Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak jakinarazi du Praileaitzeko leize-zuloaren babesa 65 metrotan finkatuko duen beste dekretu bat izateko ekinbideak abian jarri dituela bere departamentuak. Joan den astean iraungi zen 2007ko dekretua aldatzeko epea —50 metroko babesa duena— , baina Urgellek argitu du bigarren txosten bat jarri dutela abian hura aldatzeko: «Espedientea irekitzen den momentu beretik dekretu berriak, ez zaharrak, ondareari ematen dion babes osoa dago indarrean».
Urgellek Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpenok atzo, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez. Maeztuk leporatu zion Urgelli hark zuzentzen duen Kultura Sailak utzi duela iraungitzen Praileaitzen kultur ondarea babesten duen dekretua aldatzeko txostena. «Zergatik artxibatu da bi urtetan zabalik egon den espediente bat? Dekretu hori ez zen serioa? Dekretu hori ez zen teknikoki egokia?», galdetu zuen Maeztuk.
Urgellek erantzun zion «prozedurazko arrazoiengatik» itxi dutela lehenengo espedientea, eta bigarrena ireki. «Badago epe bat dekretuak izapidetzeko, eta dekretuaren izapidetze hori eginda zegoenean etorri zen auzitegiko ebazpena [EAEko Auzitegi Nagusiak Zeleta enpresari kalte-ordaina (50 milioi euro eskatzen zituen) eman behar zaiola ebatzi zuen martxoan]. Analizatu genuen egoera, eta dekretuarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen, bestelakoak alde batera utzita». Dekretua izapidetzeko epea amaituta zegoela eta beste bat abian jarri dutela argitu zuen Urgellek.
Espedientea ireki zen une beretik Praileaitzek dekretu berriaren babesa duela adierazi zuen Kultura sailburuak, eta horrek hasieran planteatutako zonifikazioa eta babes erregimen bera ziurtatzen dituela gaineratu. «Interesatuta dauden guztiei jakinarazi zaie espedientea ireki dela, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Debako Udalari, baita kontzesioa duen enpresari ere».
Praileaitzen babesa 65 metrokoa dela adierazi du Urgellek
Dekretu berri baterako txostena abian jarri duela eta horrek leize-zuloa babesten duela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu