J Martina

Kattalin Barcena, Ane Barcena eta Javi Jorajuria: «Popak aukera ematen dizu beste era batera konektatzeko ideia politikoekaz»

Negua hartu du ardatz J Martina hirukoteak bere bigarren disko luzea sortzeko, 'Negu gorri'. Kanta dantzagarriagoak egitea izan dute burutan, eta politikaren eta artearen arteko harremanari buruzko bilaketa izan dute sorkuntzarako motor nagusietako bat.

J Martina hirukotea. Ane Barcena, Javi Jorajuria eta Kattalin Barcena. BALAUNKA
J Martina hirukotea. Ane Barcena, Javi Jorajuria eta Kattalin Barcena. BALAUNKA
Inigo Astiz
Larrabetzu
2024ko maiatzaren 7a
20:00
Entzun

Ostiral eguerdia da, eta Larrabetzuko Hori bai gaztetxean (Bizkaia) bere bigarren diskoa kaleratu osteko biharamunaren eta hura zuzenean aurkeztu aurreko bezperaren artean dabil J Martina hirukotea. Justu astebete da Negu gorri diskoa zabaldu zutenetik, eta justu egun bete falta zaie kanta berriekin aurreneko emanaldia egiteko, 120 lagun ingururen aurrean, Barañaingo gaztetxean (Nafarroa). Berehala hasiko dute entsegua. Linbo gisako horretan hartu dute BERRIA Kattalin Barcenak, Ane Barcenak eta Javi Jorajuriak. «Urduri?». Ezetz erantzuten diote elkarri, baina izan daiteke baietz ere.

Singlez single hasi zuten bidea 2019an, 2022an eman zuten argitara Jaio naiz baina diskoa, eta emanaldiz emanaldi izen garrantzitsua bilakatu da taldearena euskal eszena garaikidean. Eta, diotenez, aldi berean zama eta pizgarri egin zaie hori bigarren laneko zortzi kantak sortzeko. Niko Bortolinik lagundu ditu ekoizpenean, eta musikariek konplexurik gabe darabiltzate ahotan —edo ia-ia— Backstreet Boys, Rosalia eta beste talde mainstream batzuen izenak, eta, era berean, une oro egin dute esplizitu mugimendu sozialistarekin duten lotura. Ez dute alferrik idatzi Fusila kantuko leloa: «Hain da polita,/ hain da polita,/ artea fusila jantzita./ Agian hau ere,/ agian hau ere/ ez da soilik musika».

Diskoak badu batasun bat. Kantak sortzen hasterako izan duzue ideiaren bat buruan?

KATTALIN BARCENA: Kontzeptua pentsatu genuen lehenengo, neguarena, negu gorriarena, eta gero hasi ginen kantak konposatzen. Negu gorriak garai gogor bat esan nahi duelako, eta grazia egiten zigulako pentsatzeak Euskal Herriko musika politikoa egin duen talderik mitikoenak ere izen hori izan zuela. Kontzeptu horretatik jaio ziren kantak. Baina gauza bat da zure intentzioa, eta beste bat gero ateratzen dena eta jendeak entzuten duena. Guk pentsatzen genuelako, bai, hau disko dantzagarriagoa eta mugituagoa zela musikalki, eta jendeak esan digu oso chill dela, eta oso aretokoa.

Minimalistagoak dirudite moldaketek eta soinuak. Aurrez hartutako erabakia izan da hori ere?

JAVI JORAJURIA: Rosalia erreferente bat izan da guretzat. Motomami diskoak, adibidez, oso elementu gutxi dauzka eta ia biluzik dago, eta gu ere saiatu gara bide horretatik joaten eta sobran dagoen guztia kanpoan uzten.

KATTALIN BARCENA: Minimala da, baina, era berean, mobida barrokoak ere sartu ditugu. Diskoa entzuten duen edonork entzungo du zelako orkestra sinfonikoak sartu ditugun: biolinak ere sartu ditugulako, eta txirulak, eta haizezko beste tresna asko ere bai. Gustatu zaigu organikoaren eta elektronikoaren arteko nahasketa hori.

