Artea

Praktika artistikoak eta espazioa elkarrizketan jarriko ditu Artium museoak

'Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan' erakusketa eta performance zikloa antolatu ditu museoak. Erakusketari lotutako ekintza perfomatiboak egingo dituzte 11 artistak, gaur hasi eta igandera arte.

'Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan' zikloan parte hartuko duten artistetako batzuk, gaur, Artiumen. QUINTAS FOTOGRAFOS
'Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan' zikloan parte hartuko duten artistetako batzuk, gaur, Artiumen. QUINTAS FOTOGRAFOS
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko irailaren 27a
16:15
Entzun

Museoaren espazioa berriz pentsatu eta bertan eraikitzen diren harremanen inguruan gogoetatzeko asmoz, Lotura mekanikoak. Praktika performatiboak museoan erakusketa eta performance zikloa martxan jarri ditu Artium museoak. Haien bitartez, praktika artistikoek espazioarekin zein espazioaren barruan sortzen dituzten loturez hausnartzeko parada eskainiko du museoak, betiere harreman horiek «nahastu» eta «iraultzeko» xedez.

Iaz uztartu zituzten lehen aldiz praktika performatiboak eta erakusketa formatua museoan —Itziar Okariz artistak eta Catalina Lozano Artiumeko komisario buruak antolatu zuten— eta orain, bigarren aldi honetarako, Iñaki Martinez Anteloren gidaritzapean, 11 artistaren lanak eta praktikak ikusgai izango dira. Valeria Maculan, Federico Vladimir, Pablo Lilienfeld, Ainara LeGardon, Itsaso Iribarren, German de la Riva, Pedro Barateiro, Elena Aitzkoa, Marta Fernandez Calvo, Alejandra Pombo Su eta Marc Vives artisten obrekin osatu dute erakusketa eta zikloa.

Museoaren A2 aretoan paratu duten erakusketa urriaren 13ra arte izango da zabalik. Artelan horiei lotutako ekintza performatiboak, berriz, gaur hasi eta igandera bitarte ikusi ahalko dira, aretoan bertan, museoaren txoko ezberdinetan eta kanpoaldean. Izan ere, Martinez Antelok gogora ekarri duenez, museoaren espazioa eta bertan eraikitzen diren harremanak berriro pentsatu nahi dituzte, museoaren eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen artean «porositatea» lotzeko.

Artisten ekintza performatiboen bereizgarri izaten da espazio jakin batean egiten direla, jendaurrean, eta iraupen jakin batekin. Kasu honetan, baina, perfomance batzuk iragankorrak izango dira, une jakin batean egingo direlako; eta beste batzuek, aldiz, erakusketak dirauen bitartean iraungo dute, erregistro, objektu edo hondarren bidez. Modu horretan, proposamen batzuen eta besteen arteko elkarrizketak sortuko dituzte. Kasu guztietan, baina, museoa bera erdigunean egongo da, non artistek euren piezak nola aktibatzen dituzten ikusi ahalko den.

Piezekin elkarrizketan

Erakusketan, izen bereko performance zikloaren parte izan diren zenbait pieza daude ikusgai. Aretoaren sarreran, adibidez, Valeria Maculan artistaren bi pieza paratu dituzte: Cariatides —oihalez eta burdinez egindako dimentsio handiko obra bat— eta Mascaras — zurez egindako piezak—. Obra horiekin elkarrizketan jarriko da artista ekintza performatibo batean. Maculanek azaldu duenez, «tentsioak eta bestetasunaren pertzepzioa» arakatzeko nahia azaleratuko ditu hala. 

Lotura mekanikoak erakusketa
Ainara LeGardon artista bere obrarekin. QUINTAS FOTOGRAFOS

Feredico Vladimir eta Pablo Lilienfeld artistek, berriz, euren amen iraganean murgilduko dute ikuslea Monica-Episodio 5: Bajo el sol cegador ekintza performatiboarekin. Bi artisten amak Argentinan jaio ziren 50eko hamarkadan, eta biek emigratu zuten Espainiara. Monica Lilienfeld margolaria zen, eta Monica Pezdircek biluzik paratzen zuen senarrak egiten zizkion argazki erotikoetan. Amek sortutako margoak eta haien argazkiak jarri dituzte erakusketan, eta horiek gidatuta, «genealogia diasporikoak» aztertuko dituzte bi artistek euren piezan.

Ainara LeGardonen Pausar pulsa izeneko lana, bestalde, soinu-instalazio baten «bilakaera performatibo» bat da. Ahots interprete batentzako eta sei bozgorailuentzako obra aurkeztuko du artistak, eta bisitariari «ahots bakar bat entzuteko eta behatzeko» gonbita luzatuko dio bere pieza performatiboan

Instalazio gisa sortu dute In between lana Itsaso Iribarrenek eta German de la Rivak, baina partaidetza dinamiko ludiko baten kutsua hartuko du obrak bi artisten ekintzen bidez. Artistek beraiek azaldu dutenez, «mutazioa, bidea, praxia edo muga» bezalako kontzeptuen gainean ardaztuko dute euren perfomancea, talde pieza batera jauzi egiteko.

Bi bideo instalazio ere ikus daitezke erakusketaren areto nagusian:Alejandra Pombo Suren No solo animal eta Pedro Barateiroren My body, this paper, this fire. Pombok bere obran oinarrituta ondu du Humedad enmudece izeneko ekintza perfomatiboa: espazio eta egoera zehatzekin lotuta dago, ahotsaren maiztasuna, bibrazioa eta intentsitatea ardatz dituena. Barateirok, berriz, ukimenaren eta zaintzaren ideia abiapuntu hartuta, bi pertsonaren arteko besarkada eta musuak irudikatuko ditu, «ikusleak agertoki distopiko posibleen barrena gidatzeko».

Lotura mekanikoak erakusketa
Lotura mekanikoak erakusketaren irudi bat. QUINTAS FOTOGRAFOS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.