Hogeita zazpi laguneko lantaldea kudeatzeko ardura dauka, hainbat arlotan banaturik. «Enpresa azpikontratatu batzuek ere zerbitzuak eskaintzen dizkigute». Ohitua dago gisako eginkizunetara Ane Rodriguez (Hernani, Gipuzkoa, 1978). Aurrez, Madrilgo Matadero proiektuan, Gaztela Leongo Musac arte garaikideko museoan eta Arco arte azokan lan egindakoa baita. Komunikazio zientzietan lizentziaduna da, Nafarroako Unibertsitatean, eta Donostiako Zinemaldian hezi eta hazi zuen ikus-entzunezko munduaren arra, han lanean aritu baitzen. Arte garaikidea den hori gertuko sentitzen du Londresen zinemaren teoria ikasketak egin eta arte galeria batean lan egin zuenetik. 2012ko ekainetik da Tabakalerako Kultura zuzendaria. Hurrengo ostiralean zabalduko ditu ateak Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Oraindik ere mailu hidrauliko, zulagailu eta abarren zaratak inguratuta lan egin behar du bere bulegoan. Irribarre txiki bat du beti ahoan.
Ardura, ilusioa, urduritasuna... Zein sentimendu gailentzen zaizu orain?
Denetik, baina ilusioa dago guztien gainetik. Ardura ere bai, baina ardura partekatu bat dela nabari dut, urte askoan arduradun asko pasatu baita proiektu honetatik; eta oraingoa guztiaren ondorio da. Eta urduritasun punttu bat beharrezkoa da aurrera joaten laguntzen baitu. Adrenalina hori izango ez bagenu, lokartuak egongo ginateke. Ilusio handia dut, baita hiritar gisa ere. Hainbeste urtez aritu gara Tabakaleraz kontuak entzuten, eta gero bertan lan egitea egokitu zaidanez...
Prozesu luze baten amaiera eta beste baten hasieratzat ikusten duzu edo continuum bat?
Hasiera berri bat izango da niretzat. Historia luzea dauka Tabakalerak; hainbat fase izan ditu. Fase horiek guztiek egun honetara ekarri gaituzte. Orain hasten da egitasmo erreala. Orain arte, saialdiak, esperimentuak, eskala txikiko probak egin dira. Baina, benetako kultur proiektu baten abiatzea osotasunean orain egingo dugu, udazken honetan.
Hain luzea izan da prozesua, eta hainbeste gorabeherakoa. Hiritarra ez al da nahasi samarrik iritsi abiatze honetara?
Bai, izan liteke, baina egia da plano teoriko kontzeptualean geratzen zarenean askoz zailagoa izaten dela hurbiltasun hori gauzatzea. Praktikan ari zarenean, gauzak ikusi egiten dira, eta ulertzen dira, modu batera edo bestera. Gustatuko zaizkizu edo ez, baina ikusi egiten da. Izan dugun galdera handiena da: «Zer demontre da Tabakalera?». Guk kontzeptualizatu dugu, teorizatu dugu, eta eskala txikian egin ditugu gauzak. Sukaldea deitu dugun programa izan da horretarako erreminta, baina nahiko ezkutuan egon da; jendearen foku guztiak eraikinean zeuden, nahiz eta obra hutsik egon. Jendearentzat, Tabakalera eraikina da. Edukiak berriro Tabakalerara ekarriko ditugu, eta espazioan zabaldu. Leiho berri bat izango dugu, eta leiho horretatik landuko dugu hiritarrarekiko harreman hori askoz gertuagotik.
Asteon bertan aurkeztu duzue: Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Etxepare Institutuak eta Kutxa Fundazioak Tabakaleran izango dute egoitza. Hiritarrak jaso duen lehen inpaktua hori da. Ez al dago arriskurik Tabakalera zenbait erakunderen kultur edukiontzi modura ikusteko batez ere?