J Martina taldearen 'Negu gorri' diskoko kantuetako bat: 'Paktua'.
Dantzagarriagoa dela diozue, eta hiru kantatan aipatzen duzue «dantza» hitza. Zuzenekoetan pentsatuz egin duzue hori?

ANE BARCENA: Hori eskatu digu disko honek. Orain arte egia da ibili garela lasaiago, baina beti izan dugu gogoa gauza gogorragoak egiteko, edo bultzatzen zaituztenak gehiago dantza egitera. Nik gogoa nuen.

KATTALIN BARCENA: Lehenengo diskoa atera genuenetik, jo baino ez dugu egin bi urtean, eta zuzenekoak izan dira gure proiektua bizitzeko modua, eta gure proiektuak horregatik hartu du beste forma bat. J Martinak ez zuen hartu duen forma hartuko plazetan bizi izan dugunagatik izango ez balitz. Orain, disko hau konposatu dugunean, oso presente egon da zuzeneko momentu hori, eta horrek eragin digu dantzagarriago den zerbait egiteko gogoa.

JAVI JORAJURIA: Konposatzerakoan, nik bai, nik eduki dut presente zuzenekoan funtzionatzen zuenaren eta funtzionatzen ez zuenaren arteko aldea. Hori banuen buruan. Ez, noski, zuzenekoan bakarrik pentsatuz, baina bai funtzionatzen ez duena saihesten saiatzeko.

«Gure kontzertuak oso kolektiboak dira: jendea abesten egoten da hasieratik amaierara, eta horixe nahi duzu, eta ez jendea guri begira egotea, aber zelan egiten dugun».KATTALIN BARCENAMusikaria

Bukatu ahala, zuzenekoetan ez dituzue aurkeztu kantak?

ANE BARCENA: Gogoa izan dugu, baina ez, ze, jendeak ez baditu kantak aurrez ezagutzen, ez da erraza izaten.

KATTALIN BARCENA: Gure kontzertuak oso kolektiboak izan dira, oso abestekoak, oso erritual moduko zer edo zer. Jendea abesten egoten da hasieratik amaierara. Eta horixe nahi duzu, eta ez jendea guri begira egotea, aber zelan egiten dugun.

Zama edo pizgarri egin zaizue jende hori zain egon daitekeela pentsatzea?

JAVI JORAJURIA: Biak. Ze baduzu presio bat; badakizu ziurrenik irratian atera daitekeela eta badagoela espektatiba minimo bat. Ez duzu egiten lehenengo diskoa egin genuen naturaltasun eta soltura berarekin, baina exijentzia puntu horrek bideratzen zaitu gauza berari buelta asko ematera, eta azken emaitza fintzera.

KATTALIN BARCENA: Kantak orain arte egon ez diren leku batera eramaten lagundu digu horrek. Kanta bat bera ere ez da irten hasieran demoan izan zen modura. Kanta bat baino gehiago utzi dugu alde batera, eta zerotik hasi gara.

Eta zer da zerotik hastea? Nondik hasten dira zuen kantak? Melodiatik? Hitzetatik? Erritmotik?

KATTALIN BARCENA: Areta Senosiainegaz [Ibil Bedikoa] egon ginenean Negu Gorri egiten, kuriosoa izan zen, ze guztiz aldatu den kanta bat da Negu gorri.

JAVI JORAJURIA: Eta azken momentuan! Ahotsak grabatu eta gero amaitu genuen.

KATTALIN BARCENA: Ohitura daukagu bonboetatik edo erritmoetatik hasteko, pun, pun, pun, pun, eta gero ahotsa.

JAVI JORAJURIA: Eta gero, seguruenik, erritmoa aldatu egiten dugu.

KATTALIN BARCENA: Eta Aretak esaten zigun ez ote zen hobe zerbait akustikoagoa egitea eta gero hori janztea. Eta nik uste dut ezetz. Hasieratik erritmo bat markatzeak [ukabilarekin eskua joz kolpeak markatzen ditu hitz egin bitartean] modua ematen dizu melodia sortzeko, abesteko, ikusteko kanta hori lasaiagoa edo biziagoa izango den.

