein duten motorra: «Musika egin nahi dugu. Hori besterik ez da, literalki», azpimarratu du Markel Flores gitarrista eta abeslariak. Dena dela, iradoki duenez, egiten ari diren bidea nabarmentzen duten guztietan gustatzen zaie aipatzea «zorte handia» izan dutela, posible dutelako nahi duten hori egitea. «Eta lasai aritzen gara, igual... igual hori da Hiuzz: pop-rocka, lasai egina, patxadaz-edo». Taldearen izaera zein den esplikatzeko modua bilatzen ari delarik, Floresi bizpahiru aldiz egin dio ihes alternatibo hitzak, baina kasik segituan egin dio zuzenketa bere buruari aldiro: «Gaur egun ja ez dakit zer zentzu duen etiketa horrek. Azken finean, Iruñeko kuadrilla bateko hiru tipo gara pop-rocka egiten; zer du horrek alternatiboa?». Josu Arizaleta baxu jotzaileak lagundu dio: «Pretentsiorik gabe aritzen gara, ezta? Igual hori da kontua». Eta hirurek baietz buruaz. Eta pretentsiorik gabe baina ilusioz eginen dute salto bihar eszenatokira, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), beren lehenbiziko lan luzea aurkeztera: Esperoan.
Dudak duda, 1980ko hamarkadaren bukaerako eta 1990eko hamarkadaren hasierako rock alternatibo eta yankiaren oihartzunak sumatzen dizkiote Hiuzzeko kideek beren musikari, eta ados dira fuzz doinuak ere identifikatu dizkietenekin. Flores: «Do it yourself-aren zera, soinu zikina, rock alternatiboa delakoa, baina funtsean poparen beste aldaera bat den hori... horiek dira gure koordenatuak». 2021ean abiatu zirenetik, gustura dira soinu horietan. Taldearen osaketa berbera da hasieratik: Floresez eta Arizaletaz gainera, Julen Izkue ere aritzen da taldean, baterian.
Album luzean hamar kantu bildu dituzte, eta, nabarmendu dutenez, hori bera bada jauzi bat dagoeneko. Izan ere, aurrez bi EP zituzten emanak, bana 2022an eta 2023an: Epea eta Epea II. Eta bosna abesti jaso zituzten EP haietan. Aurreko lanetan halako bi, hortaz, oraingoan. Dena dela, etenik gabeko «jarraitutasuna» izan dela esplikatu du Arizaletak: «Zenbat izango ziren askorik pentsatu gabe hasi ginen konposatzen, aurreko lana atera eta berehala».
«'Do it yourself'-aren zera, soinu zikina, rock alternatiboa delakoa, baina funtsean poparen beste aldaera bat den hori... horiek dira gure koordenatuak»
MARKEL FLORESHiuzzeko gitarrista eta abeslaria
Izkuek nabarmendu duenez, banan-banan landu ohi dute kantuetako bakoitza. «Gehienez ere bi edo hiru izaten ditugu martxan aldi berean, baina, normalean, abesti bat bukatu arte ez gara pasatzen hurrengora. Bueno, behintzat melodia bukatu arte». Eta, oharkabean, Izkuek azaleratu du Hiuzzen konposatzeko maneraren joeretako bat: melodiak lehenik, eta hitzak beti dira soinuaren menpe.
Hitzak ahokatzea
Floresek idazten ditu hitzak. Dioenez, ez du bere burua kantautoretzat. «Ulertzen dut hitzen dimentsioa ere inportantea dela, badela artea, baina ez dut neure burua horretan ikusten». Bestela aritzen da bera: aurrez zehaztua duten melodiari erne erreparatuta beti, eta, tentuz, hitzezko mezu batek ez dakion doinuari aldaketarik ekarri. «Melodia bat dugunean, horren barrenean txertatu behar dira hitzak, nahitaez; hizkuntzari buelta eman behar bazaio, emango zaio», kontatu du abeslariak irribarretsu.
Hori bai, Floresek argitu du inportantetzat duela silaben sonoritatea: «Eraiki badugu melodia eeee ireki batekin, eeee horixe bera duen hitza bilatuko dut». Eta, prozesuan, sarri aritzen da kantuan existitzen ez den hizkuntza batean, ahapeka, ulergaitz. «Bueno, sarritan gero ere ez dira askorik ulertzen», erantsi du barrez. Baina, iradoki duenez, ez du problemarik horrekin. Zera aipatu du, umoretsu: «Zilegitasun artistikoa bada, ezta?».
Edonola ere, kantetan bada mezurik, eta, batzuetan, hitzek irudiak helarazten dizkiote entzuleari. Esaterako, hauek kontatu dituzte abenduaren 13an disko osoa eman aurretik plazaratutako bi aurrerapen kantuetan. Mamuak izan zen lehenbizikoa, eta, abesti horretan, bakardadeak hartuta eta adikzioek harrapatuta dabilen baten irudia bistaratzen da argiki: «Bakarrik aritzen zara (jolasean)/ gaueko zirraran (jolasean)/ marrak barra-barra (jolasean)/ zer bihurtu zara?». Aste bat edo bi abestitik, aldiz, iruditeria nabarmendu du Floresek: «Furgoneta bat, behiak, mendia, hodeiak; listo».
Batera edo bestera, modu narratiboagoan batzuetan eta ideia solteekin josita beste sarritan, aipatuez gain, gai hauei buruzko irudiak eta hausnarketa gisakoak ere gailentzen dira Hiuzzen kantu berrietan —salbu eta Pauzzza-n, hori hitzik gabea baita—: denbora badoala sentitzea, dagoenarekin aurrera egin beste aukerarik ez dela. Beste detaile bat ere erantsi du, gainera, Arizaletak: «30 urteen bueltako krisia». 1993an jaioak dira hirurak, eta honela garatu du ideia Floresek: «Ez dakit krisi deituko niokeen, baina badago gatazka bat. Bereziki pandemiaren ondoren, sentitzen dut inguruan halako urgentzia bat, eta galdera mordoa, zalantza asko: nahi duzun tokian ote zauden, adibidez». Nire etxola kantua da horren adibide nagusia.
Ikasketa etengabean
Ikasten ari den taldea direla nabarmendu dute kideek. Aipatzekoa da, adibidez, hirurak direla aspaldi musikari lotuak, baina ez preseski Hiuzzen aritzen diren modu berean. Esaterako, Izkue gitarrista da berez, eta taldea abiatzearekin batera ekin zion bateria jotzeari. Flores tronpetista da, eta urte gutxi batzuk baizik ez daramatza gitarrarekin buru-belarri. «Ahal duguna egiten dugu, eta gustatzen zaiguna», esplikatu du Izkuek, batere konplexurik gabe. Azaldu dutenez, ingurukoei aditu dieten eta gustuko duten hori imitatzea ohiko estrategia da beren jardunean. Adibide gisara, Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoan baliatutako bateriari erreparatu diola esan du Izkuek —«Gustatu zait sinpletasun hori»—, eta Floresek kontatu du konposatzean ere sarri etortzen zaizkiela erreferenteak gogora. «Adibidez, hasten gara: 'saiatuko gara kantu hau egiten R.E.Men estiloan?' Eta, horrela».
Guillermo Mutiloaren MOTU estudioan grabatu dute Esperoan diskoa, Cordovillan (Nafarroa), eta inguru horretan dute entseguetarako lokala ere. Iragarri gisara, bihar Tolosako Bonberenean ariko dira jotzen, Iruñeko Borla taldearekin batera. Kontzertu gehiago ere badituzte lotuta dagoeneko: besteak beste, Bergaran (Gipuzkoa) izanen dira otsailaren 1ean, kartzela zaharrean.