Pospolo kaxetan sartutako India

Nagore Legarretak 'Suzko irudiak' erakusketa ireki du Kutxa Kultur Plazan, Donostian. 2013-2017 artean Indian ateratako argazkiak biltzen ditu, pospolo kaxekin egindako kamerez ateratakoak denak

JON URBE / @FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«Ez zen nire asmoa Indiara joatea, egia esan». Lagun batek proposatu zion argazki bidaiak antolatzen hastea, eta hala hasi ziren, aldi bakoitzean hamar-hamabost laguneko taldea bilduta, argazki dinamika batzuetan oinarritutako oporraldi gisara hara joaten. «Indiak duena da, argazkigintza aldetik, herrialde esplotatuenetako bat dela; beraz, testuinguru horretan, nire erronka izan zen esploratzeko beste bide bat bilatzea». Aurretik zetorren Nagore Legarreta (Hernani, Gipuzkoa, 1981) argazkilaritzan bide berriak arakatzetik, teknika primitiboak lantzetik, baina inoiz probatu gabeko kamera bat hartuta abiatu zen Indiara: pospolo kaxaz eta koloretako karreteez eraikitako kamera batekin. «Ontziekin egin izan ditut, baina deserosoa zen bidaiarako. Pospolo kaxekin, argazkiak banan-banan egiteari utzi, eta tirada bakoitzean 25-30 egin nitzakeen, eta, gainera, koloretan». 2013-2017 urte artean egindako bidaietan 700-800 irudi inguru atera zituen Legarretak, eta haietatik 34 hautatuta osatu du Suzko irudiak erakusketa. Ez da ikusgai jartzen duen lehen aldia, baina Katapulta plataformak sustatuta heldu da orain Donostiara, Kutxa Kultur Plazara —Tabakalerako laugarren solairuan dago—. Atzo ireki zuten, eta martxoaren 8ra bitarte bisitatu ahalko da.

«Oso modu intuitiboan» sortu zen proiektua, Legarretaren esanetan. Lehen bidaiatik bueltan, bildutako material gehiena baztertu egin zuen, baina balio izan zion ohartzeko hor bazela bide bat aurretik inoiz ezagutu ez zuena. Ikusi zuen pospolo kaxak erabilita forma zehatz eta definituetatik harago zihoazen irudiak lortzen zituela, eta segitu egin zuen. Bi ahuntzi ateratako argazki bat izan zen aurrenekoetakoa. «Ohartu nintzen kamera honengandik ezin nuela irudi aratzik espero. Horko horiek bi ahuntz dira, baina irudiak badu bonba bat lehertu ondorengo tentsio hori. Eta hori eguzkiak han duen potentziarekin bakarrik lortzen da. Argiaren kalitatea oso ezberdina da». Eta, hala ere, proiektu osotik gutxien interesatu zaiona India bera izan dela uste du: «Gehiago izan da jolasteko aukera bat. Ni bezain geldigorra baldin bazara, estropezuz estropezu egiten duzu bidea; estropezu horietan gauzak gertatzen dira, eta, haserretu ordez, aukerak ikusten hasten zara».

Izenburuak aurreratzen duenez, argia da erakusketako elementu nagusietako bat. Kutxa Kultur Plazara sartu eta ezkerretan kokatu ditu argazkilariak argi aldetik «indartsuenak» diren irudiak, eta erakusketa handik irakurtzen hasteko proposamena egin du. Egunaren hasiera jasotzen dute lehen irudi horiek, Varanasi hirian ateratakoek. «Leku hori pasada bat da», dio Legarretak. «Badauka zera oso berezi bat. Eguzkia ateratzearekin batera denak juntatzen dira Ganges ibaiaren inguruan, eguneroko errutinan: joaten dira bere burua garbitzera, errezatzera, sozializatzera. Egunari, edo bizitzari, egiten zaion egun on oso potente eta kolektibo bat da, baina, aldi berean, daukazu jendea errausketa labeetan erretzen hor bertan. Kontraste oso fuertea da, eta oso modu normalizatuan bizi dutena. Bizitza, heriotza... dena bizitzaren parte dela». Batez ere, bi tonutako argazkiak daude hasiera horretan: hori-laranjak eta urdinxkak. Morerantz egiten dute hurrengoek, eta ilunenak kokatu ditu azkenetan.

Animaliak dira zenbait argazkitako protagonistak; behiak, batik bat. «Kobetako marrazki primitiboak ekartzen dizkidate gogora; beti erakarri naute asko». Baina badira emakumeak lehen lerroan datozen irudiak, kaleko jendea ageri dutenak eta herrialdeko «eszena tipikoei» beste modu batetik begiratu nahi dietenak. «Hau Taj Mahal da, baina, nolabait, atzeko atetik begiratuta bezala. Ez da garbi ikusten, baina aurrean dauden bi horiek gurpil aulkian daude». Irudi askotan «akatsak» diruditen elementuak ere badaude, baina horiek uztearen aldekoa da Legarreta. Pospolo kaxen ertzak zintarekin tapatuta egin du lan argia ez sartzeko, baina, batzuetan, istripuz sartu, eta «argi txorro batek» irudia mozten du. Goitik beherako lerro horiek erakusketaren erritmoa markatzeko ere baliatu ditu. Deskripzioak baino gehiago, «sentsazioak» ikusten ditu egileak: «Argiaren espresioan bermatutako indar bat dute». Horien ondoan, mural bat eta Legarretaren lan prozesua jasotzen duen bideo bat ere jarri dituzte ikusgai.

Disfrutatzearen arintasuna

«Txakur bat nola ateratzen den kalera edozer usaintzera, horrela sentitu nintzen han. Ederki pasatu nuen lan egiten, eta uste dut hori transmititzen dela», kontatu du argazkilariak. Ez dio «oinarri transzendental pisutsurik» antzematen erakusketari, eta helburua, hain justu, hori zela dio; sasoi bertsuan beste proiektu batekin aritu baitzen, Hysteron-ekin, eta hura bai izan baitzen sakoneko prozesu bat. «Ni emakume gisa, ni besteekiko... kokatze lan bat izan zen. Paraleloan, eskertu egin nuen honen arintasuna, kanpo begirada. Arintasunaren zentzu positiboan diot».

Erakusketaren harira, tailer bat eskainiko du Legarretak asteburuan, besteak beste, ontziekin argazki kamerak egiten ikasteko — kutxakultur.eus gunean eman daiteke izena—. «Ez zait inoiz gehiegi gustatu pastoreatzea, jendeari esatea zein den bidea, baina ez gaitezen gelditu betikoan behintzat; berdin zait digitala edo analogikoa: arakatzen saiatu behar da, ez errepikatu ja eginda dauden argazkiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.