ANE BARCENA: Eta musika estiloak ere baldintzatzen du asko. Ez da berdina Ibil Bedi edo gu, eta elementu bakoitzak du bere garrantzia genero bakoitzean. Nahiz eta, bueno, gure genero musikala auskalo zein den, baina gure kanta askotan erritmoak baldintzatzen du dena. Adibidez, Esku burdin kanta hasi genuen bakarrik pun, pun, pun-pun-pun, pun, pun, eta gero jada hortik aurrera. Edo Bilbo, favela funk erritmo horrekin.

J Martina: 'Esku burdin'.
Erritmoaz ari zarete, baina hiru bertsoz osatutako eta tradiziozko kantugintzaren airea duen kantu batekin hasi duzue diskoa: Negua. Aldarrikapen bat da horrekin hastea?

JAVI JORAJURIA: Ez, ez. Mugimendu logiko bat da. Kantek badaukate kutsu hori bestela ere, eta, beraz, horrek eraman gaitu era natural batean bertsoak sortzera ere.

ANE BARCENA: Gu bertsogintzatik gatoz, gainera. Ez dakit inkontzienteki egiten dugun, baina nik nabaritzen dut kanta asko daudela zortziko txikiaren neurrian, nahi barik, baina, klaro, Kattalin eta biok bertso eskolan egon gara batxilergoko bigarren mailara arte.

«Gu bertsogintzatik gatoz. Ez dakit inkontzienteki egiten dugun, baina nik nabaritzen dut kanta asko daudela zortziko txikiaren neurrian, nahi barik».

 ANE BARCENAMusikaria

KATTALIN BARCENA: Melodiek izan dezakete pop kutsu bat, edo baita kutsu komertzial bat ere, edo beste leku batzuetan egiten den musika globalizatuaren antza, baina, nahi barik ere, oso melodia tradiak ateratzen zaizkizu. Esku burdin kantan broma hori egiten genuen [euren kanta kantatzen hasi da]: «Esku burdin, egiak min:/ [eta bertso doinu baten bukaera imitatuz amaitu du] amaitu behingoz haiekin». Izan ahalko zen perfektuki bertso baten amaiera! Baina ze momentutan! Azkenean, esponja bat zara, eta hori dena hor dago.

Izan duzue buruhausterik zer musika egiten duzuen definitzeko?

ANE BARCENA: Ez, batere ez. Ez nuke jakingo esaten.

JAVI JORAJURIA: Guk diogu popa dela, baina popa zer da? Ezer ez eta dena.

KATTALIN BARCENA: Eta ez dugu bilatzen hori. Gure gustuak hain dira zabalak, gero nabaritu egiten da, diskoko kanta bakoitza mundu bat delako. Eta Verde Pratoren kolaborazioarekin egin dugun kanta, adibidez [Mendekua], super anime da. Eta gu ez gara animezaleak, baina derrepente irten da horrelako zer edo zer, eta gustatu zaigu zer forma hartu duen. Kanta horrek hasieran ematen du Back Street Boys dela, eta gero anime bilakatzen da.

Oso talde politikoa zarete, eta, agian horregatik, esanguratsua da nola aipatzen dituzuen konplexu handirik gabe pop talde oso komertzialak.

JAVI JORAJURIA: Formalki begiratzen diogu pop horri, eta gainerako musika estiloei ere bai, noski.

KATTALIN BARCENA: Aurrekoan, elkarrizketa batean, aipatu ziguten musika politikoaren ideia asko erlazionatzen dugula musika gogorrago batzuegaz eta ez hainbeste poparekin, baina uste dut popak eta erromantikotasunak eta malenkoniatsuak diren melodiek pilo bat konektatzen dutela jendeagaz eta jendearen emozioegaz.

JAVI JORAJURIA: Klaro, horretarako dago eginda.

KATTALIN BARCENA: Eta gauza politikoak esateko oso ondo konektatzen du, ze pertsonalagaz eta politikoagaz konektatzen duzu aldi berean, eta marjina ematen duzu emozionalki bizitzeko letra hori, nahiz eta ez jakin igual zehazki zertaz ari den. Popak eta halako erritmoek aukera ematen dizute beste era batera konektatzeko ideia politikoekaz. Uste dut ez direla bi gauza diferente guk nahasten ditugunak: nahastuta daude.

