Amaia Elizaran. Dantzaria eta koreografoa

«Posible da dantzari gisa bizitzea, baina oso ezegonkorra da»

Liam O Maonlai musikariarekin batera, 'Arima' pieza estreinatuko du bihar Elizaranek. Inprobisazioaren bitartez, ikuslearen emozioetan eta sentsazioetan eragin nahi du.

AMAIA ELIZARAN.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
3 urterekin hasi zen dantzan Amaia Elizaran (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), eta, ordutik, gelditu gabe dabil. Bere jaioterrian eman zituen dantzari gisa lehen urratsak, eta 16 urterekin Madrilera joan zen dantza garaikidea ikastera. Geroztik, hainbat konpainiarekin aritu da nazioartean, baina 2015ean jaioterrira itzuli, eta Amaia Elizaran konpainia sortu zuen. Bihar Arima izeneko pieza estreinatuko du Donostiako Gasteszenan, Liam O Maonlai musikariarekin batera.

Emozioek eragindako mugimendu eta doinu inprobisatuak izango dira Arima ikuskizunaren ardatz. Zer erakutsiko duzue taula gainean?

Konpainiaren seigarren pieza da Arima, baina aurrekoekin alderatuta, desberdina dela esan daiteke. Aurreko aldietan lana nahiko zehatza zen, eta inprobisazioak ez zuen ia lekurik hartzen. Pieza berri honetan, berriz, inprobisazioak garrantzi handia dauka, eta egin beharreko pausoak edota musika beti dira desberdinak, aldatuz doaz. Inprobisazio irekia da, baina, aldi berean, lan asko egin dugu.

Nola lantzen da inprobisazioa?

Estudioan ordu asko sartuta [barrez]. Baina, nire kasuan, gehienbat, musikaren eta mugimenduaren arteko elkarrizketatik abiatu da. Egia esan, modu naturalean sortu den pieza bat da: inprobisazioetatik atera diren emozioen eta konexioen arabera joan gara lana osatuz.

Zer transmititu nahi duzue ikuskizunaren bitartez?

Arima eternala dela uste dugu, eta piezan horrekin jolasten ahalegindu gara. Hau da, musikalki eta mugimenduaren bitartez, sarritan, ez dira esaldiak amaituko. Azken finean, gure helburua da zerbait bukatzen denean geratzen den energia hori azaleratzea. Ondorioz, Arima ikusi ondoren, airean geratzen den energia hori publikoaren buruan edo sentsazioetan geratzea nahi dugu.

Emozioek, beraz, pisu handiagoa izango dute teknikak edo formak baino.

Hori da. Saiatu gara emozioetatik mugimenduetara edo formetara iristen, eta ez alderantziz. Kasu batzuetan, pausoetatik abiatzen zara emozioetara iritsi ahal izateko, baina pieza honetan, kontrara egin dugu. Musikaren bitartez, egoera fisiko batzuetara iritsi gara, eta emozio horiek eraman gaituzte mugimendura edo formara.

Liam O Maonlai zuzenean arituko da musika sortzen. Zer eskainiko dio emanaldiari?

Konpainia jaio zen unetik, ia beti kolaboratu izan dut musikariekin. Baina, hau, zalantzarik gabe, oso berezia da, nire aurreneko nazioarteko kolaborazioa delako. Liamek eta biok 2020an ezagutu genuen elkar Galwayn (Irlanda), Europako kultura hiriburuaren barruan, eta bertan hasi ginen pieza lantzen. Liamek urte asko daramatza musika sortzen eta musikatik bizitzen; ibilbide oparoa du. Egia esan, zorioneko sentitzen naiz harekin oholtzara igotzen naizen bakoitzean; esperientzia izugarria izan da, eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Hainbat urte atzerrian eman ondoren, etxera itzuli eta konpainia bat sortu zenuen 2015ean. Zer-nolako hautua izan zen?

Ez zen aurrez planifikatutako zerbait izan; are gehiago, ez dut inoiz aukera hori izan buruan. Dantza garaikideko kontserbatorioan ikasketak amaitu ondoren, Europan zehar ibili nintzen zenbait konpainia eta proiekturekin. Baina, 2015ean, lanik gabe geratu nintzen, eta, lana aurkitu bitartean, nire kabuz zerbait sortzen saiatu nintzen. Egia esan, ez nekien gai izango nintzen ala ez, baina lortu nuen, eta poliki-poliki eta pausoz pauso proiektuari forma ematen joan naiz. Nik argi nuen dantzari izan nahi nuela, eta ez nuen planteatu ere egiten konpainia bat sortzea.

Zure kasuan, atzerrira joatea beharrezkoa izan zen dantzari gisa bidea egin ahal izateko?

Garai hartan, Tolosan bazegoen aukera dantzan hasteko eta balletarekin lehen urratsak egiteko. Hala ere, momentu batetik aurrera ez nuen aukerarik izan dantza garaikidearen munduan formakuntzarik jasotzeko, eta, nire kasuan, beharrezkoa izan zen Madrilera joatea. Egia da nire belaunaldiko dantzari asko joan ginela atzerrira ikasketak egitera, baina pixkanaka ari gara bueltatzen, eta orain, Gipuzkoan, dantza garaikideko pieza asko eta kalitatezkoak sortzen ari gara. Hortaz, garai batean bai, beharrezkoa zen kanpora joatea, baina egun, nolabaiteko sare bat sortzen ari gara.

Egun, posible da dantzari gisa bizitzea?

Posible da, baina lan handia egin behar da. Oso lanbide ezegonkorra da: batzuetan emanaldi asko dituzu, baina beste batzuetan bat bera ere ez. Gainera, Euskal Herrian ez dago dantzarako zaletasun handirik, eta asko kostatzen da jendea antzokietara joatea. Oraindik ere lan asko egin beharra dago. Bizi ahal zara? Bai, baina ondo ez dakit.

Pandemia nola ari da eragiten?

Pertsonalki, gure emanaldiak ez direnez zutik egotekoak edo festa girokoak, joan den udaran, zorionez, emanaldi asko izan genituen. Eta, aurten ere, badirudi berdin jarraituko dugula. Momentuz, mantendu egin dugu lan kopurua; beraz, ezin naiz kexatu.

Pieza berri hau Dantzagunean landu duzue, eta larunbatean Gazteszenan estreinatuko duzue. Zer dira halako guneak dantzariontzat?

Dantzaguneak ematen digun laguntza ezinbestekoa da, espaziorik izan ezean oso zaila baita sortzea. Gainera, ikerketa prozesuan master klaseak, topaketak eta halakoak antolatzen dituzte, eta publikoa harrapatzeko ekintza ugari antolatzen dituzte. Sekulako lana egiten dute jendea antzokira joateko eta gure lanek oihartzuna izateko. Bestalde, Gazteszenari esker, zure lana estreinatzeko aukera duzu, eta hori ere asko eskertzen da. Sorkuntza osoan lan egiteko aukera ematen du batek, eta besteak, berriz, lana argitara emateko espazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.