Literatura klasikoaren maitale porrokatua da Posy Simmonds (Londres, 1945). Haren komiki bakoitzaren atzean bilduma unibertsaleko eleberri ezin ezagunago baten arrastoa sumatzen da, eta apropos eginda dago. Disimulatzetik urrun, inspirazio iturri izan den hori agerian jarri, esplikatu eta laudatu egiten du Simmondsek, nobela klasiko jakin baten bertsio modernoago bat eskaini nahi duen egileak nola. Haatik, irudiz jantzitako bertsio bat baino zerbait gehiago da Simmondsen lana: abiapuntua aitortuta, jatorrizkoaz aparteko literatur lan bat ematen du argitara, bere horretan askea, gehienetan sarkastikoa, eta betiere komiki formatuan.
Halaxe sortu zen Cassandra Darke, izen bereko emakumearen gorabeherak kontatzen dituen istorio ilun eta gordina. Lan hori egiteko oinarria Charles Dickens idazle britainiarraren Eguberri kanta nobelak eman zion. Irakurri, bigarren aldiz ere irakurri, eta tiradera batean gorde omen zuen eleberri hori Simmondsek, bertan kontatzen dena liburuaren orrialdeetatik aska zedin eta komikigilearen gogoan su motelean egos zedin. Egosialdi horren ondorioz jaio zen, izan ere, Cassandra Darke protagonista, Eguberri kanta-ko pertsonaia nagusi Ebenezen Scrooge-ren homonimo femeninotzat har litekeena. Haren gorpuzkera taxutzeko, bere inguruko panoramari erreparatu zion Simmondsek: «Sarritan ibiltzen naiz Londresko karriketan barrena, eta Cassandraren antzeko emakume zahar asko ageri da hara eta hona, bereziki Gabon gauaren atarian, saltokiak pilatzen diren kaleetan. Infernua izaten da hura».
Baina gorpuzkerak gorpuzkera, besteak ez bezalakoa da Cassandra Darke erretxina. Haren nolakotasunak definitzen hasita, «gizena, zaharra, zakarra, berekoia, zikoitza, gezurtia, aberatsa, misantropoa eta kriminal samarra» dela dio Simmondsek berak, iaz Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdian haren ibilbidea saritu zutenean egindako elkarrizketetan. «Zorionez, ez dut halakorik ezagutu bizitza errealean», entzun liteke bideo batean, deskripzioaren amaieran.
Londresko Chelsea auzoan bizi da Darke, zortzi milioi libera ordaindutako etxean, eta, bere estatus erosoari euste alde, edozer egiteko prest dago. Bestalde, senarra zenak utzitako arte galeria galbidean jarri du, bertan egindako iruzurrak eta azpikeriak tarteko. Bere balio etikoen adierazgarri, Darkek bere buruaz dioenak balio dezake: «Munduan dabiltzan hiltzaile berrerorle guztien aldean, Edurne Zuri izan naiteke ni»; hain zuzen, haren hutsen artean ez omen dagoelako indarkeriarik edo armarik, «ez eta hilotzik ere». Ez da, baina, guztiz egia, Cassandra Darke komikian barneratu ahala ikas daitekeenez.
Bekaitz amiñi bat suma daiteke Simmondsen hitzetan, berak sortutako pertsonaiaz mintzo denean: «Bai, Cassandra gaiztoa da, baina muinean aske da; mundu guztiaz futitzen da». Emakumearen ohiko rolarekin alderatzen ditu bere pertsonaiaren aldartea eta izaera: «Bost axola zaio beti atsegin, xarmant, eder eta neurriko agertu beharra, eta hori biziki ederki dago».
Cassandra Darke Simmondsen komiki berriena da: 2018an eman zuen argitara, ingelesez, eta 2019tik aurrera hamaika hizkuntzatara itzuli zuten.
Nolako nortasuna, halako fisikoa. Simmondsen pertsonaien ezaugarriak transmititu behar duten izaeraren araberakoak izaten dira, eta xehetasunik txikienak ere badu bere arrazoia. Zirriborro kaier batean marrazten ditu lehenik, eta casting batean ariko balitz bezala definitzen ditu: «Istorioa negu gorrian gertatzen denez, Cassandrak uxanka bat darama buruan; horrek bakartu egiten du mundutik. Oinetan, berriz, bota amerikarrak daramatza, haiek ongi asko baitakite hotza zer den. Bestalde, berokiak armairu baten itxura ematen dio, zurruna eta astuna».
Gemma Bovery
Cassandra Darke pertsonaiak tipifikazio bati jarraitzen dio fisikoki; Gemma Bovery-k ez, ordea. Simmondsi munduan sona eman zion komikiaren pertsonaia nagusia da azken hori, eta Cassandra Darke-rekin gertatzen den bezala, baita komikiaren beraren izenburua ere. Baina Darkeren antipodetan dago Bovery, hala izaeraz nola itxuraz. Boveryk, ederra eta xarmanta izateaz gain, Lady Di printzesa britainiarra zenaren begirada du, egileak aitortua duenez: «Komiki hori egin nuenean Lady Di bizirik zegoen, eta oso gustukoa nuen haren soa. Behetik begiratzen zuen, ileen azpitik, eta aldez jartzen zen beti».
Ez da zaila igartzea zein den Gemma Bovery komikiaren oinarrian dagoen obra klasikoa: Gustave Flauvert idazlearen Madame Bovary. Eleberriko protagonistaren antzean, apatikoa, adulteroa eta xahutzailea da Bovery, eta kondenatuta dago amaiera dramatiko bat izatera. Pertsonaiaren bizimodua eta zorigaiztoa Frantzian bizi diren erdiko klaseko britainiarrak parodiatzeko baliatu zituen Simmondsek. Alabaina, Bovery ez zen espresuki komikirako sortu; ingeles irakurleen artean ezaguna zen lehenagotik ere: Simmondsek The Guardian egunkarian egiten zituen zintetan sail bateko protagonista bihurtu baitzuen 1999an. Ingeles hiztunentzat sail ospetsua izan zen hura, baita atzetik etorriko zena ere: Tamara Drewe(Thomas Hardyren Far from the Madding Crowd nobelan inspiratua, eta 2006an eleberri grafiko formatura eramana).

The Guardian-en ez ezik, hala The Sun eta The Times egunkarietan nola Cosmopolitan eta gisako aldizkarietan ere aritu zen Simmonds. Urte luzez landutako satira, kritika eta umorea da harena. Literatur munduari ere aparteko arreta eskaini izan dio bere prentsako zintetan. Zorrotzak eta gupidagabeak dira idazle jendeari egin dizkion parodiak: Herri txiki batera bizitzera joan, «landa blokeoari» aurre ezin egin, eta ordenagailu eramangarrian fantasia sexualak kontatzen hasten diren idazleak; edota liburuak sinatzera joan, eta irakurleen aurrean «egotitisak jota» gaitzitzen diren nobelagileak erretratatu izan ditu, besteak beste.
Londresko haustura soziala marraztuz eta heroi kondenatuak sortuz laketzen dela aipatu izan du Simmondsek. Haren jomugan, gaur egungo bizimoduaren ajeak eta erdiko klasea ageri dira gehienetan.