JAVI JORAJURIA: Musika politikoa aipatzen dugunean, gainera, normalean aritzen gara kontzienteki politikoa den musikaz, baina popa urte askotan erabili da modu politiko batean, nahiz eta agian era inkontziente batean. Oharkabean pasatzen zaigu maiz horrek daukan inpaktu politikoa.

J Martina taldearen NEGU GORRI diskoaren azala
J Martina taldearen 'Negu gorri' diskoaren azala.
Hitzetan ere nahasian doaz maiz kutsu malenkoniatsua eta zentzu politikoa. Negu gorri abestian, esaterako: «Negu gorri/ bihar berri/ hondamendia da iragarri./ Beldurrik ez,/ ihesik ez,/ gelditu zaitez nirekin mesedez».

KATTALIN BARCENA: Kanta hori pentsatuta dago industria musikalaren kontestuan. Zelai zabaletako dantzalekuak aipatzen dira, eta saiak inguruan dantzatzen. Baina idatzita dagoen bezala, eroan ahal zaitu beste leku batzuetara ere. Esplizituaren eta poetikoaren arteko jolas horretan gabiltza. «Gelditu zaitez nirekin mesedez», esaten dugunean, antolatzeko beharraz ari gara, baina, nahiz eta ez dagoen horrela pentsatuta, izan daiteke pertsona batek beste pertsona bati esan ahalko liokeen zerbait ere. «Gelditu zaitez nirekin, mesedez». Hori esaten dutenak komunistak badira, ba, imajina dezakezu zer esan nahi duen, baina marjina uzten du bestea ere ulertzeko.

«Last Tour zirkuitu alternatibo guztiak izorratzen ari da. Jendea esplotatzen dabiltza. Industria guztiz ustel bat ari dira lurreratzen Euskal Herrian. Dena monopolizatzen ari dira. Benetan da munstro bat». KATTALIN BARCENAMusikaria

Eta zein dira industria musikaleko sai horiek?

KATTALIN BARCENA: Ba, adibidez, Last Tour. Egon ahal diren zirkuitu alternatibo guztiak izorratzen ari dira. Jendea esplotatzen dabiltza. Industria guztiz ustel bat ari dira lurreratzen Euskal Herrian. Dena monopolizatzen ari dira, bai musikariak eta bai zirkuitua. Benetan da munstro bat. Espekulatzaileak dira, eta eredu hori bultzatzen duten gobernuen eta instituzioen erabateko babesa dute. Arriskutsua da hori.

Eta nola egiten duzue giro horretan zuen bidea? Edo nola egin asmo duzue?

JAVI JORAJURIA: Zirkuitu ofizialetatik ateratzea zaila da, baina guk baditugu muga batzuk. Guk bakarrik ezin diogu horri aurre egin, hori argi dago. Hautu pertsonaletan geratzea ez da nahikoa, eta guk, J Martinak, esatea ez dugula BBK Liven joko, adibidez, ondo dago, eta eskatu digute eta ez dugu jo, baina, horretaz aparte, egoera horri aurre egiteko ezin dugu ezezko posizio hutsean geratu. Horregatik, gure hautua da zirkuitu berriak potentzialki sortzea, ez bakarrik Last Tourren esparrutik kanpo, erlazio ekonomikoetatik kanpo ere bai, ahal den heinean eta momentu bakoitzean ahal den moduan. Gure hautua da antolatzea horri aurre egiteko, baina ez pertsonalismotik, baizik eta modu antolatu batean.

KATTALIN BARCENA: Guk ezetz esatea... izan daiteke hautu bat inguruan kontzientzia zabaltzeko, baina ez du inongo eragin negatiborik inguruan. Baina ondo dago, igual, normalizatzea Last Tourren eta makrofestibalen aurkako jarrera bat, eta salaketa jarrera bat. Horregatik, guk asko baloratzen dugu borondate politikotik sortzen diren espazioetan jotzea, eta beste logika baten barruan sortuko den jardun musikal horretan jartzea indarra, eta gure proiektua apur bat bideratzea bide hori babestera. Horregatik da aurkezpena Barañaingo gaztetxean.

