Praileaizko babes eremua 50 metrora itzultzea salatu dute Legebiltzarrean

Aranzadi Elkarteak, Praileaitzen Lagunek, eta Mutriku Natur Taldeak babes esparru handiagoa eskatu dute

Lur arkeologikoz betetako galerian bertan ateratako Mustier aldiko suharrizko materiala. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.
gorka erostarbe leunda
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Praileaizko koba babesteko dekretua ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak 2007an. Orduan, EAJ zegoen boterean. Ondoren, dekretu horrek bi aldaketa izan zituen 2010ean eta 2012an, PSE-EE gobernuburu zela. Babes eremua 65 metro zen azken aldaketaz geroztik, baina dekretu hori iraungi egin da ekainean, eta berriro 2007ko egoerara itzuli da aztarnategiaren babes eremua, 50 metroizatera, hain zuzen ere. EH Bildu talde parlamentarioak galde egin zion maiatzaren erdialdean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari ea dekretu hori berritzeko eta Praileaitz oso-osorik babesteko asmorik ba ote zuen gobernuak. Uriartek esan zuen bere horretan geratuko zela dekretua. Babes perimetro hori nahikoa ez dela «beste behin» azaltzeko Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordearen aurrean agerraldia egin zuten atzo Aranzadi Elkarteak (Sonia San Jose eta Xabier Peñalver), Praileaitzen Lagunak elkarteak (Xabi Otero eta Fito Rodriguez) eta Mutriku Natura Taldeak (Iñigo Agirre).

2007ko dekretua «dagoen eta murriztaileena» da, Peñalverren iritzian, «babes perimetro txikiena izateaz gain, ez baitu hartzen kontuan mendiaren magala eta ezagunak ez diren kobazuloaren galeriak». Praileaizko koba Espainiako Gobernuak gidatzen duen Kosta Legeak babesten du egun. Kosta Lege hori ere aldatu egin du Espainiako Gobernuak oraintsu, eta 100 metroko babes eremua izatetik 20 metroko babes eremua izatera igaro da. Hori «kezkagarria litzateke oso» dekretuak mendi magala kontuan hartuko balu, «baina ez du hartzen eta horrenbestez berdin du 100 metro, 20 metro edo batere ez babestu», Peñalverrek dioenez. Kontua «geldi soilik ez», pixkanaka «atzera» egiten ari dela uste dute Praileaizko ondarea zaintzearenaldekoek.

Galeria gehiago

Praileaizko kobek ezkutatzen duten ondare guztiak kezkatzen ditu hiru taldeetako kideak, «eta ez soilik identifikatuta eta aitortuta dauden kobetako ondarea». Izan ere, Gipuzkoak Diputazioak emandako diru laguntzari esker iaz eta aurten berton egindako indusketak «emaitza aberasgarriak» izaten ari dira: «Ateratzen dugun lur kubo berri bakoitzak adierazten digu galeria berriak agertzen direla. Iaz eta aurten egin ditugun azken indusketek erakusten dute Cro-Magnonaren garaitik Neanderthaleraino joan gaitezkeela, eta 25.000 urteko aztarnetatik 100.000 urte inguruko aztarnetaraino». Galeria berri horiek ez daude aitorturik, ordea, eta «ezagutzen ez dena ezin daiteke babestu», nabarmendu du Peñalverrek.

Duela hiru egun bukatu dituzte ekainean egin beharreko indusketak eta irailean beste hamabostaldi bat erabiliko dute indusketekin jarraitzeko. Indusketa horiek lurrez beteriko galeriatan egiten ari dira, eta, besteak beste, Mustier aldiko suharrizko materiala topatu dute. Aranzadi elkarteko kideek gonbita egin diete «parlamentari berri guztiei irailean edo nahi dutenean» bisita dezaten Praileaizko aztarnategia.

Hiru taldeen agerraldiaren ondotik, EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu zuen atzo Praileaizkoaztarnategiaren babes eremua 50 metro baino handiagoa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.