Power soulez eta doinu dantzagarriz osatu du Triz3psek disko berria

«Zaharra eta berria» uztartzeko, 'EP' CDan sei abesti grabatu dituzte, baita biniloa ere horietako laurekin

Javi P3z gitarrista eta Oriol Flores bateria jotzailea, EP lan berriarekin eskuetan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Euren bigarren lana eman du argitara Donostiako Triz3ps taldeak: EP. Sei abesti grabatu dituzte CDan, eta horietako lau hamar hazbeteko biniloan ere atera dituzte. Biak batera jarri dituzte - salgai, «zaharra eta berria» uztartzen dituen formatuan, Javier Vicente Calderon Javi P3z-ek azaldu duenez. Taldeko abeslaria eta gitarrista da bera. «Entzuteko, sentitzeko eta dantzatzeko musika» gisa definitu du diskoa aurkezpenean. Aurreko lanean bezala, power soula jorratzen dute, funkya, rocka eta bestelakoekin uztartuta.

P3zez gain, Oriol Floresek bateria jotzen du Triz3psen, eta Alberto Boschek baxua. Zuzenean, San Martin teklatu jotzaileak eta Luis Camino perkusio jotzaileak ere jarduten dute. Zuzenean daukaten «bat-batekotasuna» nabarmendu du Floresek. Horrek elkarrekin «oso ondo» jardutea ahalbidetzen dio hirukoteari,bakoitzak bere ekarpenak eginez, Floresen ustez.

«Hasierako asmoa sei abesti grabatu eta binilo formatuan argitaratzea zen», azaldu du P3zek. «Diskoa ere ateratzeko esan zigun Syntorama Management agentziak; hara jo nuen ideiarekin. Badirudi ez dela jende guztiarengana iritsiko diskoa ere atera ezean». Dena dela, formatu digitalaren eraginez CDaren garaia bukatzen ari dela begitantzen zaio, biniloarena ez bezala. «Zerbait berezia egin nahi genuen; musikazko objektu bat sortu, etxean espazio bat hartuko duena eta edukitzeko ederra izango dena».

Hitzei dagokienez, hausnarketarako egin dituztela esan du, baina betiere «baikortasuna» transmititzeko nahiarekin. «Artista edo sortzaileak ardura bat dauka: esperantzak bilatzea, argitasunak topatzea itzalen artean», abeslariaren berbetan.

«Aurreko diskoan ez bezala, ez dira nik eramandako ideiak eta guztion artean muntatu ditugunak. Oraingoan, aurreko diskoaren zuzenekoak entseatzen genituen bitartean sortu ditugu». Paul San Martin teklatu jotzailea ere sorkuntza prozesuan erabat murgilduta egon dela azpimarratu du P3zek. «Taldeko beste bat da».

Orain diskoaren aurkezpen biran murgilduta dabiltza. Bihar bertan Donostiako Le Bukowsky tabernan joko dute, 20:30ean hasita. Biran «oso pozik» dabiltzala esan du Floresek, baina kezkatuta agertu da hainbat aretoren egoeragatik. «Jende gutxi joaten da aretoetara. Kontzertuetako sarrera musu truk jarri arren, batzuetan ez da ia jenderik hurreratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.