Musika - Literatura

Pott banda berriz bildu da, Bilboko sorlekuan

Joseba Sarrionandia idazleak 'Hautsi da Anphora' emanaldian parte hartu du, Loraldia jaialdian.

Atxaga, Ordorika, Iturralde eta Sarrionandia, atzo, Bilbon. LORALDIA
2022ko martxoaren 11
21:57
Entzun

Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan heldu da Hautsi da anphora emanaldia Bilbora. Ruper Ordorikak 1980ko bere lehen disko hori goitik behera jo du, Bernardo Atxagaren irakurraldi tartekatuekin. Pott Bandako kide izan ziren bi horiez gain, taldeko kide izan ziren Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde Jimu idazleak ere bertan izan dira.

Joan den igandean hasi zuten Ordorikak eta Atxagak diskoa gogoratzeko emanaldi bira, Senperen (Lapurdi).

Atxagak 1978an argitaratu zuen Etiopia lehenengo liburua, eta hango testuak oinarri hartuta osatu zituen abestiak Ordorikak, 1980an, bere lehen diskoa egiteko. Gaur, literatura eta musika batu zituen Pott talde hura berriz elkartu da, hamarkada asko, ihesaldi ikusgarri bat eta erbeste luze baten ostean.

Jatorrira itzuli ziren gainera. Pott bandako kideek Arriaga antzokian egiten baitzituzten bilkurak, eta hiriak eragin handia izan zuen poemetan, diskoan eta taldean.

Bilboko Loraldia jaialdiaren eskariz bildu dira berriz bi sortzaileak diskoa gogoratzeko, eta bost emanaldiko bira antolatu dute hurrengo asteetan Korrika kulturalaren babesean. Ibilaldi gaurkotu horren bigarren urratsa ere izan da gaurkoa.

Hurrengo emanaldia martxoaren 20an egingo dute, Eibarren (Gipuzkoa). Martxoaren 25ean Gasteizen ikusi ahalko da, eta 27an Errenterian (Gipuzkoa) egingo dute azkena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.