1
Egunaren izena
ez dakit nola zan,
bañan señalagarri
partidu bat bazan
pelotan jokatzeko
Oiartzungo plazan,
nahi det nere orduko
gertaera esan,
hurrengoan beste bat
eskarmenta dezan.
2
Partidua jokatzez
bukatu zanean,
ostatura joan nitzan
zuzen-zuzenean;
mahaiera jana ekartzen
hasi ziranean,
apaiz bat serbitzen zan
aurren-aurrenean,
sartu zan makiña bat
haren barrenean.
3
Nere ditxa guziak
badute ajia,
noski naiz Jaungoikoak
astutzat lajia;
goseak egin nuen
hango biajia,
kulpa zuenarentzat
dakat korajia,
apaiz batek jan zuen
nere potajia.
4
Zintzur ona zuela
klaro señaleak
eman zituen apaiz
barbantzu zaleak;
dozenaka tragatzen
zituen aleak,
maskatu ere gabe
tripazai jaleak,
halako aisa nola
antxoa baleak.
5
Pasatutzen zituen
igar ta ezeak;
ez ziran haren diña
zetozen klaseak;
agertu orduko zeuzkan
tripara paseak,
kortesia gabeko
txapela luzeak,
arrek nahikoa jan ta
ni berriz goseak.
6
Geroztik ostatuan
sartu ordurako,
galdea egin gabe
ez det nik faltako:
egun artan apaizik
ea dan harako,
ez apaiz jaun guziak
igualak diralako,
baizik batek beldurra
sartu ziralako.
'POTAJIARENA'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu