Prego eta Okariz Peio Agirreren eskutik joango dira Veneziako Biurtekora

2019ko maiatzaren 11n inauguratuko da nazioarteko erakusketa. Bi artistek elkarlanean egingo dituzte arkitekturaren, eskulturaren esku hartzea eta performancea

Itziar Okariz I Never Said Umbrella azken obrako lan batekin. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Peio Agirre arte komisarioak Itziar Okarizen eta Sergio Pregoren lanekin osatutako proiektu batekin lortu du datorren urtean Veneziako Biurtekoan parte hartzeko aukera. «Arte komisario bati ikusgaitasuna ematen dion egitasmoa da», azaldu du Agirrek. 2012an izan zuen lehenengoz Veneziara joateko aukera, baina ez zuen lortu Espainiako hautagaitza eskuratzea. Sei urteren ostean, berriz ere parte hartu ahal izan du, eta oraingoan, Espainiako Kultura Ekintzak jakinarazi duenez, lan hori izango da Espainiako pabiloia ordezkatuko duen obra. Datorren urteko maiatzaren 11tik azaroaren 24ra bitarte izango da ikusgai, Veneziako 58. nazioarteko arte erakusketan (Italia).

Epaimahaiak bost proposamen jaso ditu aurten, eta aho batez onartu dute Agirreren proiektua. Agirre ibilbide handikoa da arte erakusketen antolakuntzan, arte kritikan eta komisario lanetan, eta lehen ere Okarizekin eta Pregorekin lan egina da. Hain justu, 2012ko lehiaketan aurkeztu zuen azken horrekin egindako proiektu bat. Oraingoan, berriz, bi artista horiekin osatutako lan garaikideak uztartu nahi izan ditu proiektuan. «Hasieratik izan nuen bulkada hori», adierazi du Agirrek. «Ez dute inoiz elkarrekin lan egin, baina bilakaera paraleloa izan dute biek; antzeko erreferenteak dituzte. Lehen aldia da erakusketa dual bat egingo dutela».

Arrisku hori hartu izana da, komisarioaren ustez, epaileek balioetsi dutena: «Ibilbide luzeko artistak dira, eta aitorpen handia dute Euskal Herrian, baita Espainian eta baita nazioartean ere. Baina uste dut epaileek kontuan hartu dutela proposamen erradikala dela». Espresuki Veneziako erakusketarako egindako lan berri bat aurkeztea dute asmoa. Espainiako pabiloia eraikin berezia da. 1922koa da, eta arkitektura egitura bereziak ditu. Horregatik, Okarizek eta Pregok esku hartzea egitura horretan bertan egitea lehenetsi dute: «Hiru mailako interbentzioa izango da: performatiboa, arkitektonikoa eta eskulturarena», azaldu du Agirrek.

Espazio horretan, beraz, bi artistek elkarren harremana lantzeko aukera izango dute, baina baita modu autonomoan lan egiteko ere: «Bi artisten arteko solasaldia da, eta baita eraikinarekin egindako elkarrizketa bat ere. Izango dituzte elkarrekin sortzeko espazioak, baina baita banaka lan egitekoak ere».

Agirreren ustez, Veneziako biurteko erakusketan ikusgai izango den lana euskal arte plastiko garaikidearen adierazpen nagusienetako bat izango da. Nabarmendu du lehenago ere izan dela euskal artistarik erakusketan: Jorge Oteiza 1988an, Cristina Iglesias 1993an, Esther Ferrer 1999an... Horregatik, azpimarratu du bai Okarizek eta bai Pregok badutela euskal kulturari ongi errotutako oinarri bat. Hala ere, belaunaldi aldaketaren garrantziaz ohartarazi du: «Aldagai horrek garrantzi handia dauka proiektu honetan. Belaunaldi berekoak gara bi artistak eta hirurok, eta adierazi nahi dugu euskal arteak badituela dinamismo eta bizitasun propioa, lehen mailakoak».

Agirrek nabarmendu du aldaketa hori epaimahaikideen artean ere sumatu duela: «Badaude genero ikuspegia eta performatibitatea lantzen puntakoak diren kideak. Horietako bat da Paul B. Preciado. Baude, bestalde, Okarizen eta Pregoren lanak bertatik bertara ezagutzen dituzten kideak ere. Puntako epaileak izan dira aurten». Besteak beste, Manuel Borja-Villel Reina Sofia museoko zuzendaria eta Elvira Marco Espainiako Ekintza Kulturaleko zuzendaria aritu dira hautaketa prozesuan. Aurten, gainera, artistek urtebeteko tartea izango dute lanerako, lehenengo aldiz.

Urtebeteko epea lanerako

Urte osoan arituko dira Veneziako instalazioa prestatzen. Agirrek azaldu duenez, berehala egingo dute lehen bisita, lanaren nondik norakoak zehazteko. Ondoren ere elkarrekin arituko dira komisarioa eta artistak, «inoren tesia edo ideia gailendu gabe».

Izan ere, komisarioak uste du Veneziakoa aukera eta esperientzia paregabea izango direla hirurentzat, eta ikasketa prozesu handia izango dela: «Artistek nazioartean egonkortzeko azken bultzada jasoko dute, eta, niretzat, egindako lanaren erakusle izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.