Ezetz espero dut. Asteon prentsaurreko hori egin aurretik, beste prentsaurreko batzuk egin ditugu proiektuaren inguruan hitz egiteko. Guretzat, Tabakalera bi gauza dira bereziki. Batetik, kultur proiektua, eta, bestetik, kultur ekosistema deitzen duguna. Guretzat, garrantzitsua da ez ulertzea edukiontzi soil bat dela, non lau erakunde dauden, eta, gero, ekimen pribatuak osagarri modura. Horregatik, talde barruan pertsona bat egongo da erakunde guztion arteko harreman horiek sustatu eta kudeatzeko, programen ildoen artean sinergiak bilatzeko, eta abarrretarako. Dena den, jada ari gara Filmategiarekin eta Zinemaldiarekin lanean hainbat proiektutan. Zinema areto bat ere partekatuko dugu. Etxepare ere ezinbesteko aliatua da bertan egiten diren gauzak kanpora ateratzeko orduan. Eta Kutxa Fundazioarekin bi proiektuen arteko osagarritasuna bilatzen ari gara.
Oso ildo jakina duten erakundeak dira. Nola eragin sinergia horiek?
Pixkanaka egingo dugu prozesu hori. Lehena izango da bakoitza eraikinera iristea eta kokatzea. Filmategiarentzat, izango da duena erakusteko pantaila bat izatea behingoz; Kutxarentzat, bada proiektu berri bat egiteko lekua. Udazkenean inplementazio hori egitea izango da garrantzitsua, eta, ondoren, lantaldeko pertsona horren bidez, urteari begira ditugun helburuak partekatzea, aldizkotasun batekin denok elkartzea eta abar lortu beharko da. Lehenengo, bizilagunak ezagutuko ditugu, eta, gero, egingo ditugu atariko ospakizun festa horiek.
Zenbateraino baldintza dezake Tabakaleraren jarduera finantzaketaren parte handi bat Kutxa Fundazioak egin izanak?
Kutxa Fundazioak egindako ekarpena obrarentzat zen [13 milioi eurokoa]. Hemendik aurrera egingo duen ekarpena gainontzeko bizilagunek egingo duten bera da. Dituen metro karratuen arabera —900—, gastu komunak ordainduko ditu. Kutxa egongo ez balitz, beste erakunde bat balitz, ekarpena berbera izango litzateke, ze azken finean helburua da eraikinak sortzen dituen gastu guztiak autofinantzatuak izatea.
Nola lortuko duzue autofinantzaketa hori?
Eraikinari dagozkion gastuek administrazio publikoarentzat ez lukete kosturik izan behar, hori da helburua. Horretarako erabiliko dugu guztion gastuen diru-poltsa, eta espazio batzuen alokairuak entitate pribatuentzat, eta babesleak... Horrekin guztiarekin, eraikinaren gastuari dagokiona osatua egotea nahi genuke.
Oraindik finantzaketa horren bila zabiltzate?
Bai, zaila baita lortzea. Eraikina oso handia da, gastu handiak ditugu, eta irekitzear gaude. Espazioa ezagutzeko gogoa badago, nola funtzionatzen duen ikusteko, jendeak oraindik baditu zalantzak, baina ilusioa nabari da, eta, datorren urteko udari begira, babesletzari dagokionez, pentsatzen ari gara. Oraintxe, alokairuetarako dezenteko eskaria daukagu.
Urteroko aurrekontuaren zein proportzio da finantzaketa publikoari dagokiona, eta zein pribatuari?
Finantzaketa pribatua, 1,7 milioi euro da gutxi gorabehera, eta eraikinaren urteroko gastuari erantzungo lioke. Urte bukaeran izango dugu datu konkretua. Eta, kultur proiektuari, jarduerari, lantaldeari, komunikazioari dagokiona, finantzaketa publikoaren bidez bermatuko da; 4,5 eta 5 milioi euro artekoa izango da.
Tabakaleraren beraren dinamikak gauzatzeko «malgutasunaren beharra» azpimarratu duzu behin baino gehiagotan. Malgutasun hori indefinizio edo noraez ez dadin bihur, zein dituzue oinarriak?
