Musika. LOS STEAKS. Diskoa: 'Something Special'. Diskoetxea: Discos Humeantes.

Pop melodia hauskorrak

2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Zenbait zazpi hazbeteko argitaratu ondoren, Bermeoko hirukoteak No Moon Album izeneko LPa argitaratu zuen iaz Oviedoko (Espainia) Discos Humeantes zigiluarekin. Ander Zabalak gidaturiko egitasmoaren lehendabiziko urratsak jaso zituen lan horrek, alegia, rhythm and bluesetik edaten zuen garage-punk pilula sorta. Hala ere, kostaldeko kantu idazleak betidanik erakutsi du pop joera nabarmena. Esaterako, orduak eman baititu Beach Boys-en diskografia entzuten.

Hala, aurreko lanean antzematen zen Mick Collinsen eta Johnny Thundersen itzala gainetik kendu, eta Wilson anaien Summer Days bere esparrura ekarri du disko berri honetan. Era berean, 60ko hamarkadako melodiak Captured Tracks zigilu independentearen oihartzunekin eta Zeelanda Berriko pop zertzeladekin jantzi ditu. Grabazioari dagokionez, ekoizpen ahulago baina naturalagoa erantsi dio, eta biluztasun horretan blai, kantuek gora egin dute bitsaren antzera. Horrez gain, Ibon Zelaiaren (bateria) eta Jon Regilen (baxua) lana bikain txertatu da doinuetan.

Emaitza sei pop ereserki dira, non lo-fi teknologiak eta Do It Yourself filosofiak bat egiten duten. amateurismo erakargarria isurtzen duten melodia hauskorrak gauzatzeko. Horrela, diskoa ixten duen Sunday Girls kantuak domeka goibelak argituko dizkio entzuleari. Diskoari izenburua ematen dion kantua, berriz, hit gogoangarria da, eta antzeko zerbait gertatzen zaio B aldea zabaltzen duen Full Speed doinuari.

Anderrek berak Los Steaks margolan baten gisara ikusten du: «Perkusio tribalak eta haurrentzako melodia desegituratuak plano berean, non tentsioa eta gris koloreak reverb eta delay moduan sartzen diren, koru efimeroak eta etxeko moldaketa exotikoak oreka kuriosoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.