Durangoko 59. Azoka

Pradales: «Konpromisoa hartzen dut euskal kultura bermatzeko politikak aurrera eramateko»

Durangoko Azokak duen garrantzia nabarmendu dute erakundeek irekiera ekitaldian. Hiru hamarkadaz azokako zuzendari izandako Jon Irazabal ere omendu dute.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Durangoko 59. Azokako hasiera ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Durangoko 59. Azokako hasiera ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2024ko abenduaren 6a
04:45
Entzun

«Kultur eta gintza, etorri zarete?». Jaun-andreak edota andre-jaunak agurretatik kanpo gera daitezkeen guztiak gogoan hartuta, formula hori baliatu zuten atzo iluntzean Miren Amuriza eta Aner Peritz bertsolariek Durangoko 59. Azokako hasiera ekitaldian. Lumi taldearen musikak lagundu zituen emanaldian, eta, tarteka, tanta azido batzuk ere izan zituen haien umoreak. Amuriza: «Guri, jendaurrean gabiltzanetik, majak izaten, eta irribarretsu agertzen, eta posea mantentzen erakutsi digute, eta euskaltzale, gile, lari guztiok elkarren lagunak garela eman behar dugula». Peritz: «Ez al da hala?».

Durangoko Azoka sostengatzen duten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Durangoko Udaleko ordezkariak ere izan ziren oholtzan, eta guztiei esker onak emateko baliatu zuen saioa Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak. Sortzaileak, argitaletxeak, eragileak eta, aurtengo azokaren leloa gogoan hartuta —Hartzea ematea da—, arreta berezia jarri zuen hartzaileengan. «Euskal Herrian gaur egun bizi dugun sorkuntza loraldiari gogotsu erantzungo dioten zaleak behar ditugu».

«Euskal Herrian gaur egun bizi dugun sorkuntza loraldiari gogotsu erantzungo dioten zaleak behar ditugu»

NEREA MUJIKAGerediaga elkarteko zuzendaria

Omenaldi berezia izan zuen Jon Irazabal Agirre Gerediaga elkarteko kideak atzo. Durangaldeko historia sakon aztertzeaz gainera, Gerediaga elkarteko kidea eta ia hiru hamarkadaz azokako zuzendari ere izan zen. Abuztuaren 22an hil zen, eta haren ekarpena izan zuten gogoan ekitaldian. Hari eskainitako bideo bat jarri ostean, oroitarri bat eman zieten senideei. Eta, azkenean, bertan erretiroa hartu zuen arren, Gerediagan lanean hasi zenean amari azaldu zion kezka hartu zuen gogoan Itziar Irazabal arrebak. Beste lan bat bilatzen saiatuko zela esan ziola oroitu zuen, eta amari azaldu zion zergatia ere hartu zuen gogoan: «Ez dakit Gerediaga horrek eta azokak etorkizunik izango duten».

Elkarlanerako deia

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 1965ean, frankismopean, egindako lehen azoka izan zuen gogoan atzo. «Asko aldatu zaigu, zorionez, gure errealitatea». Edonola ere, euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna bermatzeko «jauzi bat» emateko beharra dagoela ere onartu zuen.

«Hitz egin eta elkarrekin bila dezagun politika publikoak nola hobetu euskarazko sorkuntza egiazki indartzeko»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek hitzaldian erreferentzia zuzena egin zien Lanartea elkarteak euskal sortzaileek bizi duten larrialdiari buruz egunotan zabaldutako koplei. «Entzun ditugu», esan zuen, eta elkarlanerako deia egin zuen. «Ondo dakigu ez dela administrazioaren ardura bakarrik, baina guri dagokigunez, elkarlanerako bidea sustatzen jarraituko dugu. Hitz egin eta elkarrekin bila dezagun politika publikoak nola hobetu euskarazko sorkuntza egiazki indartzeko». Eta bide horretan lan egiteko hitza eman zuen. «Konpromisoa hartzen dut kultur sorkuntza eta ekoizpenak bermatuko dituzten politika publikoak aurrera eramateko».

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko lehen ahaldun nagusiordea eta Ekonomia Sustatzeko Foru diputatuak ere hartu zuen hitza. Durangoko Azokari sostengua azaldu zion. «Beti egongo da azoka honen alboan, helburua partekatzen baitugu: gure hizkuntza, gure kultura sostengatu eta zaintzea».

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Durangoko Azokaren indarra urte osora zabaltzeko nahia azaldu zuen. Eta Plateruenan martxan jarri asmo duten proiektua aipatu zuen horretarako tresnatzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.