Prekaritateari aurre egiteko «neurri zehatzak» galdegin ditu Lanarteak

Artisten aldeko politika eraginkorra egiteko eskatu die erakundeei Eusko Legebiltzarrean. Ogasunei proposatu diete diru sarrerak lan etekintzat hartzea. Kuotak eskatu dituzte EITBn eta zirkuituetan

Amagoia Gurrutxaga, Garbine Ubeda eta Miel A. Elustondo Lanartean elkarteko ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten. Gure entzule, irakurle eta erosle gehienen begietara, ez gara langileak, eta administrazioak ez digu ematen gure jardun profesionalak behar duen arreta eta errespetua. Eskubideak dauzkagu, baina sistemak ez daki eskua ematen». Euskarazko sortzaileek eta interpreteekduten prekaritateari aurre egiteko, kultur politika «eraginkorrak» eskatu ditu Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean elkarteko ordezkari Garbine Ubedak, Amagoia Gurrutxagak eta Miel A. Elustondok, eta erakundeei «neurri zehatzak» eskatu zizkieten: «Sortzeko, baldintza onak behar dira».

Ubedak gogorarazi zuen elkartea 2020an erregistratuta badago ere, pandemia aurretik jada ari zirela «mugitzen» eta hitz egiten, eta, orduz gero, milatik gora artista ordezkatzen dituzten elkarteekinelkarlanean egin dutela gogoeta: «Babes faltak batzen gaitu era guztietako artistok».

Izan ere, Ubedak salatu zuen kulturak politikarien lehentasunen zerrendan egoteari utzi ziola aspaldi, eta artearen eta, oro har, kulturaren «teoria utilitarioan» oinarritzen direla. Gainera, haren hitzetan, merkatuaren menpe dagoen kultur industria gailendu da, sortzaileen kalterako, eta horrek zuzenean eragin die euskaraz ari direnei batez ere. Hori horrela, kultura kontzeptua «sormenetik eraikitzea» eskatu zuen elkarteak.

Sortzaileek nahiz interpreteek administrazioarekin duten harremana ere prekaritatearen isla da, Lanarteako ordezkarien aburuz. Izan ere, haien errealitateak sarritan egiten du talka administrazioaren jarduteko moduarekin, eta hala, traba burokratikoak, legearen interpretazio ezberdinak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan epigraferik ez duten bertsolariak... maiz aurkitzen dituzte harreman horretan. Bada, artisten errealitateari erantzungo dion ogasun politika «arrazional bat» galdegin zuen elkarteak.

Eta proposamen zehatza igorri zien Hegoaldeko lau ogasunei: «Sortzaileen diru sarrerak lan etekintzat hartzea, aktibitate profesionalen etekintzat jo beharrean». Era horretan, uste dute artista gehienen arazo administratibo eta fiskal nagusiak bukatu egingo liratekeela. Hori adostu arte, tarteko proposamenak aintzat hartzeko ere eskatu zuen, hala nola BEZa salbuestea aukera dagoenean edo bertsolariak ahozko literaturaren sortzailetzat hartzea.

EITBk euskal kulturarentzat duen garrantzia ere azpimarratu zuen Ubedak. Eta Eusko Legebiltzarrari eskatu zion gutxieneko kuotak ezartzeko irizpideak adosteko, euskal kulturari «berebiziko ikusgarritasuna» eman ahal izateko. Izan ere, haren hitzetan, euskarak daukan «uharte publiko bakarra» da EITB, «erdarek hartutako itsaso erraldoiaren erdian». Era berean, euskaraz sortzen den kultura sustatzeko zirkuituak eratzea eta indartzea ere galdegin zuten.

Talde politikoak, bidelagun

Talde politikoetako ordezkari guztiek eskertu zituzten Lanarteak aurkeztutako diagnostikoaeta eskari sorta. Eta prest azaldu ziren aurrerantzean hitz egiteko ere, baina ñabardurak azaldu zizkieten.

EH Bilduk bat egin zuen elkartearen analisiarekin, eta gogorarazi zuen koalizioak proposatu zuela legebiltzarrean lantalde bat sortzea kultura langileen euskal estatutua sortzeko, baina atzera bota zutela. EAJ ere erabat ados azaldu zen elkartearen diagnostikoarekin, baina Eusko Jaurlaritzak nahiz diputazioek hartu dituzten konpromisoak nabarmendu zituen.

PSE-EEren iritziz, ordea, Espainiako Gobernua ontzen ari den Artisten Estatutua izan behar da abiapuntua, «oinarria», eta horri gehitu behar zaizkio tokian tokiko kulturgileek dituzten berezitasunak eta beharrak. Ildo berean, Elkarrekin Podemos-IUk ere nabarmendu zuen Madrilen ari direla pixkanaka artistek dituzten beharretan «hutsuneak betetzen», baina aitortu zuen urteak direla erakundeak «inertziaz» jarduten ari direla.

PPk aipatu zuen, ostera, aintzat hartuko dituela elkartearen eskariak, eta igorritako dokumentazioa aztertu eta Batzar Nagusiei jakinaraziko dietela.

Erantzunen txandan, Gurrutxagak gogorarazi zuen Madrilgo Artisten Estatutuak ez dituela hizkuntza gutxituak kontuan hartzen: «Gu ez gaude hor». Eta, beraz, lagungarri izan badaiteke ere, euskarazko sortzaileen beharretara egokitutako neurriak galdegin zituen: «Gure gorputz neurrien araberako jantzi bat behar dugu lan egiteko».

Lanartea elkarteko ordezkariek eskertu egin zituzten talde politikoen «enpatia eta konplizitatea», baina ekiteko eskatu zieten. «Ezinean bizi gara, arnasestuka», ohartarazi zuen Elustondok. Eta legebiltzarkideei eskatu zieten neurriak ontzeko prozesuan bidelagun izateko. «Laguntza deia egiten dugu; SOS deia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.