Soziedad Alkoholikak etzi Madrilgo Vistalegre pabiloian eman behar zuen kontzertua Madrilgo Udalak berak debekatu ostean, zentsuraren hotsak eraberritu dira Gasteizko taldearen inguruan. Ez da jotzea galarazten dieten lehenengo aldia, baina instituzioek berek debekua sustatu izana nabarmendu dute taldekideek. Auzitegi Nazionalak lehenik eta Auzitegi Gorenak ondoren, biek errugabetzat jo zuten taldea terrorismoaren apologia delituan, baina SAren kontrako erasoek bertan diraute. Posta elektronikoz erantzun diete galderoi, Madrilgoaren ondoren.
Noiz jasan zenuten honen aurreko azkeneko debekua?
Orain dela bi urte, 2013an, hiru aldiz jarraian saiatu ginen Madrilera jotzera joaten. Areto bat itxiarazi egin zuten baimenik ez zuelako, eta beste biek atzera egin behar izan zuten instituzioen aldetik jasotako mehatxuen ondorioz.
Halakoak bakarrik Madrilen gertatu izan zaizkizue?
Hemen ere, Gasteizen, zentsura ezartzen da, eta PPk ahal izan duen guztia egin du hainbatetan guri betoa ezartzeko; baita lortu ere. Orain arte gertatu ez zaiguna da aitzakia gisa gure kantuek «hitz gehiegizkoak, mingarriak eta desegokiak» dituztela erabiltzea. Edo gezurrez baliatzea. Duela hamahiru urtetik hona, Espainiako Estatuko leku askotan jotzea galarazi digute euskal herritarrak garelako eta gustatzen ez zaizkien ideiak ditugulako. Oso zaila egiten zaigu Euskal Herritik kanpora joatea, baina oraingoan bereziki deigarria egin zaigu halako arrazoi irrigarriak erabiltzeko lotsarik ez izatea.
Nola hartu duzue erabakia?
Normala den bezala, ez digu batere graziarik egin. Harritu ere ez gaitu egin eskuin muturrak presioa egin izanak. Baina oraingoan ematen zuen antolatzaileek dena oso ondo lotuta zeukatela. Azkenean, Madrilgo gobernuak mozorroa kendu eta bere benetako aurpegi antidemokratiko eta zapaltzailea erakutsi du.
Espero zenuten?
Presioak espero genituen, baina ez, ordea, instituzioen aldetik debeku zuzena jasotzea.
Pentsatu duzue, erantzun gisa, inguruko beste nonbait jotzea?
Oraingoz, ezinezkoa da. Madrilgo Erkidegoko gobernuak botere handia du, eta indarrez erabiltzen du erkidego osoan. Hori dela eta, oso zaila da norbaitek aurre egitea, min eta kalte handia egin diezaioketelako. Baina Madrilen zer gertatzen den arreta osoz begiratuko dugu, eta saiatuko gara hantxe bertan kontzertu bat ematen.
Oraingoan, gainera, salaketa Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egin du, eta ez AVTk, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak.
Badakigu gobernuaren ordezkaritzak Madrilgo Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari igorri ziola idatzi bat ekitaldia debekatzeko aukera azter zezan. Baina debekua iritsi da Madrilgo Erkidegoko Gobernuak igorritako txosten batean. Ondo dakigu presioak, beti bezala, eskuin muturretik gertu dauden komunikabideek hasi zituztela. Erakundeak xaxatu zituzten debeka ziezaguten han jotzea.
Zertarako balio dute Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak zuen alde emandako ebazpenek?
Ezertarako ez, dirudienez. Haiek badakite eraman gaituzten auzitegi guztien ebazpenek errugabetzat jo gaituztela. Baina salaketa jaso izana erabiltzen da kontzertua debekatzeko argudio moduan.
Epaien ondoren, espero zenuten amesgaiztoa amaitzea?
Egiatan, ez. Badakigu ez zaizkiela gustatzen aniztasun ideologiko eta kulturala, eta hasiera-hasieratik jakin genuen jazarriak izango ginela euskal herritarrak izateagatik eta Espainiako alderdi kontserbadoreentzat deserosoak diren gauzak esateagatik.
Hemen, Euskal Herrian, zentsurari erantzun egiten zaio. Madrilen ere bai?
Leku guztietan dago eskubideen urraketa ikusirik haserretu eta erantzuten duen jendea, bai Euskal Herrian, bai Madrilen. Nahikoa da sortzen ari diren mugimendu soziala eta orokortu den haserrea ikustea. Pertsonen eskubideak babesten dituztenek leku guztietan defenditzen dituzte.
Neurririk hartzea pentsatu duzue?
Txostenari helegitea jartzea merezi duen aztertzen ari gara, baina oso zaila ikusten dugu ezer egitea. Madrilgo zenbait abokatuk adierazi digute 2017rako aurreikusten ari direla administrazio auziekiko epaitegietako helegiteen inguruko auzi saioak. Horretaz gain, iradoki digute ez direla inondik ere epaile progresistak eta oso zaila dugula ezer lortzea.
Espainian jotzen duzuen guztietan beldurrez zaudete?
Inondik ere ez. Beti jotzen dugu normaltasun osoz, eta gure kontzertuak jendeak ondo pasatzeko eta barrenak askatzeko festa hutsak dira. Batzuetan, hiriren batean zarata mediatikoa izanez gero, arretaz ibiltzen gara, baina ez da ohikoa.
Eta zer diozue taldean?
Bada, beti aurrera! Eta Madrilen joko dugula, bai horixe.
Soziedad Alkoholika. Musika taldea
«Presioak espero genituen; ez instituzioen debeku zuzena»
Ez da Madrilen jotzea galarazten dieten lehen aldia, baina Soziedad Alkoholika taldekoen haserrea piztu du Espainiako hiriburuan eman behar zuten kontzertua debekatzeko instituzioek hartu duten jarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu