Poz handiz hartu dute Errastik eta Garciak aurten Aste Nagusirako egokitutako ardura. Hala kontatu dute biek, eta biak izango dira, Marijaiarekin batera, aurtengo Aste Nagusiko protagonistak.
Jai batzordeak aukeratu du Garcia pregoilari. Gurpil aulkiko Bilbo BSR saskibaloi taldeko kapitainetako bat da. "Ohorea da ardura hau izatea, eta, gainera, asko poztu gara ezgaitasunen bat dituzten pertsonen taldeekin gogoratzearren". Horrez gain, urteetan gurpil aulkietan dabiltzanentzat jaiak eskuragarri eta erraz jartzea goraipatu du.
Errasti, berriz, Piztiak konpartsako kidea da; bere konpartsako aktibismo arduraduna, hain zuzen. Jaiak "herrikoiak" direla jakinarazi du, eta dei egin die bilbotar guztiei jaiak bere "osotasunean" gozatzera. Jaiak "ilusio handiz" eta "beste era batera" biziko dituela azpimarratu du.
Txupinazo garbia eta jai parekideak
Abuztuaren 16an hasiko da Aste Nagusia, eta hirurehun ekitalditik gora izango dira. Txupinazo garbi baten alde egiteko eskatu du Itziar Urtasunek, jaietako zinegotzi ordezkariak: "Jaien hasiera, ilusio handiko unea eta errespetuz bizi beharrekoa". Hori azpimarratu, eta irina eta arrautzak albo batera uzteko eskatu du.
Horrez gain, jai parekideen alde egin dute, Aste Nagusian jarrera sexistarik ez dutela onartuko esanez, jaiak denon gozamenerako izanik berdintasunean bizi behar direlako. Eta gogorarazi dute jarrera sexisten inguruan "zero tolerantzia" eduki behar dela.