Pozaren ur sakonak

Aritz Gorrotxategik 'Uda betea' poema liburua plazaratu du, Elkarrekin. Aurreko liburuaren ildotik, idazkera argitsua bilatu du, eta itsasoa izan du elementu zentral

Aritz Gorrotxategi idazlea, atzo, Donostiako Udal Liburutegiaren atarian, Uda betea (Elkar) lan berria eskuetan hartuta. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Badu zerbait Aritz Gorrotxategik bi-arekin, bitasunarekin. Dioenez, ohartu berri da horretaz azken liburua ondu berritan: 2000n ekin zion literatur jardunari, eta 22 urteren ostean plazaratu du liburu berria; lau seme-alaba ditu, binaka etorriak; eta liburu bat idazteko gutxienez bi behar dituela pentsa daiteke, akaso. «Konturatu naiz azkenaldi luzean liburuak bizkiak edo paraleloak ateratzen zaizkidala: Zaldi hustuak (Erein, 2007) eta Hariaz beste (Erein, 2011) baziren nahiko senide; Zer egingo dugu orain opariekin? (Algaida, 2017) eta Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) azken bi ipuin liburuak ere binilo baten A eta B aldea bezala ziren...». Eta, orain, Amua-rekin (Elkar, 2019) hasitako ziklo bat borobildu eta itxi duela sentitzen du Uda betea -rekin (Elkar). Nolanahi ere, egile batek lan berri bat kaleratzen duenean, ordura arte egin gabeko zerbait edo ordura arte egin gabeko eraren batean egin behar duela iruditzen zaio, eta oraingoan argitasunari eta pozari zuzenen begiratu diela uste du. «Liburu berriak badu Amua-ko poetikaren antzik, baina liburu hau, konkretuki, pozari eskainitako lan bat dela uste dut. Pozari eta itsasoari».

Igerilari bat zuen aurreko lanak azalaren protagonista, eta kostaldeko herrixka baten postala darama berriak, lauzpabost txalupa hondarretan. Aurreko liburuan ere elementu inportantea izan baitzen itsasoa idazlearentzat, baina esangura berezia hartu dio lan berrian, eta, azaldu duenez, pandemiak ekarritako itxialdiak izan du eraginik horretan. «Itxialdia heldu zenerako, hasita nengoen liburu hau idazten, baina momentu hartan, poetikoki, itsasoak indar eta esangura handia hartu zuen nigan». Lezon bizi da (Gipuzkoa), eta ohi baino denbora luzeagoa egin zuen itsasorik ikusi gabe. Ezarian, haren irudia «barne gogoetarako eremu» bilakatu zitzaion. «Utzi ziguten lehen egunean jo nuen itsasoa ikustera, eta gero udalerritik atera ezin ginenean ere, Jaizkibelera igotzen nintzen bizikletaz, handik ikustera. Itsasoa itxialdiaren antonimoa izan da niretzat; zabala, mugagabea... Momentu hartako guztiaren kontrastean zegoena».

Horixe jasotzen du, bada, poema bildumaren sarrerarako gorde duen Albert Camusen aipuak: «Neguaren erdian, azkenean ikasi nuen nire baitan uda garaiezina zegoela». Gorrotxategi: «Irakurri nuenean ikusi nuen elementu garaiezinik bada, hori uda dela: giro atsegina, eguzkia, argia, itsasoa...». Aisialdiarekin, lagunartearekin, eta Mediterraneoko eta kostaldeko beste zenbait lekutako aipamenekin batera, horiek datoz Uda betea-n.

Pavese, Machado, De Mello

Izenburu gabeko hiru ataletan egituratu ditu poemak autoreak. Denera 26 ale dira, eta lau orrialde pasa hartzen dituenik ere bada. Atzetik aurrera, hirugarrenean, «pozaren aldeko aldarria» zuzenen egiten dutenak apailatu ditu; erdikoan, poeta kutunei egindako omenaldiak; eta, lehenengoan, biak uztartu ditu, ondotik datorrenaren aurkezpen modura. Himnoa da guztietan lehena, eta Horacioren carpe diem-en bertsio gaurkotutzat jo du egileak. «Orainari heltzeko dei bat». Hala hasten da: «Sexua aldatu du neguak,/ eta uda bihurtu da./ Iragaz ditzagun hildakoak,/ eta ardo gorri gisa edan/ kendu ziguten guztia:/ ez da berriz itzuliko».

Idazkera aldetik, hizkuntzaren doitasunaren eta argitasunaren aldeko hautua berretsi du Gorrotxategik lan berrian. Amua kaleratu zuenean, ia ura bezainbat, «irrist» egingo zuen estilo bat defendatu zuen, eta oraingoan hautu hori «harago» eramaten ahalegindu dela azaldu du. «Idazkera argia izateak ez du zertan esan nahi izan erraz idatzitakoa denik; prosodia eta erritmoa asko landu ditut bilduma honetan». Eta zinemarekin egin du alderaketa: «Pelikuletan gertatzen den bezala da: gauza batzuk oso erraz ikusten dira, baina lan handia izaten dute atzetik».

Bizipenetatik gertu idazteko hautua mantendu du lan berrian ere, eta «bitxia» egin zaio, esaterako, Jaizkibelera igo, petroliontziak uretan ikusi, adineko bikote bat paseoan... eta paisaia hartatik orain asko «betetzen» duen poema bat atera izana. Edo lagunarteko afari bat izatea orain Sobiet Batasuna deitzen den poema baten atzean, besteak beste.

Antonio Machado, Cesare Pavese, Franco Battiato, Sophia de Mello, Maria Zambrano, Ana Moura, Xabier Lete... gertuko sentitzen dituen poeta eta musikariak omentzeko ere baliatu du liburua Gorrotxategik, eta Paveseren ideia batekin kokatu du egindako lana. «Esaten du [Pavesek] bi poeta mota daudela: esploratzaile-pioneroa eta epigonoa. Lehenak lurralde bat deskubritu, ustiatu, eta gero alde egiten du; eta epigonoak, berriz, besteak deskubritutako lurraldean etxea, soroa... jartzen ditu, eta hango ohituretara moldatzen da. Bitasun horretan, niretzat liburu hau kanpamentua jasotzeko momentua izan da, pozaren sakontasuna, sakratutasuna erreibindikatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.