Malgutasunaz hitz egiten dudanean da proiektuak funtzionatzen ez badu, edo atal batek funtzionatzen ez badu, biraketa bat egiteko ahalbidea izatea. Proiektuak bi bokazio dauzka. Alde batetik, sorkuntza espazio bezala jardutea, eta bestetik, programazio publikoa egingo duen gune izatea. Bokazio horiek lau lan ardatzetan oinarrituko dira: praktika artistiko garaikideak, Hirikilabs kultura digital eta teknologiaren laborategia, Ubik sorkuntza liburutegia eta Hezkuntza proiektua. Guztiak interkonektatuak daude. Batek funtzionatzen ez badu, besteari eragingo dio. Aipatzen nuen malgutasun hori espazioaren banaketan landu dugu. Sorkuntza liburutegia, Ubik, espazio oso diafanoa da, ez dugu espazioa zatitu pladurrarekin, arkitektura efimero txikiekin espazioak sortu ditugu. Malgutasun hori hasten da espazio fisikoak ez mugatzetik, beharraren arabera mugitu ahal izateko.
Lau lan ildoetatik estrategikoki zuk zeuk zein ikusten duzu lehenetsi beharrekoa?
Kultura garaikideko sorkuntza espazio bat izanik, praktika artistiko garaikideak dira lehenik bermatu behar ditugunak. Horrek ondo funtziona dezan, gainerako esparruek ere funtzionatu behar dute. Hirikilabsek funtzionatu behar du baliabide gisa, baina baita kulturaren aplikazio sozialagoak bilatzeko orduan ere; hezkuntza behar dugu gertatzen den guztia jendeari hurbiltzeko, eta sorkuntza liburutegia, hainbat esparru irekitzeko, bertan ematen dena testuinguruan kokatzeko.
Hainbeste alor ditu Tabakalerak. Kalostrarekin, San Telmo museoarekin edo Koldo Mitxelena kulturunearekin talka egitea saihesteko zein protokolo dituzue?
Oraingoz, informalak dira guztiak. Guztiekin dugu harremana, elkar ezagutzen dugu, ezagutzen ditugu programazioak. Esaterako, Kalostra eskola esperimental bat da. Kalostrak espazio bat eskaintzen dio sortzaileari denbora luzez, lau hilabetez, erritmo pausatuan pentsatzeko, adierazteko... Guk hori ez daukagu, horren osagarri izan gaitezke, eta izango gara. Espazio lagapenak egingo ditugu proiektu jakinak garatzeko. Hau da, Maider Lopezek baldin badauka erakusketa Koldo Mitxelenan eta behar badu espazio bat bertan erakutsiko duen instalazio bat muntatzeko, bada, hemen izango du. Gurea produkzioari lotutako espazioa da. San Telmok eremu tematiko asko jorratzen ditu, baina gehiago fokalizatzen du bere lana gizartean, nahiz eta badituen arte garaikideko erakusketa batzuk ere. Gurea sorkuntzara oso bideratua dago eta bokazio esperimentalagoa du. Eta Koldo Mitxelena kulturuneak egiten dituen hainbat erakusketak ondo funtzionatuko luke hemen ere, baina beste batzuek ez. Badu arlo oso garaikide bat, baina beste batzutan ez hainbeste.
Kultura da oinarri nagusia Tabakaleran. Baina ez bakarra. Izango dira lokal komertzialak ere. Kafetegi bat, jatetxe bat eta hotel bat esaterako. Finkatua dago zer modutara kudeatuko diren?
Lizitazio bidez atera dira hiru espazioak, behar jakin batzuk jarrita. Kafetegia abenduan jarriko da martxan. Jatetxea, azaroan, eta hotela, berriz, otsailean. Hotelari dagokionez, atera genuen lizitazioa oso generikoa eta irekia zen, baina eskatzen genuen 7-8 apartamentu izatea guk kudeatzeko nolabait. Artistekin egingo ditugun egonaldietara bideratuko ditugu. Deialdiaren arabera, hemengoak eta atzerrikoak izan daitezke artistak. 2.300-2.500 metro koadro izango ditu hotelak, eta gainerako logelak libreak izango dira. Bi enpresak egin dute bat, eta Nuevos Espacios Habitables izenarekin kudeatuko dute hotela. Kafetegia kudeatuko duen enpresa Integrity da, eta jatetxea eramango duena Berritxope.
Kultur jarduerarekin loturarik izan dezaten saiatuko zarete?
Bai. Kafetegiak nahiko ondo ulertu du non dagoen, eta oso jarrera irekia du. Jatetxeak ere ekarpen kultural bat egin nahi du, ez gauero, baina bai noizean behin programazio bat eginez beraien espazioan, eta egonaldian dauden artistak hotelean izango dira. Ekosistemaren parte izan daitezen, abiapuntua badugu, baina landu egin beharko da bai.
«Arte lengoaiak eta narratibak hiritarrengana gerturatzeko» asmoa azaldu duzue. Ekosistema, sinergia, interaktibitatea, eta gisako kontzeptuak oraindik arrotz zaizkio hiritarrari?
Egia da batzuetan lengoaia arrotza izan litekeela, baina azken finean saiatzen gara hitz berriak txertatzen kultur eremura, hain zuzen ere, kontzeptuak argiago ulertzeko. Naturan pentsatzen badugu, denok ulertzen dugu ekosistemak zer esan nahi duen, hori kultur eremura eramatea da metafora bat egitea. Badirudi hitzak asmatzen ditugula, baina ez da hala, isla bat baino ez da. Baina, bestalde gerturatze hori gorpuzteko daukagu hezkuntza proiektua, hain zuzen ere, harremanak garatzeko helburuarekin. Duela bi urte jarri zen martxan. Auzoarekin, ikastetxeekin egin dugu lan. Helburu nagusia da erakusketaren edukiak gerturatzea, eta, horretarako, bisitak antolatuko ditugu hainbat modutan. Nahiz eta gai batean jakituna ez izan, ikasteko prest dagoen edonorentzat irekia egongo da Tabakalera. Bestalde, familientzako programak egongo dira, baina betiere praktika artistiko horietatik abiatuta. Elkarteekin eta kolektiboekin ere elkarlana sustatuko dugu. Gerturatze hauek egitea oso garrantzitsua da ikusteko artearen bidez zein gauza egin litezkeen sozialki. Irailaren 11n zabalduko dugu Tabakalera, baina irailaren 8tik 10era bitartean bisitak izango dira aurreikuspegi bat edukitzeko, eta, datozen hilabeteetan, larunbatero bisitak egongo dira eraikina eta proiektua ezagutu ahal izateko.
Zer jaso duzue inguruko artistengandik, zein iritzi?
Harremana izan dugu, eta lantaldean ere artistak badira. Guretzat, oso garrantzitsua da inguruko artistekin harremanetan egotea, Tabakalerak izan behar du testuinguruan dauden artistentzako arroka baten gisakoa, babesleku bat. Badaude hainbat gauza, esaterako, sortzailearen gunea. Sortzaileen profesionalizazioan laguntzeko gune bat izan behar du. Hiru ardatz dauzka: informazio eta aholkularitza da bat. Profesionalizatua ez dagoen lanbide bat da artistarena, eta, oraindik, era askotako dudak izaten dituzte, legeari dagokienez, eta abar. Bestalde, baliabideak errazteko espazio lagapenak, audio eta bideo materialak, eta egonaldiak egingo ditugu. Eta hirugarren lerroa programazioa litzateke.
Zein epe ematen dio Ane Rodriguezek bere buruari Tabakalera ondo doala ikus dezan?
Bada, gutxienik, urtebete. Horrelako proiektuak martxan jartzea ez da erraza. Udazkena izango da espaziora moldatzeko garaia. Datorren urtea, 2016a, berezia da kultur hiriburutzagatik. Sartuko gara halako zurrunbilo eta presio batean, positiboa dena, eta 2017a izango da beste nolabaiteko normaltasun bat.
Ane Rodriguez. Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kultur zuzendaria
«Praktika artistiko garaikideak dira lehenik bermatu behar ditugunak»
Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ondoren, ostiralean zabalduko ditu ateak Tabakalerak; urtebeteko epean «martxa ona hartuta» egotea espero du Ane Rodriguez egungo zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu