Posta bidezko artearen galeria

Hego Korea, Espainia eta Euskal Herriko zenbait artistaren lanen erakusketa bat egin dute Mondragon Unibertsitateko lau ikaslek. Mail Art kontzeptua hartu dute oinarri.

Between arte erakusketaren bertsio interaktibo digitala. UXUE IRURETAGOIENA.
iraia vieira gil
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Azken bi urteotan, nabarmen areagotu da arteak Hego Korean duen eragina. Koreako Kudeaketa Artistikoko Zerbitzuaren arabera, artearen tokiko merkatua hirukoiztu egin zen 2021ean, eta 88,6 milioi euro lortu zituen orduan. Galeria ospetsuek egoera aprobetxatu zuten Seulen espazioak ireki eta galeria txikiei lehia egiteko. 2001ean ireki zituen ateak, ordea, Harry Book Village galeriak (Haeori-myeon, Hego Korea) eta, herri txiki batean egonda ere, umeei eta gazteei artea hurbiltzea du helburu. Leku hori aukeratu dute Maria Bela, Uxue Iruretagoiena, Garazi Ramirez eta Javier Teja Mondragon Unibertsitateko ikasle eta Bennu Team Company-ko kideek Between erakusketa ikusgai jartzeko.

Maiatzean egin zuten erakusketa, eta Euskal Herriko, Espainiako eta Hego Koreako zenbait artistaren obrak bildu zituzten, herrialde horien artean zubiak eraikitzeko asmoz. «Kultura horien arteko lotura dela-eta aukeratu genuen izenburua», azaldu du Iruretagoienak. Jazmin Beira politikari eta ikertzailearen Cultura Ingobernable liburua izan dute inspirazio iturri, eta hortik abiatu dira No Art proiektua eratzeko. «Kulturaren berezitasuna oinarri hartuta, espazio artistiko berri eta apurtzaileak sortu nahi ditugu». Between erakusketa, kasurako.

2023. urtearen hasieran jarri zuten abian proiektua, Euskal Herrian, eta hilabete batzuk igaro ondoren eraman zuten Hego Koreara, Mondragon Unibertsitateko Leinn graduak urtero eskaintzen dizkien ikasketa bidaiei esker. «Argi genuen artearekin lotutako zerbait egin nahi genuela, baina ez genekien zehazki zer». Arteak, hain zuzen, lotura zuzena du taldekide guztiekin: tatuajeak eta marrazkiak egitea gustatzen zaio Belari; marrazkiak egitea gogoko dute Iruretagoienak eta Tejak; eta argazkilaritza da txikitatik Ramirezen zaletasuna. «Gure pasioak batu nahi genituen Hego Korean, eta hori guztia ekintzailetzarekin lotu».

Mail Art mugimenduan oinarritutako erakusketa egitea otu zitzaien orduan. «Posta bidezko trukerako nazioarteko arte mugimendua da Mail Art-a. Interesgarria eta polita iruditu zitzaigun; artea partekatzeko modu jostagarri eta ezberdina». Herrialde desberdinetako zenbait artistaren obrak lortzeko modurik errazena zela ere iruditu zitzaien. «Lan guztiak paperaren gainean egindakoak dira, baina askotariko estilokoak guztiak». Txinako tintaz egindako obrek, ur kolorez margotutako Euskal Herriko paisaiek eta baserriek, grabatuek eta collageek osatzen dute, hain zuzen, erakusketa.Carlos Corres, Noh Hyun Jong, Kim Gamin, Gorka Larrañaga, Ainhoa Martinez, Ghim Taedeog eta Marga Villaverde dira Between erakusketan parte hartu duten artistetako batzuk.

Galeria digitala

Ehun bisitari jaso ditu guztira Between erakusketak, baina 200 bisitari baino gehiago konektatu ziren horren bertsio digitalera. «Metabertsoko erakusketan, Euskal Herriko artista gehiagoren obrak txertatu ahal izan genituen». Argazki eta margolanak, gainera, tamaina handian ageri ziren, eta bideoek eta testuek laguntzen zituzten. Spatial izeneko plataformaren bitartez sortu zuten eta, bisita egiteko orduan, abatar propioa sortzeko aukera ematen zion ikusleari. «Interaktibo eta erakargarri egin genuen, eta jendeak gogoko izan zuen. Erakusketa batez gozatzeko aukera berria da, bai, baina hasieran zaila egin zitzaien bisitariei». Ekainean itxi zuten.

Egindako lanari esker, Hego Koreako zenbait artistaren lanak Arteztu (Donostia) galerian erakusteko epe luzeko proiektua garatzeko ideia dute. Between erakusketan parte hartu zuen Euskal Herriko artista batek, gainera, Harry Book Village galerian egonaldi baterako aukera izan zuen. Artearekin lotutako beste lan batzuk egitea gustatuko balitzaieke ere, gradu amaierako lana egin beharko dute hurrengo urtean, eta oraindik ez dute erabaki nondik nora joko duen bakoitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.