«Musikaren helburua ez da musika bera: guk musika tresna modura ulertzen dugu, mugimendu politiko bati ekarpena egiteko, eta, beraz, ez dugu ulertzen intentzio iraultzailerik gabeko musika». JAVI JORAJURIAMusikaria

Fusila kantako leloa ere intentzio deklarazio bat da. «Hain da polita,/ hain da polita,/ artea fusila jantzita./ Agian hau ere,/ agian hau ere/ ez da soilik musika».

JAVI JORAJURIA: Musika ez da bakarrik musika. Musikaren helburua ez da musika bera: guk musika tresna modura ulertzen dugu, mugimendu politiko bati ekarpena egiteko, eta, beraz, fusilik gabeko musika edo intentzio iraultzailerik gabeko musika guk ez dugu ulertzen.

KATTALIN BARCENA: Gure borondatea da ekarpena egitea izan daitekeen edo izan daitekeela uste dugun iraultza prozesu bati. Gauzarik pertsonalena hori da. Guk egiten duguna ezingo genuke ulertu ez badoa horri lotuta. Artearen eta politikaren arteko harremanean egiten dugun bilaketa hori da gure proiektuaren benetako motorra. Bilaketa horretan murgiltzea da guretzat interesanteena.

JAVI JORAJURIA: J Martinan, jaio ginenetik, badago gure nahi politiko horiei babesa ematen dien oinarri politiko bat, antolakuntza politiko bat, orain dabilena Euskal Herrian justu guk babesten dugun hori aurrera eramaten. Hori daukagu oinarri modura gure ekarpena egin ahal izateko. Mugimendu sozialistarik gabe, igual, egin daitekeen ekarpena sutsua izango da, baina hutsala izan daiteke.

Babes politiko horretaz aparte, Merina Gris taldearekin ibili zineten biran, eta disko honetan Ibil Bedi taldeko Areta Senosiain eta Verde Pratoren kolaborazioak ere badaude. Musikalki ere eszena bat sentitzen duzue inguruan?

KATTALIN BARCENA: Nik esango nuke baietz. Oso momentu musikal interesgarrian dago Euskal Herriko eszena. Azkeneko bost urteetan erreakzio handi bat egon da orain arte hemen egon denarekiko, eta talde asko sortu dira konplexurik gabekoak. Bai estiloz, bai egiteko moduz, oso desberdinak gara, baina gauza asko ditugu komun, eta elkarrengan eragin handia daukagu. Oso babestuta sentitzen gara. Are gehiago: iruditzen zaigu bizi dugun momentu interesgarri horrek ere eragiten duela gure proiektuan, eta asko edaten dugu inguruko taldeek egiten dutenetik. Aurpegirik komertzialena izan ahal duenetik undergrounderaino.

«Euskaraz kantatzeko erabakia nahiko naturala da gure kasuan, baina euskaraz gure musikagaz eta gure lengoaiagaz bat egingo duten esateko moduak bilatzea ere bada gure proiektuaren parte». KATTALIN BARCENAMusikaria

J Martina hirukotea
J Martina hirukotea, diskoaren hedapena laguntzeko ateratako argazki batean.
Euskara hutsean abesten duzue. Horrek ere badu loturarik konplizitate eta harreman sare horrekin?

KATTALIN BARCENA: Erabakia nahiko naturala da gure kasuan, baina euskarak ere parte hartzen du aipatu dudan bilaketa horretan, ze euskaraz egin diren genero musikalak oso murritzak dira, eta euskaraz sortu izan diren esateko moduak, ba, igual transformatu egin beharko ditugu guk esan nahi duguna guk esan nahi dugun moduan esan ahal izateko. Euskaraz gure musikagaz eta gure sonoritateagaz eta gure lengoaiagaz bat egingo duten esateko moduak bilatzea ere bada gure proiektuaren parte.

ANE BARCENA: Ez da bakarrik euskaraz egitea erabaki dugula, ez da hain erraza. Musika da, eta idazterakoan ere eman behar zaio buelta bat euskaraz nola idatzi, igual ez ditugulako hainbeste erreferentzia musika urbanoan. Lan bat da.

JAVI JORAJURIA: Ikusten dira erdaraz sortutako jergaren itzulpen literalak, baina ez dute funtzionatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.